Garces de los Fayos Ikastolako eta sare publikoko D ereduetako ikasleak Tafallako Nafarroa plazan bildu ziren azaroaren 8an Agerraldiak osatu duen ludoteka eskaintzaren berri emateko. Izan ere, horretara etorri da Agerraldia, hain zuzen: Nafarroa hegoalde eta erdialdean euskara plazara ateratzeko ahaleginari bultzada ematera.

Iaz 13 herritan egin zuten eskaintza, aurten 18 herritan izango dira ludotekak: Abartzutzan, Allon, Andosillan, Antzinen, Azkoienen, Erriberrin, Garinoainen, Kaparrotsun, Kastejonen, Oteizan, Sartagudan, Sesman, Vianan, Irunberrin, Lodosan, Mendigorrian, San Martin Unxen eta Tafallan bertan.

Herri batzuetan talde bakarra izango da; beste hainbatetan bi aterako dira. Oraindik orain matrikulazioa ez dute guztiz itxita, baina honezkero badakigu 280 haur baino gehiago arituko direla euskaraz jolasean.

Espazioen beharrak

Helburu hirukoitza daukate errigoran: batetik, euskararen ezagutza bultzatzea; bigarrenik, euskararen erabilera sustatzea, eta, horretarako, bizitzaren eremu guztietan euskararentzat espazio berriak irabazteko ekintza praktikoak babestu, sustatu eta antolatzea eta, hirugarrenik, euskararekiko jarrera baikorrak indartzea, hamarkadetako hizkuntza-politikak sortu dituen aurreiritzi eta ezinikusiak gaindi daitezen.

Asmo horiek betetzeko, hitzetan baino gehiago ekintzetan jartzen dute arreta Errigoran. Ekintza horien adibide dira, beste askorekin batera, Ager vasconumeko 18 herritan abiatu ditugun ludotekak. Eskolako hormetatik harago, aisialdian ere euskaraz aritzeko espazioak behar baitituzte gure haurrek.

Espazioak behar baititu, finean, euskarak, hala aisialdian nola eskaintza kulturalean, kirol-jardueretan, lan-munduan, erakundeen esparruan edo hezkuntzaren eremuan. Izan ere, hiztunak behar ditu hizkuntzak, nola ez, baina euskaldunak sortzearekin ez da nahikoa; hiztun horiek hizkuntza erabiltzeko espazioak behar dituzte.

Ahalegin horretan osatzen du Agerraldiak bere urteroko agenda, ludoteka hauez gain, askotariko eremuetan beste hamaika ekintza jasotzen dituena.

Honezkero bete dute lehenengo agenda-urtea eta, pandemiaren testuinguruan topatu dituzten zailtasunei aurre eginez, ekintza mordoa aurrera ateratzea lortu dute, baita zonaldeko euskaldun eta euskaltzaleen artean ilusio, gogo eta indarrak berritzea ere.

Agerraldia ez da etorri inor ordezkatzera. Kontrakoa: Agerraldia Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskaldun eta euskaltzaleak saretzera etorri da. Guztiok batzera, guztion ahaleginak norabide bertsua izan dezaten eta, elkarrekin, euskararen erronka nagusiak adostu eta erantzun konpartituak asmatzeko gai izan gaitezen.