Joan den urriaren 16 eta 17an Tafalla eta Baigorriren arteko topaketak ospatu ziren Behe Nafarroako herrian

Asteburu osoan zehar asko izan ziren bertara gerturatutakoak, bai guretik zein Euskal Herriko txoko anitzetatik. Bertan bizitako giro paregabeak esperientzia errepikatzeko eta herriko eragile ezberdinen arteko harremanak sendotzeko gogoa piztu zuen eta espero dezagun lan bilkurek hemendik aurrera haien fruituak ematea.

Urriak 16 larunbata

Larunbatean iritsi ziren lehenengo tafallarrak, haietariko asko gazteak. Ostatuan lekua hartu ondoren Bixentenean gosari gozo bat eskaini zitzaien eta ostean lan bilkuretara abiatu ziren.

Bertan, Altaffaylla kultur elkartea eta bertako kultur eragileak; Tafallako peñak eta Baigorriko Jai Batzordea, Tafallako Udaleko kultura eta euskara ordezkariak eta Baigorriko animazio batzordea; La Voz de la Merindad eta Irulegiko Irratia; Tafallako Ikastola eta Baigorriko AEK zein Ikastetxeak eta bi herrietako musika taldeak bildu ziren.

Tafallako peñak

Tafallako peñak eta Baigorriko Festetako Komisioa lan bilkuran

Proiektuak elkarri aurkeztu ostean, bakoitzak bere esparruan elkarlanean lan egiteko hautua hartu zuen. Eguerdian, bazkari herrikoia egin zen eta berehala hasi ziren kantuak eta dantzak. Bazkalondokoa ia iluntzerarte luzatu zen eta orduan hasi ziren kontzertuak.

Bi herrietatik eta Euskal Herriko txoko askotatik etorritako jendeak karpa goraino bete zuen, giro aparta sortuz Atturri, The Doltz eta Rotten XIII taldeen kontzertuetan. Parranda gaueko ordu txikiak arte luzatuko zen Bixentenean.

Urriak 17 igandea

Igande goizean tafallar pila azaldu zen Baigorrin, hiru autobus eta kotxe ugaritan etorriak. Hamaiketako herrikoia prestatu zen eta ondoren lan bilkurak ospatu ziren berriro.

Bi Udaletako zinegotziak; Pilota elkarteak; Tafallako hiru abesbatzak (Uxoa, Baigorri eta Coral Tafallesa) eta Lagun Onak abesbatza eta bi herrietako dantzari, gaitero eta txistulariak elkartu ziren. Eguerdian asteburu osoko unerik ederrena bizi izan zen kalejirarekin.

Tafalla eta Baigorriko alkateak

Tafalla eta Baigorriko Alkateak senidetza sinatzen

Tafallan ikusi ohi dugun korporazioak, bertako erraldoi eta dantzariez lagunduta, Baigorriko kaleak zeharkatu zituen txalo zaparrada artean, frontoira iritsi arte. Bertan ekitaldi nagusia ospatu zen non bi alkateek herrien arteko ahaidetasuna azaltzen zuen dokumentua sinatu zuten.

Uxoa abesbatzak La Tafallesa Bandarekin batera Gernikako Arbola abestu zuen eta ondoren, besteak beste, Hermanas Flamarique Eskolaren jotak, Bandaren musika eta erraldoien dantzak izan ziren.

Bazkari herrikoia jendez lepo ospatu zen, sekulako giroarekin. Dantzak, kantak eta bertsoak ez ziren falta izan, ezta Erramun Martikorenaren agerpena ere. Amaitzeko arratsaldean Mielotxin folk taldeak Tafallako dantzari eta Musika Bandarekin emanaldia eskaini zuen, asteburu zoragarri bat borobilduz.

Datorren urtean topaketak Tafallan ospatzea espero da. Gure kontu orain bertan jasotako harrera ona errepikatzea. Biba Baigorri! Gora Tafalla!

Baigorrin dantzariak

Mielotxin Folk taldea La Tafallesa Bandarekin kontzertua eman zuten, eta Tafallako Dantzari Taldearekin bat