EP bat: Food Fight

Frantziar power-pop olatu berrian igerian nabil azken boladan. Aurrekoan Alvilda aurkeztu banizuen honakoa bere gizonezko talde homonimoa litzateke. Eszena berdinean dabiltza biak, Mod rolloan hain zuzen ere. Renneseko talde honek iaz argitaratu zuen bere lehen EPa, di-da batean entzuten dena. Niri The Nipple Erectors edo The Jam bezalakoak ekarri dizkidate burura.

Diska bat: Contempt

Murtzian kaskamotz eszena indartsu dabilela dirudi eta horren adibide da Contempt taldea. Soinu bortitza eta krudela dute, gehigarririk gabeko benetako Oi! musika, gaur egun hainbeste entzuten den punkrock melodiko edo doinu alaiei kontrajartzeko behar beharrezkoa dena. Haien lehen lan luze hau 2021eko maiatzean argitaratu zuten. Ultimo Asaltoren antzeko soinua daukate, batzuetan S.A. ere ekartzen dit burura. Letrak zuzenak eta zehatzak, esandakoa, Oi! purua!

Talde bat: Protex

The Protex 1978an Belfasten sortu zen punk talde bat izan zen, soilik hiru urtez aktibo egon zena. Irlandar iparraldeko lehenengo punk olatuaren barnean kokatzen dira, The Undertones, Stiff Little Fingers edo Rudi bezalakoekin. Diotenez, The Clashek Belfasten 1977an emandako kontzertu bat inflexio puntua izan zen irlandar eszenarentzat eta ordutik punkaren loraldia suertatu zen.

Protexek bi EP grabatu zituen Good Vibrations recordsen eskutik. Jotzeari utzi eta ahazturan urteak pasa ondoren 2010ean Sing Sing Records disketxe estatubatuarrak haien abestiak bildu zituen “Strange Obsessions” izeneko diska luze batean. Honen ostean taldearengatiko interes handia piztu zen berriz eta kide original zein berriekin taula gainera igo ziren emanaldi batzuk emateko Europan zein Japonen.

Abesti bat: Jose Luis Perales – Un velero llamado libertad

Ez dut sekula Jose Luis Peralesen beste abestirik entzun eta egia esan ez dut hortarako asmorik. Hala ere, ezin dut tematzar hau (mitikoetan mitikoena) burutik kendu. Atal honetan argitaratzera frogatuko dut ea horrela behingoagatik entzuteari uzten diodan.

Hausnarketa bezala, esan dezakedan bakarra zera da, joan den mendearen bigarren erdian egin zen musika (poparen, baladen eta kantautoreen eremuan batez ere) gaindiezina dela. Ordutik musikari guztiak etsita gabiltza, dena asmatuta dagoelaren sentsazioarekin, “doinuen Pandora kutxatik” erabili ez den melodia bat halabeharrez atera nahian.