Egoitz Segura, Ballet-dantzari profesionala Bukaresten

Egoitz mutil isila zen Ikastolan ikasten zuen bitartean, oso isila. Bihotz onekoa, baina hitz gutxikoa eta lotsati samarra. Gaur ikusita, ahoa bete hortz geratzen naiz. Mutil hura gizon bihurtu da, gizon ausarta oso; bere buruarekin oso segurua ikusten zaio, badaki zer nahi duen eta zer egin behar duen hori lortzeko.

Mutiko isil hura gaur egun hainbat hizkuntzatan mintzatzen da eta goi mailako dantzari profesional bilakatu da, non eta Bukaresten. Bejondeiola!

Nor da Egoitz?

Egoitz Segura Galar naiz eta 29 urte ditut. Ikastolan ikasi nuen DBH bukatu arte. Ondoren Batxilergoa Iruñean egin nuen, Navarro Villoslada institutuan, gauez, goizez dantza eskolara joan ahal izateko. Bigarren maila Bilbon bukatu nuen, dantzarekin jarraitzeko hara joan nintzelako.

Zortzi urte daramatzat Bukaresten (Errumanian) bizitzen eta nire bikotea neska japoniar bat da. Bera ere dantzaria. Hiru urte daramatzagu elkarrekin eta orain biok bakarrik bizitzen hasiko gara. Tafallan egon zen Eguberrietan eta asko gustatu zitzaion. Ni Japoniara joatekoa nintzen, baina Covidekin dena konplikatu zen.

Noiz, nola eta zergatik hasi zinen dantza munduan?

Zortzi urterekin ballet ikasten hasi nintzen, Iruñean, hemen dantza eskola profesionalik ez zegoelako. Etxean beti dantzatzen aritzen nintzen. Bestelako kirolak ere (futbola, eskubaloia…) egiten nituen, dena dela, ez nuen gauza bera sentitzen.

Amak proba egitera animatu eta Iruñera eraman ninduen. Almudena Lobon eskolan egon nintzen 18 ur te bete arte. Hasieran astean bi egunetan joaten nintzen; gero hirutan eta, azkenean, egunero. Nire amak eramaten ninduen.

Garai haietan ez zen oso ohikoa Tafallan mutil batek dantza klasikoa egitea, baina ingurukoek lagundu ninduten eta koadrilan ere zorte handia izan nuen, beti lagundu nautela sentitu dudalako.

18 urterekin nabaritu nuen aldaketa behar nuela eta Bilbora abiatu nintzen, Igor Yebra eskolara. Han asko lagundu ninduten, baina hasieratik oso argi utzi zidaten lan gogorra egin behar nuela dantzari profesionala izan nahi banuen.

Urte eta piko pasa eta gero, curriculumak bidaltzen hasi nintzen. Nire irakasleak egunero zerrenda batekin gelara joatera behartzen ninduen currculumak igortzeko.

Titulua lortu zenuen?

Beno, eskola pribatuetan ez dute titulurik ematen, publikoa bada, bai. Dena dela, berdin da; izan ere, mundu honetan probak egin behar baitira eta segun nola egiten duzun, hartzen zaituzte ala ez. igual, gero, tituluren bat baduzu, gehiago kobratuko duzu, hori bai.

Beti ballet klasikoa egin duzu?

Lehenengo urteetan bai, dena dela zerbait gehiago egin behar da nahitaez eta neoklasikoa, modernoa, garaikidea… ere egin nuen bai Iruñean bai Bilbon.

Eta Bilbotik nora?

Beno, esan bezala, curriculum pila bat bidaltzen nuen munduko toki askotara, hala ere, gehienetan ez zuten erantzuten edo erantzuten bazuten, ezetz esateko zen. Orduan Bukarestetik deitu ninduten, Bukaresteko Konpania Nazionaletik, proba bat egiteko.

Hori da Errumanian dagoen konpainiarik garrantzitsuena, Gobernuak pagatzen du eta laurogei dantzari inguru aritzen dira. Ez nekien zer egin, baina amak animatu ninduen eta joan nintzen; nik dena ordainduta, noski, hegaldia, ostatua… mundu honek horrela funtzionatzen du.

Zorte handia izan nuen, hogei mutil bakarrik geundelako eta hiru dantzari behar zituztelako. Normalean plaza bat dagoenean ehun bat mutil eta berrehun bat neska aurkezten dira; oposizioak bezalakoak dira proba horiek.

Egoitz Segura Opera Bucarest

Audizioa (proba) egin eta bi hilabetetarako hartu ninduten, gero udako oporrak zetozelako. Esan bezala, zorte ikaragarria izan nuen, jendeak igual 20-30 audizio egiten dituelako hartzen duten arte. Bi hilabete horietan ordezkapen bat egin nuen “El Lago de los Cisnes” obran.

Oso pozik geratu ziren nirekin eta ea bueltatzeko prest egongo nintzen galdetu zidaten. Udaldian hona itzuli nintzenean, Gipuzkoatik ere deitu ninduten beste proba bat egiteko Donostia Dantza Konpania profesionalean, baita hartu ere.

Dena dela, ballet modernoagoa egiten zuten eta nik klasikoa egin nahi nuen, beraz, birritan pentsatu gabe, maleta hartu eta berriro Bukarestera joan nintzen denboraldi osorako. Geroztik zortzi urte pasatu dira.

Oso gustura nago eta oso gustura daude nirekin, nire baldintzak hobetuz joan dira eta taldean dudan papera ere bai.

Hala eta guztiz ere, gogorra izango zen hogei urterekin etxea, lagunak, herria… utzi eta Errumaniara joatea, ezta?

Bai. Pentsa, ez nekien ez errumaniera ez ingelera eta han dena ingeleraz egiten zen. Gaur egun oso ongi dakit eta, egia esan, euskeraz hitz egiterakoan, askotan ingelerazko hitzak burura datozkit. Errumaniera ulertzen dut, dena, baina mintzatzea kostatzen zait.

Gogorra izan zen, dena den, oso pozik nengoen eta hangoak beti laguntzeko prest zeuden. Pisu batean egon nintzen beste dantzari batzuekin. Zorte handia izan nuen, neska katalandar batekin bizi izan nintzelako eta asko lagundu ninduen.

Ez naiz batere damutzen hartu nuen erabakiarekin, alderantziz, bete-betean pertsonalki nahiz profesionalki asko langundu nau.

Han zer egiten duzu?

Beno, egunero entseguak ditugu, goiz eta arratsaldez, entsegu gogorrak, urtero bizpahiru obra berri atera behar ditugulako eta zaharrak ere errepikatzen ditugulako (“La Bella Durmiente”, “Cascanueces”, On Kixote, Korsarioa… eta modernoagoak: Petit Mort, in the Middle…).

Bakarrik astelehenak ditugu libre eta bazkaltzeko ordubete baino ez dugu. Bukaresteko Opera Nazionalean entseguak ditugu. Denetarik dago bertan: gimnasioa, jantokia, gela bereziak… Eta hor ere orkestrak eta opera kantoreek entseatzen dute.

Ezin zara lesionatu eta nahiz eta mina izan (nik bizkarrarekin asko sufritzen dut), aurrera egin behar duzu. Gainera, hasieran “Cuerpo de baile”-n aritzen nintzen, hau da, taldean dantzatzen nuen, baina gero bakarrik egiten hasi nintzen eta 2018tik solista ofiziala naiz.

Obra guztietan badut zati bat nik bakarrik dantzatzen dudana edo neska batekin edo ni bakarrik eta atzean taldea.

Joño… Orduan pertsona inportantea zara han?

Beno, taldean asko estimatzen nautela uste dut eta horrek pila bat motibatzen nau. Gainera hainbat zuzendari izan ditut (Johan Kobborg ezaguna, esaterako) eta denok nirekin kontatu dute.

Dena dela, badago nire gainetik dagoen Dantzari Nagusia eta nire taldetik kanpo jendeak ez nau ezagutzen, ez naiz hain ona, jeje. Mundu mailan ezaguna izateko oso-oso ona izan behar zara eta ni ez naiz maila horretara iristen.

Errumanian afizio handia dago?

Joan nintzenean harrituta geratu nintzen. Guk normalean bestelako estereotipoa daukagu Errumaniarekin eta Errumaniarrekin, baina kultur-mugimendu ikaragarria dago han. Pentsa, guk astean bizpahiru emanaldi egin ohi ditugu Bukaresteko Opera Nazionalean eta beti beteta dago, nahiz eta 900 pertsona sartzen diren.

Egoitz Segura actuando en Bucarest

Emanaldia duzunean urduri egongo zara?

Pixka bat bai, batez ere solista ofiziala naizenetik, dena dela, plaza-gizona naizela uste dut, hau da, entseguetan baino hobeki ateratzen zait. Dena oso ongi prestatzen dut. Emanaldia baino bi ordu lehenago berotzen eta prestatzen hasten naiz, baita neure burua motibatzen ere eta normalean ongi egiten dut.

Gero txaloak eta zoriontzeak asko estimatzen dira. Hango jendea oso beroa da, latino sena dute, nonbait, eta berehala txaloka eta oihuka hasten dira.

Ekonomikoki ongi pagatuta dagoen lana da?

Ez. Nik esango nuke oso gaizki ordainduta dagoela. Errumaniako bizi-maila hemengoa baino baxuagoa da (pentsa, gu ongi dagoen etxe alokatu batean bizi gara hiriburuan eta 210€ ordaintzen ditugu hilabetean), han bizitzeko ez dut arazorik; dena den, kobratzen dudanarekin ezin izangonintzateke hemen bizi. Edozein modutan, orain soldata igotzea espero dut.

Ez duzu pentsatu aldatzea eta beste toki batera joatea?

Beno… zaila da, ez duzu egun librerik, ez dizute baimenik ematen probak egiteko, eta udan ez da audiziorik egiten. Halaere, esan behar da nahiko eroso nagoela han, igual erosoegi, eta zerbait gehiago mugitu beharko nukeela. Badakit pixkanaka-pixkanaka etxera hurbildu nahi dudala, baina ez dakit noiz.

Egoitz Segura bailarin

Nolakoa da Errumania?

Beno, ez dut asko ezagutzen. Bakarrik astelehena daukat libre eta ez dut denborarik inora joateko. Gainera, batzuetan igandeetan parranda pixkat egiten dugu eta astelehenak deskantsatzeko aprobetxatzen dut. Nire gurasoek (aita bi aldiz egon da eta ama hiruzpalau) nik baino hobeto ezagutzendute, jeje.

Hiriburua hobeki ezagutzen dut eta oso polita da, Paris txikia esaten diote: parlamentua, alde zaharra, museoak… Merezi du bisitatzea eta ez da batere arriskugarria, nahiz eta ni joan nintzenean alderantziz pentsatu. Diru aldetik alde handia dago.

Badago jende oso aberatsa eta pobre asko ere bai. Barnealdean batzuk hemen duela 40 urte bizi ginen bezala bizi dira. Hiriburuan dirua dagoela nabari da, adibidez, jendea izugarri ongi janzten da, egun osoan dotore joatea gustatzen zaie. Bestalde, ustelkeria handia ere badago, oro har, baina hemen ere bai, ezta?

Tafallan inoiz dantzatu al duzu?

Inoiz ez, eta pila bat gustatuko litzaidake. Zaila da. Han amaitu eta etortzerakoan izan beharko litzateke, oraindik forman nagoelako, bestela, udan ez dut deus egiten eta deskantsatzeko nahiz kilo batzuk hartzeko (normalean oso argal nago beti) aprobetxatzen dut.

Duela gutxi Ana Iralaren dantza eskolarekin Billy Elliot prestatzeko aukera eman zidaten, baina Covid etorri eta dena pikutara joan zen. Amorru handia ematen dit nire ingurukoek dantzatzen ezin ikusteak.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Beno…abuztuaren 20an itzuliko naiz Bukarestera eta ez dut beste ezertan pentsatu nahi; badut kontratoa, banago ongi taldean, badut neska-laguna… Momentuz horrela jarraitu nahi dut.

Dantzariaren bizitza ez da oso luzea, 40 urte arte, gutxi gorabehera, eta badakit herri aldera itzuli nahi dudala, hala ere, badakit ere dantzatzen jarraitu nahi badut, kanpora joan behar dudala eta hori da orain egin nahi dudana. Agian biharko egunean dantza irakasten arituko naiz, baina auskalo.

Zerbait gehiago esan nahi duzu?

Nire gurasoei bereziki eskerrak eman nahi dizkiet, izugarri lagundu nautelako. Haiei esker zorte izugarria dut, gusutuko dudana egiten ari naizelako.