12:15ean ospatuko da elkarretaratzea Tafallako plazan baina larunbatetik balkoietan ikurrak ipintzeko deia zabaldu dute

Euskal Herria Batera dinamikaren barnean mobilizazioak izango dira Euskal Herriko hiri eta herri ugaritan aurtengo Aberri Eguna ospatzeko. Antolatzaileen hitzetan, “2020ko Aberri Egun bereziak erakutsi zuen Euskal Herrian ere posible dela bateratasuna. Aski izan zen herritar talde txiki batek aukera eskaintzea, Euskal Herri osoan milaka herritarrek keinu bat batera egiteko, eta hainbat gizarte eragile, alderdi eta sindikatu ere ekimenarekin bateratzeko”.

Aurten ere balkoiak eta lehioak apaintzeko deia zabaldu dute eta igandean 12:30ean bideo bat emitituko da hiru abestirekin: Gernikako Arbola, euskaldunon ereserkia; “Txoria txori” eta Ikusi Mendizaleak. Bideoan besteak beste gure eskualdeko musikariek ere parte hartu dute, hala nola Fermin Balentzia edo Rotten taldeko kideek.