Endika Iriso
Mikel eta Igor Olite anaiak 2013tik arrautza ekologikoak ekoizten ari dira; ingurugiro, animalia zein gizakiaren ongizatearekiko konpromiso sendoarekin. Hamaika trabaren gainetik, ※lan ta lan§ eraikitako bideaz harro daude, eta transgeniko zein pozoirik gabeko hurbileko ekoizpena erabiliz (bitartekaririk barik; zuzeneko salmentaren bitartez: baserritik dendara; eta inolako produktu kimikorik erabili gabe), posible dakusate mafia agroindustrialari aurre egitea. Haien oiloek, behintzat, pozik dirudite eta zekale naturalez gain, zomorro, belar eta beste hainbat jaki gertu izateak sekulako aldea sortzen du, besteak beste, kaiolako oiloekin alderatuta.
Kontatu zidaten nola aspalditik pentsatua zeukaten elkarrekin zerbait egitea eta, kalekumeak diren arren, landa munduan sartzea erabaki zuten. Etxetik datorkie ekologikoaren defensa, eta argi izan dute beti hori dela bidea. Barraskiloekin eta mahastiekin alferrikako probak egin eta gero, arrautzen alorrean murgildu ziren erabat. Ikusi eta ikasi ostean, argi izan zuten oilategi ekologiko bat sortzearen ideia eta hiru urte eman zituzten beraien izerdiarekin eraikitzen.
BIOERAIKUNTZA OINARRI
Tafallatik San Martinerako bidean aurkitzen da haien oilategia, benetako bioeraikuntza-artelana abereen gozamenerako. Zutabeak harri eta egurrez eginak daude eta paretak lasto eta karez. Honelako eraikin batek “zapata eta kapela onak” behar ditu, hau da, oinarri eta estalki egokiak lastoa usteldu ez dadin. Diotenez, norberak eginez gero, materialei dagokienez, merkeagoa atera daiteke, baina aitortzen dute ez dela batere lan erraza. Edozein igeltserok ez luke egiten jakingo. Honetaz gain, oilategia erabat autosufizientea da. Azpiegitura elektriko guztia eguzki plakekin dabil eta, gainera, oiloen simaurraz baliatzen dira, konpostaje prozesuaren bidez, landetarako ongarria izateko, inolako errekarik kutsatu gabe.
Bi nabe dituzte, bakoitza 750 oilorekin (Lohomann Brown arrazakoak). Kanpo-guneari dagokionez, zazpi larretan txandakatzen dituzte oiloen irtenaldiak, bertako lurra eta bere elikagaiak ez izorratzeko. Etorkizunean gehiago prestatu nahi dituzte eta, egia esan, gustua ematen du oiloak hain larre zabaletan bazkatzen ikusteak.
BILAKAERA
Hasiera gogorra izan zen, orduan Nafarroan soilik bi oilategi ekologiko izan arren. Haiek egiten dute dena, banaketa barne. Garai batean Errioxaraino ere joaten ziren arren, orain Iruñerri, Zangozalde, Lizarralde eta Erdialdeko saltoki txikietan uzten dituzte arrautzak.
Guregatik balitz, dena gure herrian bertan salduko genuke, baina jendea mentalizatu behar da. Beharrezkoak ez ditugun gauzetan dirua xahutzen ohituta gaude eta elikaduran xentimo batzuk aurrezteagatik, kanpotik dakarzkiguten produktu osasungaitzak erosten ditugu
Urte hauetan eskaria handitu da eta gaur egun, Erkidego Foralean, hamar baserri inguruk ekoizten dituzte arrautza ekologikoak. Enpresa eta marka haundiak ere murgildu dira merkatu honetan. Anaiek hauen proposamen batzuk jaso izan dituzten beraien negozioan parte hartzeko, hala ere, hauen erantzuna ezezkoa izan da beti.
Itxialdialdiari dagokionez, hilabete hauetan jatetxetako eskaerak galdu dituzte, dena den, jendeak etxean askoz gehiago kontsumitu du.
EKOIZPEN EKOLOGIKOA GAUR EGUN
Hemen atzeratuta gabiltzan arren, kontsumo ekologikoa goruntza doa Europa mailan. Danimarkan esaterako, arrautzen ekoizpen guztia ekologikoa da. Eskaria dagoen leku guztietan bezala, arestian esan bezala, empresa handiek ere mokoa sartu dute mundu honetan eta, horregatik, Olite anaiek funtsezkoa ikusten dute haien lana jendeari erakustea, 0 zenbakiko arrautza guztiak ez baitira modu berean ekoizten. Horretarako orain bulego moduko bat egiten ari dira bisitak jasotzeko, asko baitira urte hauetan haien baserria ikusi nahi izan dutenak. Haien ustetan, kaiolako oiloekin aritzen direnek ere bisitak antolatu beharko lituzkete, orduan jende asko ohartuko litzateke ahora eramaten duenaz.
Amorrua ematen digu gure arrautzei ekologiko abizena jarri behar izateak. Gureak, agrokimikoak etorri arte, hemen betidanik jan izan diren arrautzak dira, naturalak. Nabe erraldoietan edo trasgenikoekin aritzen direnek jarri beharko lukete abizena, eta ez guk
Haien ametsa oiloen elikadura osotasunean bertakoa izatea liteke, baina ingurua transgenikoz beterik dago eta hau kutsakorra da. Transgenikoen inperioa gainera oso boteretsua da, paradoxikoki, produktu hauen eta industria farmazeutikoaren jabeak empresa berak dira. Zelako amarrua!
Abeltzantzari dagokionez, bi aukera ditu: milaka kilometrotara ekoizten diren pentsu eta antibiotikoen kutsaduraren baitan bizi, edo abereen berezko izaera eta elikadurara ahalik eta gehien hurbildu.
Deja un comentario