Arkitektoa, irakaslea, konpositorea

Mikel Ikastolan nabarmentzen zen arlo gehienetan eta horrela jarraitu du hurrengo urteotan. Marrazkilari trebea izanik, Arkitektura ikasi zuen; pianoa jotzen du; eta Sarasate Musika Eskolan Goi Mailako ikasketak ditu Konposizioan.

Berriki oposizioak atera ditu eta gaur egun Matematika irakaslea da D ereduko Askatasuna institutuan. Baina, horrez gain, Mikel mutil atsegina da, umoretsua, bihotz onekoa eta apala bezain jatorra.

Martxoaren 5a noiz iritsiko zain dago, Tafallan bere lehenengo konposizio instrumentalak etzuteko parada izanen baita. Gainera “La Salve” ere aditu ahal izango dugu berak egindako moldaketekin. Badugu hitzordurik.

Nor da Mikel?

Mikel Abete Perez naiz, 27 urte ditut eta Tafallan bizi naiz.

Ikastolan ikasi nuen; Batxilergoa herriko institutuan egin nuen; eta ondoren Arkitektura karrera Nafarroako Unibertsitatean. Iaz oposizioak atera nituen eta ikasturte honetan Burlatako Askatasuna institutuan Matematika irakasten nabil.

Ikasketak-lana

Kontatu pixka bat Arkitekturarena: zergatik hasi zinen, nolako esperientzia izan zen…

Beno, nik marraztea oso gustuko nuen eta, batez ere, horregatik aukeratu nuen karrera hori. Arkitektura polita bezain gogorra da. Gauza on asko eman dizkit, halere, oritzapen txarrak ere baditut.

Onen artean esango nuke asko trebatu naizela marrazten, lagun oso onak egin ditudala eta, oro har, esperientzia interesgarria izan dela. Baina, bestalde, gau asko pasa ditut lo egin gabe proiektuak-eta egiten, batzuetan gauzak ez ziren ongi ateratzen eta hori frustrantea zen…

Egia esan, amaitu nuenean, ez nuen argi arkitektoa izan nahi nuenik eta gaur egun bide hori, oraingoz, baztertu dut. Ez da erraza lan ona aurkitzea, hasieran baldintza nahiko kaskarrak izaten dira eta ez dut gogorik gehiago sakrifikatzeko.

Nire gurasoei kostatzen zaie nire erabakia ulertzea, horregatik pila bat eskertzen diet eman didaten laguntza eta beti nire nahia onartzea.

Eta ez duzu gogorik zerbait sortzeko, eraikitzeko… ?

Nire etxea diseinatzea gustuko nuke. Etxe argitsua, lorategiarekin, patio handi batekin, tradizional samarra… izango litzateke (dirua banu, jakina, jeje…). Baina, horretaz aparte, ez dut bestelako anbiziorik.

Mikel Abete musikaria

Nola ikusten du Tafalla arkitekto batek?

Tira… ni ez naiz nor ezer esateko, baina iritzia eskatzen didazunez… Gutxien gustatzen zaidana bada Ikastola berriaren ondoan dagoen urbanizazioa; uste dut hori ez dela Tafalla eta, nolabait, beste herri bat ondoan sortu nahi izan zutela.

Nahiko tradizionala naiz eta gehien gustatzen zaidana Alde Zaharra da: plazeta, plaza, lehengo kaleak…

Hauxe da zure lehenengo ikasturtea irakaskuntzan, zer moduz?

Espereintzia polita izaten ari da. Lan gogorra da, baina pixkanaka-pixkanaka ikusten duzu ikasleek nola aurreratzen duten eta hori oso gauza ederra iruditzen zait. Gauza asko ikasten ari naiz.

DBHn aritzen naiz eta oso adin konplikatua da. Hasieran ez nekien nola erreakzionatu arazo baten aurrean, ikasle bakoitza mundu bat delako; dena dela, banoa ikasten, badakit batzuetan hanka sartzen dudala, baina hala izan behar da, “prueba-error”, ez dago formula magikorik.

Praktikak Ikastolan egin zenituen; alderik ikusten duzu?

Diferentziarik badago, dena dela, ez publiko-pribatua izateagatik. Ikastolan ia denok elkar ezagutzen dugu; han, berriz, dena anonimoagoa da eta igual harreman estuak egitea zailagoa da.

Bestealde, euskerari dagokionez, giro bera ikusten dut: ikasleei asko kostatzen zaie euskaraz aritzea.

Haientzat institutua, ikastola, irla bat da; hor euskararekin lotura dute, hala ere, hortik kanpo erderaz bizi dira eta erosoagoa egiten zaie gaztelaniaz mintzatzea. Euskara eskolarekin bakarrik lotzen dute kasu gehienetan eta gehienok eskola ez dute gustuko.

Musika

Noiz hasi zinen musika munduan?

Neska-mutiko guztiak bezala, adina izan nuenean nire gurasoek Musika Eskolan apuntatu ninduten. Kirola ez nuen batere gustoko eta horregatik hasi nintzen musikarekin. Instrumentua aukeratzeko orduan ere ez nuen lehentasunik, nire lehengusuek pianoa jotzen zutenez, nik ere pianoa aukeratu nuen.

Zeintzuk dira zure ikasketak?

Tafallan hamar bat urte egin ondoren, Sarasateko proba gainditu eta hor pianoarekin jarraitu nuen, baina ez nuen oso gustoko izan. Ikasketak bideratuta daude profesionala izateko eta exijentzia maila oso altua da.

Nik ez nuen argi bide hori. Gainera, aldi berean Arkitektura ikasten ari nintzen eta bi ikasketak batera burutzea oso latza egin zitzaidan. Niri gustatzen zitzaidana konposatzea zen.

Tafallan Carlos Pellejeroekin Armonia eman eta oso gustoko izan nuen, gainera, Carlosek pila bat animatzen ninduen bide horretatik jarraitzeko.

Pianoan Erdi Mailako ikasketak egin nituen eta Goi Mailakoak, alegia, lau urteko karrera, Konposizioan burutu nituen. Iaz amaitu nuen.

Orduan musika irakaslea ere izan zintezke, ez?

Bai, bai…igual kontserbatorio batean musika erakustea gustatuko litzaidake, baina institutu batean, ez; horretarako matematika ematea nahiago dut.

Uda honetan talde berbenero batean aritu zara

Bai, jeje… musika taldea EN ESENZIA da, nahiko ezaguna; herri askotan aritzen dira, eta Serafin Zubirirekin ere jo zuten. Irakasle ezagun batek esan zidan berak taldea utzi behar zuela eta ea sartu nahi nuen. Justu izan zen pandemia hasi baino lehen, horregatik, batez ere, azken udaldi hontetan aritu naiz jotzen, Erribera aldean batik bat.

Tafallako Manu Moso eta bere neska ere hor daude eta beste batzuk pasatu dira, Xabier Olkoz, esate baterako.

Esperientzia dibertigarria izan da, jendea super jatorra zen eta asko ikasi dut; hala ere, ni oso lotsatia naiz eta … beno, ez zait gustatzen jendeaurrean jotzea. Eskerrak pianoa jotzen nuen eta pixka bat izkutatuta nengoen, jeje…

Oposizioak atera nituenean, uztea erabaki nuen irakaskuntzan zentratzeko, baina oroitzapen onak ditut.

Konpositorea ere bazara

Bai oso gustukoa dut. Nik musika instrumentala konposatzen dut. Musika klasikoa gustatzen zait eta pelikulena ere bait.

Mikel Abete orkestran jotzen

Txikitatik etxean konposatzen nuen. Carlos Pellejerok ere asko animatzen ninduen konposatzen jarraitzeko. Etxean sortzen dut eta oraintsu arte obra gehienak hortik ez dira atera, soilik ordenagailuak jotzen dizkit programa berezi baten bidez.

Dena den, Sarasaten nengoela, bertako orkestrak nire konposizio eta moldaketaren bat edo beste jo zituen.

Eta orduan “Turrillas Sinfonikoa” egitasmoa sortu zen. Zer da hori?

Musikari batzuek, Tafallako Alvaro Iborrak; Cascanteko Joaquin Huertak “Kinitok”; Erriberriko Javier Echarrik (hirurok Egues bailarako Musika Eskolan irakasten dute) eta bestelako musikari on askok kamera orkestra bat sortu dute Nafarroan, bere izena Sinfonía Navarra da.

Aipatu hiru musikari horiek pentsatu zuten musika herrikoia, bandek, gaiteroek, txarangek… jotzen dutena, orkestra sinfoniko klasiko batek jotzea. Manuel Turrillas barasoaindarrarekin hastea erabaki zuten.

Musika hori moldatu behar da orkestrak jotzeko eta niri eta beste hiru konpositoreri lan hori eskaini ziguten: Eneko Azparren, nirekin ikasi zuena eta orkestra horretan jotzen duena; Jesús Garisoain, Sarasateko irakaslea eta La Pamplonesan aritzen dena; eta Vicente Egea, Sarasateko irakasaslea eta La Pamplonesako zuzendaria.

Eta zer moduz?

Oso gustura. Askatasun osoa eman ziguten bakoitzak nahi zuen bezala aritzeko, zerbait anitza nahi zuten eta. Niri sei kanta tokatu zitzaizkidan (“Navarra canta”, “Qué bien bailas”, “Pamplona y sus peñas”, “Clarín de fiestas”…) eta horiek moldatu ditut.

Hasieran ez nekien oso ongi nola egin, erabaki asko hartu behar direlako: instrumentu bakoitzak zer jo behar duen, noiz joko duen, gero abesbatzarena zegoen eta ahots ezberdinak: tenoreak, sopranoak, altuak…

Baina laugarren piezatik aurrera banekien nola egin eta hasierako gauza batzuk ere aldatu nituen. Ordu dezente sartu behar izan ditut, dena den, lan ordaindua izan da eta pozik aritu naiz.

Behin obrak estreinatuta, gauzak ongi joan dira?

Bai azaro aldean Cascanten, eta gero Tuteran, Barasoain eta Gaiarren entzun ahal izan da. Tafallan martxoaren 5ean estreinatuko da. Ni superpozik nago. Lehenengo aldiz aukera serioa izan dut etxean sortzen nuena errealitatean entzuteko.

Konturatu naiz gauza batzuek uste baino hobeto funtzionatu dutela eta beste batzuekin alderantziz gertatu da. Baina horrela ikasten da. Gainera, nik musikariekin asko hitz egiten dut eta galdetzen diet ea zaila izan den, etab.

Bestaldetik konpositoreen artean oso ongi moldatu gara eta elkar ere lagundu dugu . Bakoitzak bere estiloa ezarri du eta hori oso aberasgarria izan da. Niretzat Vicente Egearekin batera aritzea, adibidez, ohorea izan da, oso konpositore ezaguna delako.

Zeintzuk dira zure biharko planak musika munduan?

Beno, ni orain irakaslea naiz, oso gustura nago eta horrek du lehentasuna. Hala eta guztiz ere, konposatzeko aukerak sortzen bazaizkit, aprobetxatuko ditut, eta pila bat gustatuko litzaidake zinema munduan zerbait egitea.

Mikel Abete konposatzailea

Tafallan musika talde asko dago: banda, rock taldeak… ez duzu noizbait pentsatu haientzat konposatzea?

Beno… oso ezberdina da. Rottenekoak lagunak ditut; kolaboratzea gustatuko litzaidake, eta igual iradokizun batzuk egin nitzake, baina ez da nire estiloa. Bandakoa errazagoa ikusten dut; orain arte ez dut ezer egin , dena dela, aukera banu, oso gustura egingo nuke.

Literatura munduan hainbat sari ere irabazi dituzu.

Bai. Batzuk