Oztopoak oztopo, herria bere berezko espazioak eraikitzeko gai dela ikusi dugu berriro ere, horren froga gisa gazteek antolaturiko jai herrikoiak ditugula. Autogestioa oinarri izanda, aurten ere programazio anitz eta bete-betekoa osatu dute. Urte honetako kokaleku berriaren berri eman diezaguten bertako bi kide gazte elkarrizketatu ditugu: Betti Markina eta Julen Aoiz.

Ba al dago berritasunik aurtengo kartelan? Hala bada, zeintzuk dira?

Ez, ez dago berritasun handirik programa bera ez bada. Orokorrean aurreko urteetan jarraitu izan den logika bera jarraitu izan dugu aurten ere, hau da, zonaldeko taldeak ekarri, talde txikiak eta nolabaiteko konpromezu politikoa dutenak. Aurten bai kanpoko talde handi bat ekarri dugu, Biznaga, baina hori, oro har betiko filosofiari ekin diogu: tokian-tokiko taldeak ekartzea eta kolektibo edo eragile bakoitzak bere eguna izatea dena delakoa aldarrika dezaten.

Zeren arabera egiten duzue talde aukeraketa? Zergatik ekartzen dituzue talde horiek?

Orokorrean talde handi batek diruaren zatirik handiena eraman ez dezan saiatzen gara. Lehen hori egiten bagenuen ere, talde handirik ez ekartzea pentsatu genuen, pandemia ostean musika-taldeen egoera ikusita, talde txiki nahiz ertainak besterik ez ekartzea erabaki genuen. Horrez gain estilo desberdinetako musikariak ekartzen saiatzen gara, eta aurten inoiz baino berrituagoa ikusten dugu kartela. Aunitz genero ezberdin daude, eta esan bezala zonaldean sortuak edo sortuberriak diren taldeei ematen zaie lehentasuna. Eta horrez gain, lehen esandakoa, txoznak aldarrikapen-espazio izanda eragile desberdinek euren ekintzak aurrera eramateko tokia dute jaigunea, beraz, programazioa ere horren araberakoa da.

Txoznak auzolan eta prozesu luze baten emaitza gisa dira. Nola antolatzen dituzue? Nolakoa da prozesua?

Urte hasieran elkartzen hasten gara, eta egiten dugun lehenengo gauza taldeekin harremanetan jartzea da, kartela ahalik eta lehenen ixteko. Bilerak irekiak dira, orduan edonor anima daiteke dena delakoa proposatzeko. Horren ostean hilabete luzez elkartzen gara ateratzen diren beste hamaika kontuak ebaztearren. Milaka kontu ateratzen zaizkigu: espazioaren antolaketa, segurtasun neurriak, baimenak… Behin hori guztia egiten dugula, azken txanpa heltzen zaigu, eta txozna muntatu behar da, txandak bete, jaietako astean bertaratzea… Beraz, hor bai gerturatu daitekeen edonor gertura dadila eskatzen dugu, esker onez hartuko baitugu laguntza oro.

«Zonaldean sortuak edo sortuberriak diren taldeei ematen zaie lehentasuna»

Txoznak

Autogestioaz baliatzen zarete bestelako jai-eredu bat eskaintzeko. Zerbait aldatu nahi al zenuten? Beste era batera esanda, zerbait gehitu nahi zenuten Tafallako jaietan?

Bai, oro har herrian ezarririk zegoen jai-ereduan gabeziak somatzen genituen. Musikaren aldetik ez ezik, politikoki gauzak aldatzeko beharra somatzen genuen; bai harremantzeko moduan baita kontsumitzeko moduan ere.

Orduan herritik sortutako eta herriarentzat zuzendutako txoko euskaldun, feminista eta ekologista eraikitzea erabaki genuen. Elkarlanaz eta autogestioaz baliatuta herria egiten da, komunitatea egiten da.

Leku aldaketa izan duzue aurten ere. Non ospatuko da dena? Eta zergatik erabaki duzue tokia aldatzea?

Ikastola barraka ondoan izango da dena, hiritar zentroaren kanpoko aldean. Txoznek ez dute Kolasan jarraitzen batez ere segurtasun neurriak direla eta, ezin baitzen segurtasun plana bere osotasunean bete.

Bizilagunek ere kexak ipini zituzten, eta kexak egonda zaila da horrelako proiektu bat aurrera eramatea. Oraingo lekuan ere bizilagunak dauden arren, ez da horren leku itxia, orduan soinua beste era batean zabalduko da.

Hala eta guztiz ere, gazteok argi dugu txoznek herriko erdigunean egoten jarraitu behar dutela. Ez dugu nahi guk eraikitako txoznak bestelako jai isolatu bat izatea, ezta jendeak nolabaiteko musika festibal gisa hautematea. Txoznak haratago doan proiektu politiko bat dira, eta Tafallako jaien parte diren leku bat dira.

Aurreko urteetako kartelak ikusita, egunean zehar aunitz ekintza antolatzen zenituzten (mozorro-poteoa, mus txapelketa…) aurten halakorik izanen da?

Bai, egunean zehar ekintzak eginen ditugu. Badaude jada afari eta bazkari herrikoiak, eta horrekin loturiko ekintzak ere; trikipoteoa, bazkaloste animatuak, topa… Horrez aparte beste hainbat ekintza airean daude oraindik. Dena den, aurten ez bada ere, argi dugu egunean zeharreko programazioa zabaldu nahi dugula, eta txoznagunean musikaz haratago ekintza gehiago egingo ditugula.

Urte bat atzera jota, zer nolako balorazioa egiten duzue iazko txoznen inguruan? Eta zer espero duzue aurten?

Iazko balorazioa oso positiboa da, ekonomikoki oso ongi atera zen dena eta giro aldetik ere nabarmena izan zen nola publiko zabalagoa gerturatu izan zen jaigunera. Eskertzekoa da jendeak antolatutako guztiari eman zion harrera. Azpimarratzekoa da ere, alde handia dagoela kulturguneko eta erdialdeko lokalizazioen artean, bai giro mota aldetik, baita jende kopuru aldetik ere.

Aurten ere antzeko zerbait gertatzea nahiko genuke, eta espero dugu ere Ikastolako barrakarekin elkarbizitza ona izan dadila. Gainera lan handia egin dugu guztia antolatzearren, orduan jendeak hori aintzat har dezan nahiko genuke.

Txoznak 2023