Martxoaren 10ean abian jarri zen Errigoraren udaberriko kanpaina. Eguneroko kontsumo ohituretan eragiteko jaio zen kanpaina honetan Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra, kontserbak, arroza, pasta eta lekaleak eska daitezke, auzolanari esker, norbere herrian ekoizlearen jatorrizko prezioan.

Olioa 5 litroko bidoietan banatzen da eta kontserbak 12 ontziko sortetan, planteamendua urte osorako beste eskatzea da eta. Eskaera-epea martxoaren 10etik 30era bada ere, banaketa bi txandatan egingo da: apirilean olioa eta maiatza-ekainean kontserbak.

ESKATU HEMEN ZURE PRODUKTUAK

Eskaerak

Kanpaina urtean behin egiten da eta, beraz, ideia eskaera handiak egitea da: urtean behin, urte guztirako. Horregatik, olioa bidoietan eskaintzen da eta arroza, pasta eta barazki-kontserbak 12 unitateka.

Banaketa

Banaketa apirilaren azken astean eta maiatzaren lehen hamabostaldian izango da eta, salbuespenak salbuespen, produktu guztiak aldi berean jasoko dituzu. Eskaera egiterakoan aukeratu behar duzu produktuak jasotzeko puntua eta bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa beharko duzu jasotzera. 200 bat herritan daude banaketa-guneak.

Ordainketa

Ordainketa txartel bidez eginez gero, 100 eurotik gorako ordainketak bi zatitan egiteko aukera izango duzu (erdia martxoan eta bigarren zatia apirilean). Hala egiten ez baduzu, dena batera ordainduko duzu, eskudirutan, produktuak jasotzean.

Guzti hau auzolanean antolatzen da. Hain zuzen, herriz herri informazioa zabaltzen, eskaerak bideratzen eta produktuak biltegiratu eta banatzen ari direnen lan boluntarioari esker, norbere herrian jaso daitezke produktuak ekoizlearen jatorrizko prezioan. Hau da, olio-errota edo kontserba-etxera joanda ordainduko zenukeen prezio berean.

OINAK LURREAN

Lehendik ere nahikoa argi ez bazegoen, azken boladan inoiz baino argiago geratzen ari da ekoizpen, banaketa eta kontsumo-ereduak errotik aldatu beharra.

Antolatzaileen hitzetan, Errigorak kontsumitzeko bestelako modu bat zein bestelako ekoizpen eta banaketa-eredu bat proposatzen du, produktu ekologikoak eta bertako ekoizleak babestea helburu duena. “Kanpotik ekartzen genuena bertan ekoizten hastea eta kanpora eramaten genuenaren zati bat bertan kontsumitzea” hain zuzen.

Guzti hau ekoizleen ekologikorako iragatea babestuz eta euskarari ekoizpenaren eremuan bidea zabalduz.