Aurten Iruñeko sanferminetan ez da txoznarik egon. Aitzakia ezin izan da izan toki gabezia, Gaztelu Plazan jarritakoak erakusten duen bezala. Gurean, ordea, jaiaren parte izaten jarraitzen dute. Oraingoan zer prestatu duten jakiteko, bertako bi kide gazte elkarrizketatu ditugu, Irati Velez eta Julen Aoiz.
Zergatik hasi zineten Tafallako Jai Herrikoietan parte hartzen?
Bertan parte hartzen hasi ginen, gaur egunean nagusitzen den jai ereduarekin ados ez geundelako. Sistemak zabaltzen duen jai eredua guztiz kontsumista da. Festak elkarrekin parte hartzen egiteko joera gutxitzen ari da eta geroz eta indibidualistagoak gara.
Gainera, musika estilo zehatz batzuk zabaltzen dira, gehienbat gazteleraz eta ingeleraz. Era berean, hainbat espazio ez dira emakumezkoentzako gune seguruak. Hori guztia aldatuko duen espazio bat sortzeko hasi ginen hemen parte hartzen.
Horren ordez, zer eratu nahi duzue txoznen bitartez?
Bestelako jai eredu bat antolatzen saiatzen gara. Txoznak Tafalla txiki bat dira jaien barruan. Betiko ospakizunen balorerik onenak hartzen dituena, auzolana esate baterako. Izan ere, gu gara jai herrikoiak. Gu gaude antolatzen, gu gaude barra egiten, gu gaude taldeei deika, gu gaude guztiaren atzean.
Jaietako beste eremu batzuetan bezala, bertan parte hartzen duen jendeak lan boluntarioa egiten du, ez du inolako irabazirik lortzen. Hemen ateratzen diren etekin ekonomikoek ez dute helburu pribaturik; jaigunea bera hurrengo urteetarako hobetzeko erabiltzen ditugu.
Baina festa giroan aldatu beharreko jokabideei ere heltzen diegu. Adibidez, emakumezkoentzako espazio seguruago bat sortzen ahalegintzen gara, feminismoa kontuan hartzen. Euskarak ere presentzia osoa izan behar du.
Nolakoa da hau guztia antolatzeko prozesua?
Hainbat hilabete lehenagotik elkartzen hasten gara. Hasteko, aurreko urteko balorazioa egiten dugu eta urte horretako helburuak zehazten ditugu. Erabakiak horizontalki, modu asanblearioan, hartzen ditugu. Beti iruditzen zaigu berandu goazela, azkenean iristea lortzen badugu ere. Ibilbide mantsoa da, prozesua ere garrantzitsua delako.
Jaien aurretiko egunetan muntaketa dator. Jaietan bertan, egunez egun txandak eta gainerako eginbeharrak daude. Azkenik, festak bukatuta, garbiketa eta hurrengo urterako gauzen bilketa egiten da.
Txoznek kokaleku desberdinak izan dituzte. Aurtengoak non egongo dira?
Azkeneko txoznen toki berdinean jarriko dira, Kolasako plazatxoan. Herriko bihotzean egon nahi dugu. Batzuetan badirudi honelako baloreak dituen jai eredu bat antolatzeko, periferiara joan behar duzula, Tafallako jaien parte ez bazina bezala.

Horregatik, erdigunean egon nahi genuen, beste edozein espazio bezala. Edozein pertsona pasa daiteke bertatik eta sartu, adin guztietako jendea.
Zer aipatuko zenukete aurtengo egitarauaren inguruan?
Azkeneko edizioan bezala, kanpoko talde handi-handirik ez ekartzea erabaki genuen, baizik eta talde ertain eta txikiei aukera gehiago ematea. Egitarau anitz bat egiten saiatu gara, jende guztia parte sentitzeko.
Beti bezala, Tafallako eta zonaldeko musika taldeei jotzea proposatu diegu. Eta bereziki, euskaraz musika aritzen direnei eta emakumezkoak partaide dituztenei
Zer eman nahi duzue aditzera aurtengo kartelarekin?
Aurtengo kartelean “Tafalla berriz altxa” ageri da. Amaiurko batailaren urteurrenaren gogoratzeko erabilitako “Nafarroa berriz altxa” leloari erreferentzia egiten dio. Hain zuzen, burujabetza bizitzako alor guztietan berreskuratzeari. Jaien inguruan ere, den-dena guztion artean erabaki nahi dugu.
Aldi berean, pandemiarekin batera, atzean utzi nahi dugun guztia ere bada. Berriz ere benetako jaiak ditugu, bizitakoaren ondoren berriz altxatu behar gara. Zeintzuk dira gaur egunean lotzen gaituzten kateak?
Deja tu comentario