[:es]

Urriaren 24ean Mendigorrian aurkeztu zen Errigoraren “Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka” kanpaina berria. Iaz bezala, Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko produktuez osatutako hiru saski eskainiko dira azaroaren 12a arte eta auzolanari esker, jasotakoaren %25 bertako euskalgintzara bideratuko da. “Egiten duguna gara” lelo hartuta, Agerraldia egitasmoaren lehenbiziko agendarekin dator 2020ko kanpaina.

NOLA PARTE HARTU?

Hiru saski eskaintzen dira: beltza (betikoa), 50€ko balioa duena, kanpaina honetako saski klasikoa; berdea (ekologikoa), 60€ko balioa duena, produktu ekologikoz osatua; zuria (berezia), 70€koa, gutiziaz osatua.

Aurten prestatu den elkartasun planteamendu berezia dela eta, saski beltza eta Korrikaren katilua eskatuta, 12,50€ko ekarpena egingo zaio zonaldeko euskalgintzari (saskiaren balioaren %25) eta 5€koa AEKri; saski berdea eta Seaskaren egutegia eskatuta, 15€ko ekarpena egingo zaio zonaldeko euskalgintzari eta 5€koa Seaskari; saski zuria eta ereduaren haziak eskatuta, 17,50€ko ekarpena egingo zaio zonaldeko euskalgintzari eta 5€koa Sortzeni.

Eskaerak eta ordainketak online egin daitezke, errigora.eus webgunean. Internetekin moldatzen ez denak herriz herri banatzen ari diren eskuorrien bidez egin ahal izango du eskaera. Hori bai, eskaera egitean saskiak non jaso nahi diren zehaztu behar da: 200 herri baino gehiagotan zehar dauden 700 guneetako batean. Bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa beharko da jasotzera eta, aurretiaz online ordaindu ez bada, jasotzerakoan egingo da ordainketa.

EGIN HEMEN ZURE ESKARIA

AGERRALDIA

Errigoraren baitan baina bere kabuz ekiteko asmoarekin Agerraldia dinamika jaio da. Hau euskara ofiziala ez den eremuan burutuko den ekimen multzo bat da, euskarari hauspo berria emateko, erabilera sustatzeko eta euskararekiko jarrera baikorrak birsortzeko helburuarekin. Izena erromatarrek bertako lurrak izendatzeko erabili zuten ager hitzetik dator, Nafarroa hegoalde eta erdialdean kokatuko baita bere bilakaera. Garestik Kortesera eta Zangozatik Vianara, eremu periferiko hau erdigunera ekartzeko bokazioz.

Bide praktikoa egin nahi du Agerraldiak, euskarari hauspo berria emateko eta bertako euskaltzaleak izango dira protagonistak

Urritik urrira Agerraldiak euskara babestu eta sustatzen duten ekimen eta ekitaldi puntual zein iraunkorrak jasoko ditu. Aisialdian, eskaintza kulturaletan, kirol jardueretan, lan munduan, erakundeen esparruan edo hezkuntzan hizkkuntzak dagokion lekua irabazteko asmoarekin. Besteak beste, ludotekak, euskararen egunak, errelato txapelketak, lasterketak, tailerrak, erakusketak, mintzalagunak, etab. gauza aurrera eramango ditu Agerraldiak[:]