Talde bat: The Pandoras
Hona hemen rockaren historiak alboratutako emakume talde bat, 80. hamarkadan Los Angelesen sortua. “The Pandoras”en historia ez da kontatzeko erraza, 1984an lehenengo diska atera eta gutxira taldea bitan banatu baitzen. Alde batetik Paula Pierce abeslari eta konpositorearen taldea eta bestetik Gwynne Kahn pianujolea zenarena (AKA Gwynne´s Pandoras), gutxi iraun zuena.
Lehenengoarena da ofizialtzat hartu izan dena, oro har. Hauek garaje punka egitetik hard rocka lantzera pasatu ziren, 1991an Paula Pierceren heriotzagatik taldeak jotzeari utzi zion arte. Estekakoa da haien single ospetsuena, “Stop Pretending”, rock komertzial kutsua duena. Hala eta guztiz ere, esan beharra dut Gwynneren taldearen abesti ugari hauenak baino gustokoagoak ditudala, gainera hasierako rolloa gehio mantentzen dute. Diska bat gomendatzekotan, bereizketa baino lehenago atera zuten “It´s about time” lehenengoa aukeratuko nuke.
Bideo bat: Makila 69 – Libre e incendiaria
Makila 69 Mexikoko bikote bat da, samplerraren soinuaz lagunduta Alas Blissett baxulariak eta Nidia Barajas gitarjoleak osatua. Ciudad Juarez eta Tijuanakoak dira, eta diotenez, “Makila” izena ipini zuten haien hirietan eta oro har Mexikoko muga inguruan mundu guztiak fabrika makilatzaileetan lan egiten duelako eta haiek musikaren bidez bertatik urrundu nahi izan zutelako.
“Do it yourself” filosofian oinarritzen dira: Independentzia eta autonomiari abesten diote, askatasunari, kontzientzia feminista argiarekin eta dena haien kabuz eginez. Bi lan luze dituzte abesti eta letra puska dezenterekin. Dirudienez orain Nidia bakarlari bezala jotzen ari da eta Bartzelonatik dabilela entzun dut. Ea hemen hurbiletik ikusteko aukera dugun…
Diska bat: Dover – Devil came to me
Askotan entzun dut diska hau eta ez naiz entzuteaz nekatzen. Lan borobila deritzot, gustora entzuten dena eta abesti guztien artean nolabaiteko lotura lortzen duena, hasieratik amaierara arte guztiz eramangarria suertatuz. Dover talde madrildarraren bigarren diska honek (1997) nazioartean famatu bihurtzea ahalbideratu zuen. Sekulako taldea izan zen, elektronikarekin burua joan zitzaien arte.
Abesti bat: Travis Birds, Benjamín Prado – 19 días y 500 Noches Después
Hona hemen bertsio xelebre bat. Travis Birds madrildar abeslariak Joaquin Sabinari 19 días y 500 Noches abestiari erantzuten dio emakumearen ikuspuntuarekin. Hain zuzen, abestiak flamenko kutsu apur batekin Sabinaren maitalearen istorioa kontatzen du, benetan originala dena. Horixe baietz! “¡Con dos ovarios!”.
Deja tu comentario