Tafallako Udaletxeak suziria jaurtiko duen erakundea hautatzeko prozesu parte-hartzaile bat burutu zuela, Tafallako Garcés de los Fayos Ikastola atera zen garaile.
Sasoi berezia da eskolarentzat; bi urte ostean 50+2 urteurrenaren ospakizuna, Nafarroa Oinezaren antolakuntza eta ospatzea, eta kohetearen jaurtiketa prestatu behar dituztelako.
Ekitaldi hauek elkartu diren urte honetan zaila da ahaztea Tafallako euskararen ibilbidean ikastolak izan duen pisuzko zeregina. Honexegatik bozkatuena izan den erakundearen ordezkari diren Paula Arregi eta Aritz Azkaraterekin hitz egin dugu honen guztiaren berri eman diezaguten.
Hautatuak izan zarete. Zer sentitzen duzue? Zer sentipen dituzue oraintxe bertan?
Guk esango genuke ohore bat dela eta oso eskertuta gaudela. Azkenean Ikastolarentzat 50 urtetako ibilbide baten errekonozimendu bat izanen da, eta ez dago modu hoberik txupinazoa botatzea baino, izugarrizkoa da.
Hautagaien artean hautatuak izateaz haraino, hautagai izatea espero zenuten?
Hasiera batean txantxetan esaten genuen ikastolak merezi zuela eta txantxa bezala hasi zen. Baina herritik hasi ziren sortzen horrelako eztabaidak: “zergatik ez zarete zuek?”. Gero gure artean bota genuen, eta egia da ez dakigula nork eman zuen gure izena. Hein batean harrituta geratu ginen.
Erabaki al duzue nor izango den balkoian goian egongo den pertsona edo pertsonak?
Bai, erabaki da nortzuek botako duten kohetea. Paula izango da, lanean daramagun urtea dela eta; gainera, aurtengo oinez ekimeneko burua da, ikastolako zuzendaria alegia. Berarekin izango da Asier Muruzabal, aurtengo juntakidea, izan ere jaurtitzeko ilusioa zuen. Denon artean erabaki dugu eurek botatzea suziria. Nahiago genuke ikastola osatzen dugun pertsona guztiok une horretan han egotea, baina ezinezkoa litzateke udaletxeko balkoian 3000 pertsona egotea.

Orduan Paula, nola sentitzen zara? Badakizu zein mezu bidaliko duzun?
Oraindik ezin dut sinetsi ni izango naizela suziria botako duena. Oso eskertuta nago, juntak adostu du, ez dakit nola egingo dudan, oso oso urduri nago. Pentsatzen ari naiz, azkenean 50 urte dira esaldi bakar batean bilduta eta hor bi pertsona egongo gara baina, Aritzek esan duen bezala, 3000 pertsona ordezkatzen arituko gara.
Urte gogorra izaten ari da, baina aldi berean ilusioz betea, zirraragarria. Zer balorazio egiten duzue orain arte Nafarroa Oinez-eko erronkarekin egin duzuen lan guztiarekin?
Aritz: Beno, nota altua ipiniko nuke, edo oso altua, euskaraz esaten den bezala, bikain. Egia esan, 50. urteurrenari buruzko guztia guretzat ere oso pozgarria izan da.
Eta gero, Oineza egitea ere oso atsegingarria dela deritzogu; gure lehen helburuak lortu ditugu: euskara kalean egon dadin litzateke lehena, baina ez Tafallan bakarrik, Tafallaalde osoan baizik; hori izan baita urte askotan gure Ikastolak defendatu duena, eta hori herri kirolekin lortu dela esan genezake.
Era berean, Tafalla berriz ere motibatzea lortu dugu, Kulturgunean ospatu zen arropa desfilearen bidez, esate baterako. Elkarte askok gurekin lan egin nahi izan dute, baina ezin izan ditugu guztiak kontuan hartu, asko baitziren.
Eta orain alderdi ekonomikoari erreparatu behar diogu, hori ere garrantzitsua delako, eta hori lortzeko oso gogor ari gara lanean.
San Ferminetan hasi ginen oso ondo prestatuta dagoen Oinez Txokoarekin, eta gure ilusioa da oinezarekin zer-ikusirik izan duten gauza guztiak orain arte bezain ondo atera daitezen.
Paula: Aritzek dena esan du. Lan handia den arren, berriz ere ikastola sentimendua berpiztu dela azpimarratu nahiko nuke. Ikastola hitz erraldoia da; zorionez berriz ere hasierako sustrai horiei heldu diegu, berriz talde gara eta familia bilakatu garen horiek bide berdinean goaz aurrera.

Urriaren 16a iristeko gogorik bai?
Pila bat, bai. Baina egia da opor batzuk behar ditugula. San Ferminak oso garrantzitsuak dira, hor egon gara burubelarri, eta behin amaituta, indarrak hartzeko atsedenaldi txiki bat beharko dugu.
Hortik aurrera dena bideratuko dugu urriko egun horretara. Urduritasuna iada agerian dago. Eta egia da oso gutxi geratzen dela, beraz azkenengo bultzadan gaude.
Oinez, uda, San Ferminak eta horrelakoak pixka bat alde batera utzita, zuen ustez, zein ekarpen egin du ikastolak Tafallan? Zergatik bihurtu da garrantzitsua?
Aunitz gauza, azkenean gu izan gara euskararen bultzatzaile, eta badakigu herri honetan asko kostatzen dela euskaraz bizi ahal izatea, euskal kultura herrian bermatzea… Baina ikastola hor ibili da 50 urtez, oso pertsona gutxirekin hasi zen eta orain asko gara.
Biharko euskaldun horien heziketan parte-hartu izana motorra izan da guretzat. Beraz, uste dugu horretan ikastolak paper oso esanguratsua izan duela gure herrian.
Zer ezberdintasun ikusten dituzue Ikastolaren hasieraren eta gaur egungo egoeraren artean? Jakina, garaiak aldatu dira, baina ikusten duzue nolabait hobera jo duela?
Oso desberdina da, gizartea asko aldatu da. Gaurko ikasle nahiz familiak ez dira atzokoak bezalakoak. Orduan, gu berritu behar dugu bai gure pedagogian bai gure filosofian ere, eta gizartearekin batera gauza batzuk aldatu.
Gure ustez gure pedagogia berrikuntzetan agerian dago hau guztia, eta, honi lotuta, profil berezia duten biharko ikasle batzuk lortu nahi ditugu. Horretarako ikastolak bere begirada aldatu behar izan du.
Zeintzuk dira ikastolak orain aurrean dituen erronkak?
Hezkuntza asko aldatu da azkenean. Jada ez digu balio ikasmahai batzuetan egoteak, kartoi mehe batzuekin, koaderno batzuetan nola batu eta nola kentzen den irakatsiz. Gure ikasleak trebeak izatea bilatu behar dugu, eta pertsona horiek banaka dituzten gaitasunak garatu.
Gauzak horrela, ikasleak lasai mugi daitezkeen espazioak behar ditugu, beren ezaugarriak indartzeko, baina, aldi berean, huts egiten duten horiekin lan egin behar dugu; dena delakoa zuzentzeko eta oro har hobetzen lagundu ahal izateko.
Funtsean, espazio horiek behar ditugu mugimendu-hezkuntza handiagoa lortzeko eta pertsonaren garapena aurkitzeko, ez bakarrik arlo akademikoan, gaitasunak ezagutu behar ditugu; atsegin duen hori zergatik duen atsegin uler dezan, adibidez. Horretarako ikastolak duen hezkuntza-forma aldatu behar du.

Azkenik, nola ikusten duzue Tafallan euskarak gaur egun bizi duen egoera?
Paula: Egun hauetan askotan galdetu didate eta nik beti esaten dut uste dudala Tafallako eta inguruko gazteok dugun indarra berpiztu dela. Nola edo halako ahultasuna agerian utzi duten hainbat urte egon direla uste dut, zeinetan euskarari garrantzirik eman ez zaion, baina zorionez bai gizartea eta bai gazteak aurrera bultzatzen ari dira guztia.
Nolabait normaltasun batera hurbiltzen ari gara nahiz eta oraindik bidea luzea dugun. Hala eta guztiz ere ikastolak oso paper garrantzitsua izan duela uste dut, eta gaur egungo egoera hari zor diogu.
Aritz: Badago jende asko ikastolan ikasi ez baduena ere, AEKren bidez euskara ikasteko prest dagoena. Eta bai, pixka bat behar da «joder, ikasten ari naiz, oker egon naiteke, baina erabili egingo dut» hura, hori funtsezkoa baita euskarak indarra har dezan: herrian euskaraz mintzo den jendea.
Ahaztu baino lehen…
Jakina da gure 52 urtetako ibilbide horretan ikastolaren parte izan garen guztiok poz eta ilusio handiz biziko dugula txupinazoa. Baina ezin ditugu atzean utzi dagoeneko ez dauden pertsona guztiak, haiek ere izango baitira txupinazoaren parte.
Nolabait gustatuko litzaiguke haien familiekin ospatzea, haiekin ospatzea askoz ere hobe litzatekeelarik. Hau guztia ez da izango bakarrik hemen gaudenontzat, egun arte ikastolaren alde borrokatu duten pertsona hori guztientzat ere bai, finean txupinazoa guztiona izango da.
Deja tu comentario