“Duela 40 urte euskara oraindik egoera honetan egongo zela esango bazenit, ez nuke sinetsiko”
UNESCOren arabera 14 egunetan behin hizkuntza bat hiltzen da munduan, 400 inguru egoera kritikoan direlarik. Gainera, antza denez, 51 dira hiztun bakarra dutenak. Euskararen egoera ez da hain dramatikoa baina azken datuek alarma pizketa ekarri dute. Herrigintzak berreskurapen lan sutsua egiten duen arren, instituzioen freno-politikak egoera larrian mantentzen du euskara. Hala ere, ausartuko nintzateke esatera hizkuntza gutxik izanen dutela euskarak bezainbeste maitale sutsu, eta Ana da haien adibide. Bera ez da sekulan munduko azken euskal hiztuna izatera iritsiko, beti egongo baita ondokoari irakasteko prest, azken 40 urtetan egin duen bezala.
1982tik AEKko irakasle lanetan ibilia, 2020an baja hartu behar izan zuen osasun arazoengatik eta bizitza osoa euskalgintzan jo ta su murgildurik egon ostean aitortzen du mingarria egin zaiola irakaskuntza lanak utzi behar izatea. Hobera joatea espero du, lehen bai lehen berriz AEK-ko lagunen konpainiaz gozatzeko.
Nola hasi zinen euskara ikasten?
78a zen eta orduan Eugenio Artieda (Eukene) herriko sendagilea zen Larragan euskaraz zekien bakarra, jatorriz Etxarrikoa zelako. Batzuk ikasteko gogoz ginen eta honen laguntzarekin “Euskalduntzen” metodoaren bidez gauza basikoak ikasten hasi ginen. Larragako batzuk (Viki, Inma…), bertako eta Mirandako apezak eta Leringo botikaria geunden han, besteak beste. “Nor-nori-nork” eta horrelakoak iristean, ordea, Eukene ez zen irakasteko gai eta lehenik Iruñara eta bigarrenik Lerinera mugitu behar izan ginen ikastera, “Jo ta ke” metodoarekin.
Zenbat kostatu zitzaizun euskara ongi menperatzea?
Hasi eta 5 urtetara EGA atera nuen, 83an. Ikasteaz gain, barnetegiek asko lagundu ninduten hitz egiteko erraztasuna hartzen.
Eta menperatu orduko irakastera pasa zinen?
Hori da, jende askok egiten zuen hori. Askotan maila bat gorago zenak hasi berriari klase ematen zion. Garai horretan militantzia handia zegoen euskararekiko eta guri klase eman ziguten gehienek, esaterako, musu-truk egin zuten. Ni Larragako gau eskolan hasi nintzen irakasten, hainbat talderekin.
Gero Berbintzanan ere emateari ekin nion, baita Azkoienen. Handik gutxira irakasleok kobratzen hasi ginen, baldintza kaskarretan bazen ere. Talde haiek astean 8 eta baita 10 orduko klaseak ematen zituzten eta kristoren aurrerakuntzak zeuden. Batzuek urte pare batetan arazorik gabe hitz egiteko gai ziren. Kontrakoz, gaur egungoei, oro har, gehiago kostatzen zaie.
Aldatu da AEK urte guzti hauetan?
Bai, asko, baliabide aldetik batez ere. Orain, informatikarekin material pila dago. Adibide bat jartzeagatik, ni hasi eta gutxira eskualdeko koordinatzaile papera hartu nuenean astero 5 orduko batzordeak egiten genituen Iruñan, orain hilean behin soilik ospatzen direlarik. Eskuz eta idazteko makinekin egiten genuen lan eta dena astunagoa zen. Hala ere, administrazio aldetik orain presio gehiago dago. Lana serioagoa bihurtu da eta irakasleek, oraindik ere perfil militante duten arren, baldintza hobeagotan egiten dute lan.
“AEK aurrera ateratzeko herriaren laguntza funtsezkoa da”

Hortaz, egoera ekonomikoa hobetu da?
Ez pentsa, beharra beti behar. Korrika ezinbestekoa dugu eta Errigora edo Euskarabidea bezalakoak dauden arren instituzioek gehiago lagundu beharko lukete. Azken 8 urtetan egon den aldaketa politikoak zentzu horretan ez du aldaketa sakonik ekarri.
Metodologia aldetik aldakuntza handiak izan dira?
Esango nuke ezetz, baliabideak bai, baina oinarria metodologia komunikatiboa izan da beti, praktikara enfokatua.
Ikasleen perfila ere aldatu da?
Hasiera batean ia ideologia kontua zen. Euskal sentimenduagatik eta euskararekiko maitasunagatik sartzen zen jendea, eta egia da ikasteko grina handiagoa zela. Garai hartako askok oso argi zuten euskaraz hitz egiten aterako zirela handik. Gero, perfil hau mantendu den arren, beste jende mota bat sartzen hasi zen, agian lan kontuengatik ikasi nahi zuena edo kuriositateagatik, baita zerbait ezberdina egiteagatik.
Dena den, gaur egun oraindik ere jende askok primeran menperatzen amaitzen du. Euskara ikasten duten ume askoren guraso asko ere badaude, haien seme alabekin etxean euskaraz egin nahi dutenak.
“Ikaragarrizko garrantzia du euskara txikitatik ikastea, heldutan askoz zailagoa egiten baita”
Zer suposatzen du AEK-k euskalguntzarako.
Bere zutabe nagusietako bat da. Hasteko, aintzindaria izan zen, lehen euskaltzaleen topaleku. Beste datu oso interesgarri bat, Ikastolekin batera Euskal Herri osoa hartzen duen elkarte bakarra dela euskalgintzaren alorrean. Zentzu hortan, Ikastolak ere funtsezkoak ikusten ditut, Euskal Herrian auzolanean sortutako hezkuntza modeloa delako. Estatuaren modelo publikoa, ordea, aldaketa politikoen menpe egongo da beti, eta hori ez da fidagarria. Hala ere bi ereduak beharrezkoak dira.
Euskararekiko pertzepzioa aldatzen joan da?
Baliteke, baina erasoek jarraitzen dute. Euskara ez da modu naturalean galdu, baizik eta modu sistematikoan erasotu zaiolako. Gezurra dirudien arren, oraindik ere jende asko dago euskara ikusi ezin duena, Larragako pintaden kasua da horren adierazle. Munduko beste inon ez da gertatuko bertako hizkuntza gorrotatzen duen jendea egotea.
AEK-k ere eraso horiek bizi izan ditu…
Garzonek bere garaian “el brazo cultural de ETA” ginela esan zuen, sekulako astakeria! Arakatutako frogak gainera txantxa ziruditen, klasean erabiltzen genituen jokoak ziren, ingelesa irakasten zuten akademietan ere erabiltzen zituztenak. Ekonomikoki itotzeko zor erraldoia sartu ziguten, mila miloi pezetakoa, eta abokatuen gomendioa jarraituz ordaindu behar izan genuen, bestela lankideak gartzelan amaituko zuten.
“Azkoiengo ikasle batek zera esan zidan: euskarak mundu berri bat erakutsi dit”

Gaurko egoerara bueltatuz, nola ikusten duzu euskara Erdialdean eta Larragan?
Nik baikorra izan nahi dut. AEK-k herri askotan taldeak atera ditu, baita Larragan ere. Gazte asko ikusten ditut euskara haien hizkuntza bezala sentitzen dutenak. Hala eta guztiz ere, alderdi espainiarrak euskara frenatzeko tematzen dira. Begira Mañerun edo Lerinen zein arazoekin dabiltzan euskara ikasi ahal izateko. Hemen, Larragan, uste dut hobera goazela. D eredua eskolan sartzea sekulako lorpena da, batez ere euskara kanpotarrengana hurbiltzeko. Hala ere, hor erronka handia dugu, kanpotar asko duen herria baikara.
Zer izan da euskara zuretzat?
Niri bizitza eman dit. Egia da maitasun honek askotan pisua dakarrela, badakizu, beti jendeari pelmada ematen, eskatzen… militantziaren gauzak. Hala ere nik beti gogotsu eta alai egin dut lan.
Lan hori behintzat errekonozitu zaizu: Korrikan, Larragan eta Tafallan omendua izan zara.
Bai eta aitortu behar dut gehiegizkoa iruditu zaidala, asimilatzea ere kostatzen zait. Jende askori eskerrak eman behar dizkiot eta ordu pila sartu ditudala egia den arren, asko eta asko izan gara horrela ibili garenak. Euskalgintza esfortzu kolektibo ikaragarria da!