Bere interesarengatik gaurko prentsaurrean eman duten komunikatu osoa zabaltzen dugu
“Gardatxoren izenean, doluminik beroena adierazi nahi diegu Roberto Requenaren familia eta lagunei”
“Lehenik eta behin, Gardatxoren izenean, doluminik beroena adierazi nahi diegu Roberto Requenaren familia eta lagunei, atzo arratsaldean Tafallan gertatutako ezbeharraren harira. Espero dugu guztia ahalik eta lasterren argituko dela eta egileek horregatik erantzunen dutela.
Arratsalde on guztioi eta mila esker hona etortzeagatik. Gardatxo Egunean bizitako gertakari lotsagarriak gertatu bezala kontatzeko beharra ikusi dugu, komunikabide batzuek ikuspuntu interesatu eta manipulatzaile bat helarazi dutenez. Horrela, bada, Gardatxo taldeak irakurketa hau zabaldu nahi du.
Larunbateko ekintzak Udalaren ezagutza eta onespenarekin antolatu genituen, eta Tafallako gazte askok parte hartu zuten.
Goizean goizetik herrian hara-hona zebilen polizia-kopurua neurriz kanpokoa zen. Arratsaldeko 8:30ak aldera, jaialdia giro onean eta inolako arazo edo gorabeherarik gabe egiten ari zenean, Guardia Zibilaren hainbat patruila hurbildu zen kontzertu-gunera, inolako arrazoirik gabe, ez bada bestela gertatuko ez ziren egoerak probokatu nahian.
Beste helbururik ez zuten, beraz, karpa, musika-taldeak, ekipoa eta beste gastuak ordaintzeko dirua eskuratzea ez ezik. Auto batera hurbildu ziren, non dirua kontatzen ari baitziren, eta auto barruko pertsona guztiak aterarazi zituzten, oso jarrera mehatxatzaile eta bortitzean.
Tentsioa eta beldurra medio, auto barruko pertsona bat kontrol-eremutik atera eta karpara joan zen jendea gertatzen ari zen zentzugabekeriaz ohartaraztera.
Poliziek behin eta berriz adierazi zieten autoan zeuden gazteei dirua beraientzat gordeko zutela, besteak beste, halakoak esanez: “hau jan eginen duzue” eta “lortutako dirua guk gordeko dugu”.
Hainbat udal-taldetako zinegotziri deitu zieten gazteek, alkatesari barne, eta handik gutxira Bilduko lau zinegotzi agertu ziren; egoera ez zen gehiago korapilatu, zinegotziak eta abokaturen bat han zirelako, baita kontzertuak eten ondoren karpatik atera ziren gazte guztiak ere, gehiegikeria haren lekuko izan nahi baitzuten.
Istiluak iraun zuen denbora osoan gazteek izandako jarrera eredugarria izan zen, zeren poliziak, borrak eta kaskoak soinean, kargatzeko prest egon arren, gazteek ez baitzieten kasu egin haien probokazioei, nahiz eta hori izan, hain zuzen, poliziak bilatzen zuena.
Kontzertu-eremutik joan baino lehen, poliziek mehatxu egin zieten gazteei, halako esaldien bidez: “une honetan ez gara sartuko gaztetxo asko daudelako, baina lasai egon, itzuliko gara”.
Eta itzuli ziren, bai, 6 ordu geroago, egitarauko ekintzak bukatu zirenean eta karpan guztia bildu behar zuen jendea besterik geratzen ez zenean; berriz agertu ziren, eremutik ateratzeko bide bakarra patrol batez eta furgoi batez itxiz.
Lekutik ateratzen ziren pertsona guztiak miatzen hasi ziren orduan; paretaren aurka jartzen zituzten oso modu bortitzean, uneoro jarrera txarrez, oihuez eta indarkeriaz lagunduta eta batez ere oso edukazio gutxirekin.
Une horretan, gazte batek, hasieratik bertatik abokatua zela esan eta identifikazioa erakutsi eta gero, telefonoa atera zuen zinegotziei deitzeko; poliziek orduan telefonoa oso modu txarrean kendu eta bizkarretik heldu zioten, jarraian lurrera bota eta furgoian sartu zuten, zer eta ez omen zelako identifikatu. Barruan zegoela, bultzatu eta iletik tira egin zioten, poliziek haren agiriak zituztela gogorarazteagatik.
Bukatzeko, poliziak inolako arrazoirik gabe eta neurrigabeki kargatu zuen gazteen, helduen eta baita adingabeen aurka ere; ondorioz, hainbat pertsona zauritu zituzten borrarekin eta bestelako kolpeekin.
Argi utzi nahi dugu gertaera hori beste adibide bat dela, Tafallan asteburu osoan egondako gehiegizko presentziaren beste adibide bat, eta gehiegikeria hori ez dela soilik jende gaztearen kontrakoa izan, baizik eta bidean aurkitzen zuten pertsona ororen kontrakoa. Hori guztia herritarron segurtasunaren aitzakiaz apainduta.
Iragan asteburu honetan, beraz, gertakari hauek jasan behar izan ditugu:
- Kontrol neurrigabeak herriko sarrera guztietan.
- Funtsik gabeko miaketak oinezkoei; aipatutako furgoian goitik behera biluztera ere behartu dituzte oinezko zenbait.
- Desfile militarrak herriaren erdigunean, beldurra sortzeko moduan.
- Irainak, mehatxuak, errespetu falta eta baita erasoak ere.
- Erruduntasun-presuntzioa.
- Askotariko salaketak.
Hori dela eta, Gardatxo taldeak iragan asteburuan izandako poliziaren presentzia gehiegizkoa salatu nahi du; era berean aipatu nahi dugu alkatesaren pasibotasuna, are kolaborazioa, herriaren segurtasun falta handitzea baizik ez baitzuen egin. Esan behar dugu Gardatxo eguna egin den aurreko bi urteetan ez dela inolako istilurik edo gorabeherarik gertatu.
Gehiegizko presentzia horren ondorioz, otsailaren 23an epaiketa bat eginen dute; bertan, larunbatean atxilotutako gazte abokatuaren aurka 6 hilabeteko kartzela-zigorra eskatuko dituzte azaldutako gertaerengatik. Horregatik, Tafallako herritar guztiei deitzen diegu otsailaren 21ean arratsaldeko 8etan plazan eginen dugun kontzentraziora etortzeko.
Azkenik, Tafallako gazteekiko konpromisorik sendoena adierazi nahi dugu, eta argi eta garbi esan nahi dugu poliziaren kontrol, irain, atxiloketa eta razzia guztiak gorabehera, antolatzen eta herriko gazte guztiei bestelako aukerak ematen jarraituko dugula”.
Deja un comentario