Berbaldia Joseba Sarrionandia idazlearekin

Iragan berri den urtarrilaren 21ean Ines Osinagak eta Joseba Sarrionandiak “Katuen Kontuak” ikuskizuna aurkeztu zuten Tafallako Kulturgunean.

Bertan, Gose taldeko abeslari oihak eta Iurretako idazleak musika eta literatura bateratzen dituen emanaldia eskaini zioten Tafallako herriari, ohikotzat dugun euskal musikako emanaldi eredua errotik eraldatzen duten abestiak azalduz, abestuz eta irudikatuz.

Sortzaileek adierazi zutenez, duela hamar urte Habanan jaiotako hitzek ozeano Atlantikoa zeharkatu eta Euskal Herrira heldu ziren, bertan ordura arte paperean bizi izandakoa melodia bilaka zedin.

Hura izan da, bada, Joseba Sarrionandiarekin, hots, egungo euskal idazle kanonikoetako batekin solasteko aukera eskaini digun aitzakia. Kanonikoa, noski; nahiz eta egile garakidetzat dugun, euskal kulturaren ikur gisa onartua baitu dagoeneko tradizioak Joseba Sarrionandia, klasikoekin gertatu ohi den legez.

Gogoangarria da zinez horren korapilatsua den tradizioan nabarmentzeko ahalmen hori; izan ere, bere obraz haraindi, edonorengan bereizgarri diren bizi baldintzak idazle bizkaitarraren kasuan are bereizgarriagoak baitira, gertaera historiko hurbilek tradizio horren hartzaile garen orori helarazi digutenez.

Argi dago, beraz, konplexutik zerbait izan baduela oraingo honetan Sarrionandiarengana eraman gaituen bideak; berarengandik jasotako hitzek, ordea, kultura, artea eta bizitzaren esperientzia bera modu soilean gizarteratu ditzakegula aditzera ematen digute.

Esku artean duen proiektuaren harira, poesiaren errezitazioari, ahozkotasunari eta oro har literaturaren transmisioari buruz aritu zaigu, orrialde bakan batzuetan behar den moduan jorratzeko kontu itzelegiak, alegia.

Obra

Bere obra mintzagai, une jakin honetan bere ibilbide literarioaren zein etapatan ote dagoen interesgarria gerta lekiguke bere irakurle eta bere bizitzaren jakitun garenoi, azkenaldian proiektu berritzaileetan murgilduta dagoela kontuan hartuta bereziki.

Letra guztiak haizeak ez daramatzala antzeman dut, nire kasuan behintzat, idatzitakoak helmugarik baduela gizabanakoengan

Sarrionandiak, ordea, beste adiera bat erantsi dio bere hausnarketaren bidez interes horri; izan ere, ez du bere ibilbidea aldi ezberdinetan bereiz daitekeen zerbaiten moduan ulertzen.

Norberaren obra, norberaren bizipenak, egiazkoa bai, baina zatiezina den esperientzia osoa bailitzan ulertu beharra baitago. Hortaz, une jakin honetan bere literaturak zein ezaugarri dituen galdetuz gero, iraganarekin lotura ezartzen du egileak ezinbestean.

Hark dioenez, bakarrik idaztera behartuta ikusi du bere burua bizitza (ia) osoan zehar, euskaraz egiten ez zen lekuetan gainera. Hori dela eta, berrogei urteren ostean, “letra guztiak haizeak ez daramatzala” antzeman ahal izan du; idatzitakoak, batzuetan, gehienetan bere kasuan, helmugarik baduela gizabanakoengan.

Kultura

Bestalde, euskal literaturak eta, hortaz, euskal kulturak egun aurrean dituen erronka nagusiei buruz mintzatu zaigu idazlea.

Berbak eta berbak eskaini geniezaieke kontu hauei guztiei, jakina, orainalditik abiatuz etorkizunean eraikitzear den balizko bizimodu horretan (zeinean literaturak funtzio nagusia betetzea berebizikoa litzatekeen) garrantzia badutelako.

Bada, gaiari helduz, modu soilean luzatzen digu hausnarketa beste behin Sarrionandiak: “euskara baztertuta egon denez gero, euskal literatura gutxiengo batzuen gauza izan da historian zehar. Oraindik ere horretan gabiltza, gizarte honen osoaren adierazpidea izatea da asmoa”.

Argi dago historian zehar literatura nazionalei egokitu izan zaien betebeharraz ari zaigula: nazio, kultura edo giza talde baten isla izatearena, hain zuzen ere.

Kontua gurean aparteko ardura duen zerbait da dudarik gabe; bere obra aztertuz gero, garbi ikus baitaiteke balio estetikoaz gain, bere fikzioak baduela zer esan euskal gizartearen adierazpide izatearen asmo horren inguruan.

Kantak

Literaturaren gaiari irekia gerta litekeen itxiera ematearren, hitzak eta musika uztartzearen zergatiaz eta beharraz aritu da egilea. Dakigunez, ezagunak ditugun gure arbasoen lehenbiziko hitz literarioak, eta orokorrean sortzetikoa dugun lirika, musikarekin bateratua izaten zen aspaldi.

Kantuen zentzu fundatzaile horri jarraiki, beraz, hauxe da luzatzen digun hausnarketa: “abestia zen antzinatean poesia. Kantuaren xarma hori galduta, jende gutxik leitzeko geratu da poesia”.

Katuen Kontuak Ikuskizuna Sarrionandia

Noski, egoera horrek guztiak liburutik ikusentzuneko komunikaziora gizarte bezala egindako jauziarekin zerikusirik badu. Horrekin lotuta, modu ezin poetikoagoan azaltzen digu zein balio duen literatura eta musika uztartzeak hartzailearengan iritzi kritikoa sustatze aldera.

Hala, John Lennonen hitzak aipatzen dizkigu Sarrionandiak: “Ez dut poesia irakurtzeko astirik, horregatik kantatzen dut…”.

Deserria

Gai zehatz bat literaturaz haratago: deserria. Autoreak berak gogorarazi digunez, galera mingarri moduan ulertu zuen Ovidiok exilioa. Eta gogoeta horrek egiazkotik zerbait baduela baieztatu arren, eguzkiak mundu guztia argitzen duela dio berak, eta norberaren gogoa edonora eramatea badugula.

Hortaz, une honetan, leku jakin honetan garatutako ikuspegitik, munduan herri asko daudela eta besteak ezagutzea onuragarria dela dio Sarrionandiak; leku horietako bakoitzean berak orain garatutako ikuspegia ezberdina, aldakorra litzatekeelako, eta horrek, nonbait, aberastu egiten gaituelako.

Sakonak eta betierekoak diren kontu horiengandik guztiengandik apur bat aldenduz, gure berehalako errealitateari erreferentzia egiteko parada izan du autoreak. Tafallari buruzko hitz batzuk eskatu, eta guztiz gardena izan da haren erantzuna.

Ez dut poesia irakurtzeko astirik, horregatik kantatzen dut

Bere esanetan, Tafallak herri (hiri) gisa bizi izan duen modernizazioa agerikoa da. Antzina ezagututako lekuekiko ikuspegi aldaketa hori, baina, egileak modu orokor eta kasik naturalean bizi izana baliteke, ezinbestean jazo beharreko metamorfosi baten antzera.

Sinboloak eta epika

Idazle gisa, euskal kulturaren adierazgarri gisa, euskaldun gisa, azken boladan euskal kulturak bizitako gertakizun izugarrienetariko bati buruz bere aburua adierazi du Sarrionandiak.

Irulegiko eskuaren aurkikuntzak euskal kulturan lortutako efektuari dagokionean, aurreiritziak latzak direla diosku, eta tamalez pieza arkeologiko batek ez dituela aldatuko.

Sinbolikoki, aldiz, aintzat hartzekoa da erroturiko sinesmen bat zeharo dinamitatu duela aurkikuntzak: izan ere, bazen euskarak hitz abstrakturik ez zuela eta hagatik hizkuntza modernoa izan ezin zuela esaten zuenik.

Eta, oro har, bazen eta bada euskal gauza sentimendu negatiboekin lotzen tematuta dagoenik. Hori dela eta, gertakizunaren harira, eta ahots poetikoa beste behin modu bikainean azaleratuz, metaforak gizartean duen balioaz mintzatzen zaigu egilea, eta honela dio: “gustatzen zait euskaraz ezagutzen dugun hitzik zaharrena abstraktua izatea eta kanpotik datorrenari zoriona adierazteko izatea”.

Epika hitzari buruzko hausnarketak eman zion sarrera urtarrilaren 21ean Tafallako ikuskizunari. Nahiz eta epika genero gisa aspaldi atzean utzia dugun, bada ziur Sarrionandiaren obra, Sarriren bizitza, epikoa den zerbaitek osatzen duela baieztatuko lukeenik.

Inoiz arestian aipatutako eta orri bakan batzuetan jorratzeko itzelegiak diren kontu horiei berriz heltzekotan, beharbada Joseba Sarrionandiak epika bezain pisutsuak diren hitzei esanahi berria emateko ahalmena baduela igarriko genuke, edo asmoa ahalmena baino, edo baimena asmoa baino, batek jakin, gurean klasikotzat ditugunekin gertatu ohi den legez.