Elkarrizketa Angel Iriso “Zakirekin” 50+2 Tafallako Ikastolaren Historia liburuari buruz

Urriaren 11n, Kultur Etxean, Garcés de los Fayos ikastolaren historia biltzen duen liburua aurkeztu zen. Jende asko hurbildu zen bertara eta saio hunkigarria suertatu zen; gainera, parte hartze nabarmena egon zen.

Auzolanean eraikitako proiektua izan den arren, Angel Iriso Santos “Zaki” izan da liburuaren egile nagusia. 40 ikasturtez ikastolan lan egiten ibili ostean, aurten jubilatu da; azken urte hau liburuaren idazteari jo ta su ekinez.

Lan gogor zein konplikatuak emaitza ederra eman du, ordea. Berarekin solasean ibili gara liburuari buruz, ikastolaren egoeraren gainean, baita bere irakasle esperientziaren inguruan ere.

Idazteari dagokionez, zuk egin duzu lan nagusia, hala ere, auzolanean egindako liburua da. Nola banatu ziren erantzukizunak?

Lantaldeak sortu genituen. Jose Andueza eta Katti Iglesiasek argazki bilketa egin zuten irudiak eskaneatuz. Jokin Garate, Reyes Artuch eta Fermin Galek argazkien sailkapena eta lehenengo aukeraketa burutu zuten.

Isabel Arias facebook-eko irudiak deskargatu zituen. Bideoekin Rosa Arbona, Kontxi Aranaz eta “Marti” aritu ziren. Begoña Iriso eta Rexu Urrutia presidenteen idazkiekin ibili ziren. Maribel Lizarbek lan handia hartu zuen zerrendak osatuz.

Pili Berriok edo Maitane Fernandezek ere asko lagundu ninduten datuak argituz eta bilduz. Graciela Saint-Esteven, Jara Berrio eta Mari Jose Ruizek zuzentze lanari ekin zioten. Jose Mari Esparzak sarrera egin zuen; Doniantsu Mendiorozek, grafikoak.

Isidro Samaniegok argazkiak sailkatu eta asko pasa zizkigun…

Zer aurkituko dugu liburuan?

Ikastolaren historia jasotzen da, 1969ko udazkenetik aurtengo txupinazora arte. Non eta nola sortu zen, aldaketak, arazoak… Gauza handi zein txikiak: Legalizazioa, eraikin berriak, Nafarroa Oinezak… baina ere noiz jarri zen jantokia martxan, metodologia hautuak, uniformea, barraka, Laguneroren lehenengo irteera, Olentzero, erraldoiak, dantza taldea… Hau guztia testigantzekin indartzen da.

Presidente, zuzendari eta irakasle beterano guztiek idazki bat egin dute eta Ikastolan nolabaiteko pisua izan duten 17 pertsonen elkarrizketak ere biltzen dira.

ikastola liburua aurkezpena kultur etxean

Horretaz gain, ikasle, irakasle eta gainontzeko langile guztien zerrendak aurkituko ditugu, baita kronologia edo zenbait datu eta grafiko ere. Irudiek pisu handia dute, noski, 1.100 argazki baino gehiago daude, eta azkenik, bideo bilduma bat.

Nondik atera duzu informazioa?

Iturri nagusia akta-liburuak izan dira (20 liburu daude 2014 arte eta ondorengo aktak era digitalean jasotzen dira) baina hemerotekaz ere baliatu gara (egunkariak, aldizkariak…), baita ikastolan zeuden bestelako dokumentu edo argitalpenez ere.

Udaletxera edo Vianako Printzea bezalako erakundeetara ere jo dugu eta, horretaz gain, milaka dei, whatsapp, mezu eta elkarrizketa egin ditugu. Argazkiei dagokionez, deialdi bat egin zen familiek haien argazkiak bidaltzeko, promozio bakoitzeko bilduma bat sortuz, esaterako.

Nolakoa izan da liburu bat idaztearen esperientzia?

Liburu osoa eta landua atera nahi nuen. Aktetan agertzen diren gertaera asko nik bizi izan ditut eta hainbat gauza,  batzuentzat igual huskeria iruditu arren, niri gogoratzeko modukoak iruditzen zitzaizkidan; esaterako: garai batean patiora irten baino lehen umeen artean “fluor” banatzen genuen, Viveroan baratze bat egin genuen, Ikastolan erretzen zen (ikastetxe guztietan bezala), uniformea nola aukeratu zen… eta bestelako anekdota andana.

Hala ere informazio pila eta denbora gutxi nuen, beraz, prozesua oso gogorra izan da; gainera, ekainera arte irakasle lanarekin uztartu behar izan dut. Badakit, denbora pasa ahala, zapore ona geratuko zaidala, ilusio handiarekin egin baitut dena eta pila bat saiatu naizelako, baina momentuz ahaztu besterik ez dut nahi.

Izandako elkarrizketetan, ziur oroitzapen kuttun edo hunkigarrien testigu izan zarela. Ez da hala?

Denak oso politak izan dira, baita hunkigarriak ere. Ohartzen zara jendeak nolako ilusioa eta gogoa jarri duen Ikastola aurrera ateratzeko. Ikaragarria da, zailtasunak zailtasun, zelako lana egin den! Noski, lehenengo elkarrizketak aipagarrienak dira.

“Frankismo amaieran Tafallan proiektu asko zeuden gauzak aldatzeko, baina esango nuke horietatik guztietatik arrakastatsuena Ikastola izan dela”

German Kabarbaienena, esaterako: lehenengo presidentea izan zen eta berak mugitu zuen dena Ikastola sortzeko.

German zinta mozten. OINEZ 86

German zinta mozten. OINEZ ’86

Egungo presidentea eta ni bere Tolosako etxean izan ginen eta, besteak beste, 86ko Oinezen irekiera ekitaldian moztu zuen zinta zatia etxean gordetzen zuela ikustea oso hunkigarria izan zen.

Felix Goldaracena, Jesus Baztan, Rosa Alkorta, Mikel Frailerenak… ere bai. Hastapenetako kontakizunak harrigarriak dira.

Ibilbideari dagokionez, hasierak beti zailak dira, are eta gehiago debekuak eta zentsura tartean direnean. Zer nabarmenduko zenuke lehenengo urte haietatik?

Pentsa zein zen egoera: 1969, Franco hiltzeko oraindik sei urte falta ziren. Egia da han-hemenka Ikastolak sortzen ari zirela, baina Tafallan euskaltzaleak oso gutxi ziren, eta askotan gaizki ikusiak. Herri erabat erdalduna zen eta oso tradizionala. Apaizen eskolak pisu handia zuen, baita mojenak ere.

Euskaraz ikastea, eskola mistoa sortzea edo erlijiorik ez ematea aldaketa handiak ziren ordurako.

Metodologia aldetik ere erabat iraultzailea zen Ikastolan egiten zena. Umeei aurpegiak margotzea (“Aiba, zer, pailazoak dira ala?” Zioten batzuek), kantak eta dantzak erakustea, ongi pasatzea…praktika berriak ziren eskola munduan; hori guztia gainontzeko eskoletan ikasleak jotzea normaltzat hartzen zenean.

Zein da Ikastolaren lorpen nagusia?

Ehunka pertsona euskalduntzea, baita beste eskoletan eragitea ere euskara irakasten has zitezen. Ikaragarria da gaur egun Tafallan euskara normaltasunez entzutea eta jende askok nola baloratzen duen ikustea.

Ikastolan 1.000 pertsona baino gehiagok, neurri batean ala bestean euskara ikasi edo ikasten dute. 8 familia izatetik bi eraikin oso dotore betetzera pasa gara, hezkuntzan oso emaitza onak lortuz eta metodologia berritzaileak aurrera eramanez, halaber.

Ez hori bakarrik, euskal kultura ere bultzatu dugu: Inauteriak, olentzero, dantza taldea, euskal musika festetako barrakan… Ikastolak herriari eman diona sinestezina da.

Zure esperientzia pertsonalari dagokionez, zuk ere familian bizi behar izan zenuen tradizioarekiko haustura hori euskara ikastean, ez da hala?

Nik gogoan dut 12 urterekin edo, Madrilera joan nintzela familiar batzuk ikustera eta nire ilusiorik handiena Franco ikustea zen, etxeko txuri-beltzeko telebistan askotan agertzen zelako. Eskolapioetan ikasi nuen, nire etxean ez zen politikaz hitz egiten eta “los vascos” mendialdekoak ziren.

ikastola liburua salmenta

14 urte inguru genituenean koadrilako bat, Fermin Lizarazu, egun notarioa dena Donostian,  etorri zitzaigun esanez: “Nosotros somos vascos”. “¿Pero, qué dices?”, erantzuten genion harrituta.

Berak gutxinaka konbentzitu gintuen. “¿De donde os creéis que vienen los apellidos Iriso, Lizarbe o Lizarazu? O cuando hablamos de Beratxa o Puzilun, ¿qué idioma os parece qué es, o qué?”.

Orduan euskara gure inguruan zegoela konturatzen hasi ginen, baita gure historia eta errealitatea Francorekin izkutatu zitzaizkigula ere. Beraz euskal kultura berreskuratzen hasi ginen.

Oso gaztetxoak izanik, esaterako, Lantzeko inauteriak ospatu genituen koadrillan, panpin bat Santa Marian errez eta guzti. Hantxe zeuden “Cabezón” tronpetarekin, Alfonso Muro rekintoarekin… Euskal kantuak ere ikasten hasi ginen… Gerora nik euskara ongi ikastea erabaki nuen.

Familian hasieran kezkatuta zebiltzan, euskal gatazka politikoa present zegoelako eta garai hartan dena nahasten zelako. Baina Ikastolan lana lortu nuenean, poztu egin ziren.

Aipatu behar da, noski, sasoi hartan, nik bezala, askok egin zutela haustura hori, euskara ikasteko konpromiso irmoa hartuz.

IRAKASKUNTZA URTEAK

Jubilatu berria zara; irakasle bezala eta baita zuzendari bezala ere Ikastolaren historia barnetik bizi izan duzu. Zeintzuk izan da zure esperientzia latzena eta zein goxoena?

Latzena barne arazoak izan dira, batez ere jende ezagunarekin izan direnean. Irakasle zarenean, guraso edo ikasleekin arazoak sortzen dira batzuetan eta horrek zapore garratza utzi dit beti.

Erakundeekin izandako arazoen aurrean, ordea, ez naiz sakula kikildu, kontrakoa, beti gogoz eta gogor aritu naiz. Pozgarriena? Ikastolaren handitzea ikustea, lankide eta ikasleekin egindako harremanak, ikasleek emaitza onak lortu dituztela ikustea, eta pozik jubilatzea, lana ongi egiten beti saiatu naizela sentitzen dudalako.

Metodologiari dagokionez aldaketa handiak izan dira ikastetxean. Desberdintasun handia dago zure hasierako urtetako irakaskuntzatik gaur egungora? Zerk egin du hobera eta zer okerrera?

Ikastolan beti hurbilekoak izaten saiatu gara, ikasleekin, gurasoekin…eta horrek jarraipena du. Hala ere, irakaslearen papera asko aldatu da. Gaur egun helburua ez da hainbeste edukiak transmititzea, baizik eta taldea eramaten jakitea, ongi behatuz eta lagunduz, norberaren ezaugarri, interes eta garapena erespetatuz; taldeka sarritan lan egiten da; Informatikak ere asko erraztu ditu gauzak, lehen ez baikenuen ia materialik…

Gizartea ere aldatu da, lehen ikasle zein gurasoek gehiago errespetatzen zituzten irakasleak, nire ustez, nahiz eta zentzu horretan nik arazo handirik ez izan. Hori azpimarratuko nuke aspektu txar bezala.

Guk hasieratik ez genuen autoritarismorik nahi Ikastolan, baina gaur egun irakaslearen papera maizegi dudan jartzen da.

50+2 topaketa ikastola plazan

Negatiboa iruditzen zait hori. Irakaskuntzan denok ekipo bat izan behar dugu, hori da irtenbiderik hoberena era egokian aurrera egiteko.

Nik urte gehienetan gaztetxoekin lan egin dut. Nerabezaroa zaila da eta hori beti horrela izan eta izanen da. Berez, ikasleak beti jatorrak dira, pertsona onak, baina bakoitzak bere egoera du, bere ingurua… Familiak, adibidez, asko aldatu dira, mota askotakoak dira eta bereizketak ere ugaritu dira.

Gazteen mundua ere aldatu da, bizitzaren erronkei aurre egiteko baliabide falta dutela iruditzen zait eta antsietateak edo depresioak sortzen dira, neurri handi batean sare sozialen eraginarengatik.

“Ez gara eskola pribatu bat, herri eskola baizik, gurasoek sortua eta kudeatua, non irakasleek askatasuna duten metodologia ildoa jorratzeko”

Hizkuntzen kontua ere aldatu da: ingelesa eta frantsesa indartu dira… Euskara irakaskuntzari dagokionez, oraindik hutsunea nabaritzen dut; uste dut oraindik D ereduan hizkuntza bizia lantzeko metodologia egokirik ez dela sortu, are eta gutxiago noski beste ereduetan.

Idazketa, ulermena eta gramatikak pisu gehiena dute, baina euskara modu jatorrean hitz egiteko baliabideak falta dira.

Nafarroako Gobernuak urte askotan zehar herritarren eskariei entzungor egin ostean, azkenik, eskola publikoetan euskaraz ikasi daiteke Tafallan. Hala ere, bada jende andana seme-alabak Ikastolara eramaten jarraitzen duena. Zergatik gomendatuko zenuke D eredua D-PAI eredu publikoaren aurrean?

Argi dago lorpen bat izan dela, baina ez dira eredu berdinak. D-PAI ereduan ingelesa indartzen da eta euskara murriztu. Hori gure inguru erdaldunean oso kaltegarria da eta euskara mailan asko nabarituko da, ezbairik gabe.

Ikastolan, gaur egungo gizarte globala dela eta, edo sare sozialak direla medio,  ikasleak euskara maila onarekin  ateratzea kostatzen zaigu, lortzen badugu ere. Eta hori eskola erabat euskalduna izanik! Ikastolan, gainera, euskal kulturaz inguratuta daude umeak, guraso zein irakasleek transmititzen dutelako hori.

Beste eskola, ordea, ez da murgiltze eredua, bertan hiru eredu nahasten baitira. Giroa, oro har, erdalduna da eta euskal kultura ez dago hain present. Ez hori bakarrik, gure hezkuntza eredua oso aberatsa dela esango nuke. Metodologia berriak bultzatzen ditugu, proiektu oso interesgarriak aurrera eramanez.

Hori gutxi balitz, Nafarroako egoera politikoa aldakorra da eta nork ziurta dezake gure inguruko eskola publikoetan euskara erakusten jarraituko dela? Ikastolari eusteko momentua da, hainbeste urtetan lortutakoa ezin dugu galtzen utzi.

Publikoan ere euskara irakatsi behar dela? Noski baietz; baina, nire irudikoz, murgiltze eredua erabiliz. Gainera, “publiko” hitzaren inguruan eztabaida genezake. Publikoa ez da bakarrik ordaintzerik eskatzen ez duena (nahiz eta toki guztietan zeozer paga