Larraga eta Tafallakoek 13 abestiz osatutako bigarren lan luzea argitaratu dute, musika eta konposizioei dagokionez aurrera pauso nabaria azalarazten duena.
Oi! edo punkaren eraginetik haratago joan dira, haien estilo propioa garatuz beste musika moten printzekin, hala nola, folka, rock and rolla edo viking rocka.
Lau urte luze pasa dira taldea sortu eta “Oi! Baldorba” diska atera zutenetik. Argi dago doinu berriak espero baino beranduago iritsi direla, baina ezin ahaztu taldekideek gaitz handi bati egin behar izan ziotela aurre, Javi Fernandez baxujolearen heriotzari hain zuzen, eta denborak soilik sendatzen duela zauri hori.
Dena den, orbana ixten saiatzeko rokanrola izan da haien medizina, eta atzera bueltatu ezin denez argi izan dute norabidea: Aurrera!
Izena eta izana
“Aurrera” hitz klabe bat bihurtu da taldearen ibilbidean, kolpea jaso eta berriz altxatzera bultzatu duena. Horretaz gain, euskaldunon gerla oihu izan da historiako pasarte ezberdinetan zehar, horren testigu dira esaterako Radica eta bere soldaduek giristinoen aurka baioneta kargak burutzean botatako oihuak.
Portadari dagokionez, fondo ilun eta urratu baten aurrean taldearen sinboloa azaltzen da, besterik ez, argiak iluntasunaren erdian duen indarra irudikatuz. CDa liburuxka moduko batean dator, detailez beteriko ilustrazio txukunekin apaindurik. Diskaren gainbehera garaietan zerbait berria eskaini nahi zuten, prezioa garestitu den arren, jendeak estimaz gordetzeko produktu bat sortzeko helburuarekin.

Doinua eta mezua
Musikalki denetariko abestiak daude. Badira punk-rock doinu melodiko alaiak, non sionismoa, inperialismo yankeea edo pandemia mundialaren tira-birak jorratzen diren, besteak beste. Hala ere diskak puntu ilun bat du orokorrean, taldearen adierazgarri den izaera mistikoa ikustarazten duena. Mitologia, arbasoenganako gurtza, erromantizismoa edo paganismoa Ipar Europako doinuekin nahasten dituzte, rokanrolaren alorretik atera gabe.
Aipagarria da esaterako Lakubegiri, Uxuen topatutako erromatar garaiko jainko baskoiari eskaintzen dioten alabantza, metal kutsua duen abesti xelebre batean. Badira ere kantu motelak, hala nola klase borrokari eskainitako balada bat edo giza baloreen dekadentziaz hitz egiten duen beste bat, saxo eta guzti
Dena den, kopletan gehien aipatzen den gaia heriotza dela esan genezake. Bizitza aurrera doan honetan geroz eta ezagunagoa egiten zaigun kontzeptu bat, hain zuzen, bizi garela eta denak amaiera duela oroitarazten diguna. Azken rokanrola adibidez, Javiri eskaintzen diote espresuki.
Aurkezpenak
Uda honetarako lau emanaldi soilik ematea erabaki dute, formatu mugatu hau ez baidute atsegin. Iada Bilbon, Usurbilen eta Lizarran izan ziren, sarrera guztiak agortuz, eta Gasteizen emango duten kontzerturako ere lekurik ez zegoen arren badirudi edukiera handituko dutela. Uda pasata berriro taula gainean igotzeko asmoa dute, baita etxean diska aurkezteko, noski.
Deja tu comentario