Eskualdeko hainbat herritan ospatzen ziren Euskararen egunak bueltatzen doaz gutxinaka, bakoitza bere erara birsortu eta moldaturik

Tafalla

Tafallako Euskararen batzordeak ekimenez beteriko hilabete bat antolatu du betiko ospakizun egunaren ordez. Hau apirilaren 22an abiatu zen Jolasgunearekin eta ekainaren 18an amaituko da IV. Ager Vasconum lehiaketaren sari banaketarekin.

Aipatzekoak izan dira, esaterako, Kulturgunean ospatu ziren Bertso saioa eta Ez dok ero antzerkia, baita irakurle klubak egindako saio berezia Uxue Alberdi Dendaostekoak liburuaren idazlearekin.

Ekainaren 10ean Mintzodromoa ospatuko da Kultur Etxean, euskaraz solastu nahi duen orori espazio bat eskaintzeko helburuarekin eta 16an Irakurle Klubak Garazi Arrula tafallar idazlearen Gu orduko hauek liburua aztertuko du, autorearen presentziarekin.

Azkenik, esan bezala, ekainaren 18an literatur lehiaketaren sariak banatuko dira, besteak beste, Rotten XIII taldearen emanaldi akustikoarekin.

Miranda de Arga

Mirandako euskararen lagunek joan den maiatzaren 29an ospatu zuten hizkuntzaren eguna. Goizean XIV. Erdialde literatur lehiaketaren sariak banatu ziren eta txistorrada baten ostean Joxe Angelen emanaldia izan zen, Errigoraren saskien zozketarekin batera.

Larraga

Larragan euskararen asteburua antolatu zen Agerraldiaren laguntzarekin. Jende andana hurbildu zen ostiralean ospatu zen Porrotx pailazoaren ikuskizunaz gozatzeko. Bertan ere haurrentzako aurpegi margoketa tailerra izan zen herriko gazteek antolatuta.

Larunbat goizean Juan Martínez de Irujo, Fernando Goñi, Patxi Eugi eta Peio Martinez de Eulate pilotariekin kanpus bat antolatu zen, gaztetxoei jokoaren gakoak erakusteko.

Ondoren Fermin Balentziak kontzertu bat eskaini zuen, non omenaldi txiki bat eskaini zitzaion. Azkenik, arratsaldean, The Dillingers eta Kaleko Urdangak taldeek plaza rock and rollaz bete zuten. Segurtasun neurriak mantentzeko herriko lagun ugari aritu zen gunean txandak egiten.

Erriberri

Erriberrin, Agerraldiaren laguntzarekin ere euskararen festa ospatuko da ekainaren 12an. Goizeko 11:00etan mural margoketa bat egingo da eta 13:00etan Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsotan arituko dira plazan. Arratsaldean, festa borobiltzeko Anari eta Ibil Bedi taldeen kontzertuak antolatu dira jauregiaren atzekaldean.

150 ikuslerentzako sarrera mugatua izango da eta lekua hartzeko Udalaren web orrian dagoen idazkina betetzea beharrezkoa izango da.

Euskararen aurkako erasoak

Paradojikoki, hilabete honetan bertan euskararen aurkako eraso ugari gauzatu direla merindadeko hainbat herritan. Tafallan, esaterako, euskarazko testuak zituzten seinale edo muralak zikindu dituzte eta Larragan herriko kaleetatik Espainiako banderak margotu eta euskarazko seinaleztapena istali dute.

Aipagarria da ere etxe batean “Lekuona” izena zuen harrizko grabatu bat ere espraiz zikindu dutela.