Bideo bat: Arene 6 – Bandera Negra
Algortan jaio berri den talde honek gogor datorrela argi utzi du bere lehen abestien aurkezpenarekin. “Suak gugan dirau” kantaren bideoklipa atera ostean tematzar hau argitaratu zuten lyric bideo landu batekin.
Haien soinuak Brigade Loco eta Ultimo Asaltoren arteko nahasketa bat dirudi, ez dakit nola definitu… brutal oi! metaleroa baina melodía askorekin. Lehen lan luze bat atera berri dute, “Errautsetatik at” izenekoa. Hau Tafallako Pasadizo tabernan eros dezakezue 10€ren truke, ez aukera galdu ta kaleko musika sustatu!
Diska bat: Skabidean – Hiri zahar zikina
Iruñakoek, beste behin, Nafarroan azken urteotan sortu den talderik onenetariko bat (onena ez bada) direla argi utzi dute haien diska berriarekin. “Hiri zahar zikina” izeneko hirugarren lan hau letra zein doinu landuz josiriko bederatzi abesti puxkaz osatuta dago, haien berezko estiloari jarraipena ematen diotenak.
Lan luze honetan, ordea, aurrekoan baino funky eta soul printz gehiago somatzen dira, nolabait taldearen bilakaera ikustarazten dutenak. Izena, logikoa denez, abesti irlandarraren omenez ipini dute, haien Iruña maitagarri eta nazkagarriari erreferentzia eginez.
Soinua bikaina da, Kakik argi utzi du beste behin holako taldeekin arraina itsasoan bezala moldatzen dela. Diskako harribitxia, dudarik gabe, “Sortetxeari” izeneko kanta dela esango nuke. Bertan Artaxoako jota baten doinua, Iparraldeko letra herrikoi bat eta reggaea nahasten dituzte, eta gezurra dirudien arren, emaitza paregabea da. Ni txundituta geratu nintzen, a ze makinak eta zelako ahots puxkak txori beltzenak! Aupa zuek, diskazo!
Abeslari bat: Jean Mixel Bedaxagar
Zuberoako maisuetariko bat, edonor liluratzeko istrumenturik behar ez duena, bere ahotsa ez besterik. Dantzari, txirula jotzaile eta kantari: ordena horretan garatu da artista gisa Jean Mixel Bedaxagar eta, gaur egun, euskal ahozko tradizioaren ordezkari nagusietako bat dela esan daiteke, bost diska bizkarrean dituelarik.
Bere kantuek herriaz, ohiturez, amodioaz edo penaz hitz egiten dute ikuspegi erromantiko xarmant bategaz. Xaho idazlearen influentzia nabaria du baita bere idazkietan oinarritutako pastoral bat idatzi ere. Etxahun Iruri eta Etxahun-Topeten jarraitzaile bezala azaldu izan da beti. Estekan jota eder bat uzten dizuet, Iparraldeko napar puxka honek abestuta.
Bertsio bat: Hard EDM Workout – Sara Perche ti amo
Adi lehengo egunean egin nuen deskubrimenduari!! Kanal honetan abesti klasiko pilo baten dance bertsioak aurkitu ditzakezue eta, aurreratzen dizuet, batzuk pasada puta bat dira!! Berez kirola egiteko sesioak dira baina festarako musika animatua nahi baduzue sartu hemen eta flipatu egingo duzue.
Estekan sesio bat uzten dizuet baina badago hortik beste bat aerobik egiteko 70., 80. eta 90. hamarkadako abestiekin (In the navy, Mamma mia, Go west, I will survive…).
Deja tu comentario