Tafallako bi antiespezista erabat konbentzituak
Iosu eta Ibai, ibai eta Iosu, biak ala biak. Biak ingeniariak, biak Ikastolako ikasle ohiak eta biak antiespezistak. Espezie guztiak errespetatzea da euren filosofia nahiz xedea, eta horretan aritzen dira, koherentzia ikaragarriz. Argudio sendoak dauzkate eta pozik bezain harro antzematen zaie egin duten hautuagatik.
Nortzuk zarete?
Ni Iosu Salaberri Intxaurrondo naiz. 23 urte dauzkat. Ikastolan bukatu eta gero, Paz de Zigandan egin nuen Batxillergoa eta ondoren Informatika Ingenieritza Donostian. Gaur egun Donostiako empresa batean informatiko aritzen naiz eta hiri horretan bizi naiz. Noiz arte? Auskalo, dena den, behin betiko kontratua daukat.
Ni Ibai Celigueta Erviti naiz eta 28 urte ditut. Ikastolan DBH bukatzerakoan, Iturrama institutuan Batxilergoa egin nuen eta ondoren Nafarroako Unibertsitate Publikoan Ingenieritza Industriala. Gamesaren azpikontrata batean lan egiten dut etxetik. Behin behineko kontratua dut eta Tafallan bizi naiz.
Argitu ditzagun hitz batzuk.
Beno… ez da kontu erreza, edonola ere, hauxe da gure ikuspuntutik egin genitzakeen definizioak:
- Begetarianoa ala barazkijalea: animaliarik jaten ez duena da, ez ugaztunik, ez arrainik ezta bestelako animailiarik ere.
- Beganoa: beraien artean iritzi kontrajarriak egon badaitezke ere; printzipioz, animaliengandik datorren orori uko egiten diona da: larruari, eztiari, esneari, arrautzei, zezenketei, haragiari… Batez ere, gure ustez, kontsumismoarekin lotuta dago
- Animalista: hainbat animalia defendatzen ditu, gure kulturan oso erroturik daudenak: txakurrak, katuak, zaldiak eta zezenak. Baina, agian, animalista batek txahal xerra jaten ahal du.
- Espezista: hori da uste duena espezien artean mailak daudela eta batzuk besteen gainetik daudela. Horren barruan antropozentrismoa dago eta, horren arabera, gizakia dago espezie guztien gainetik.
- Antiespezista: animalia guztiak, gizakia barne, maila berean jartzen ditu; eta denak, direla xaguak, direla behiak, direla arrainak, errespetatu behar dira. Gainera, jarrera politiko aktiboa eskatzen du antiespezista izateak, gaurko errealitatea pixkanaka-pixkanaka aldatzen joateko. Guk hemen kokatzen dugu geure burua.

Zein izan da zuen ibilbidea puntu horretaraino iritsi arte?
Nire kasuan (Iosu) prozesu graduala izan da, alde batetik; baina bat-batekoa ere bai, bestetik. 17-18 urte inguru nituelarik, kezka hasi zitzaidan. Dena dela, oroitzen naiz abesti bat entzuten nuela eta nik ere kantatzen nuela: “Tienes un trocito de un animal muerto entre los dientes” (abestiaren izena “Olor a huelga” zen eta kantatzen zutenak “La obra” eta “Liberando el corazón” kantautoreak). Orduan, bat-batean, horren gainean gogoeta egin nuen eta Donostian nire kabuz bizitzen hasi nintzenean, 19 urterekin, antiespezista egitea erabaki nuen.
Nik (Ibai) beranduago eman nuen pauso hori, 25 urterekin; baina beti izan dut animaliekiko enpatia handia, antitaurinoa izan naiz eta animalia bat zapaldua ikusten nuenean oso gorputz txarra jartzen zitzaidan. Oroitzen naiz dokumental bat ikusi nuela, “What the health” (nahiz eta gaur egun ez zaidan asko gustatzen), eta erabakiak hartzen hasi nintzen: haragirik ez jatea, arrautzerik ez… Esan behar dut Iosuk asko lagundu nauela prozesu horretan eta, horregatik, eskertuta nago.
Osasunak ere zerikusia izan zuen zuen erabakian? Beganoa izatea osasungarriagoa dela uste duzue?
Ez, gure kasuan hori bigarren mailakoa izan zen; izan ere, gure helburua animalia guztien askatasuna baita. Dena dela, adostasunik ez egon arren, badirudi dieta beganoa osasuntsuagoa dela.
Edozien modutan, esan behar da gero eta produktu begano prozesatu gehiago dagoela eta, ziur aski, hori ere ez da oso osasungarria izango. Baina argi dago haragi gehiegi jateak minbizia sor dezakeela eta hori gure gizartean islatzen ari da, eta gero eta gehiago nabarituko dugu.
Etxean nola bizi izan dute zuen aldaketa?
Nire kasuan (Ibai) oso erraza izan zen. Nire familiak bazekien lehendik nola pentsatzen nuen eta arazorik gabe onartu zuen. Inoiz ez nuen entzun: “Bueno, ya se le pasará”, beste familia batzuetan entzuten den bezala; bazekiten nire erabakia trinkoa zela.
Nire familiarekin (Iosu) berdin gertatu zen. Hasiera batean, otorduetan, neronek aparte prestatzen nuen neure janaria, baina gero plater batzuk denontzat berdin prestatzen hasi ginen, adibidez, dilistak; izan ere txorizorik gabe denok jan baititzakegu.
Ez zaizue inoiz atzera egiteko gogorik etorri? Ez duzue “gaizki pasatu”, lehen jaten zenuten zerbait ez jatearren?
Inolaz ere ez. Oso barneraturik daukagu zer dagoen horren atzean. Nik (Ibai) nire ondokoak haragia jaten ikusten baditut, oso gaizki pasatzen dut, nahaigo dut ez begiratzea. Ezin dut ere hozkailua ireki eta hargia ikusi; horregatik, besteak beste, etxetik joan nintzen nire kabuz bizitzera.
Gauza bat da zaporea eta beste gauza bat da animailia horrek sufritu behar izan duena gure platerean bukatu arte. Adibidez, gero eta gehiago saiatzen ari dira janari beganoek (hamburgesek, esate baterako) haragiaren zaporea izan dezaten, nahiz eta ni erabat ados ez egon horrekin (Iosu).
Argi geratu behar da gauza bat dela zaporea (eta zapore mota bat gustukoa izatea ohitura kontua da, neurri handi batean, kultura ezberdinetan ikusi ahal dugun bezala) eta beste gauza bat da haragia nondik eta nola datorren.
Beti entzun dugu gizakia omniboroa dela eta denetarik jaten duela, ezta? Eta hauxe ere entzuten da: beganismoa bakarrik gertatzen da munduko toki aberatsetan
Gizakiak denetarik jan dezake, baina horrek ez du esan nahi denetarik jan behar duenik. Adibidez, probaturik dago gizakia bakarrik haragia jango balu, hilko litzatekeela; baina bakarrik barazkiak jango balitu, ez legoke horrelako ondoriorik.
Gainera, mundu guztia beganoa balitz, denontzako janari aski egongo litzateke munduan, zalantzarik gabe. Batzuek esaten dute begano izatea garestiagoa dela; dena dela, beti merkeagoa izango da arroza txahal xerra baino.
Igual beganoentzako janari prozesatua edo jatetxe batekoa garestia izan liteke, baina eguneroko otorduetan hori ez da gertatzen, normalean barazkiak beti merkeagoak izango dira haragia baino.
Ez hori bakarrik, nekazariek ekoizten duten janari asko behientzat da, adibidez; edo toki azpigaratuetan herrialde aberatsek ez dutena izan dezaten, kafea esate baterako.

Esan behar da gu, zorionez, % ehunean beganoak izan gaitezkeela, baina norbaitek ezin badu gradu hori lortu, kontua litzateke ahalik eta gehien hurbiltzea helburu horretara.
Sistema kapitalistak bultzatzen ditu, besteak beste, gure jan ohiturak ere. Guk badakigu hemen zer gertatzen den eta hemengo errealitatea aldatu nahi dugu, baina agian ez dugu gaitasun aski aztertzeko beste herrialdetan gertatzen dena.
Gu ezin gara Afrikara joan eta bertakoei esan zer egin behar duten; beraiek egin behar dute hausnarketa. Eta toki batzuetan egiten ari dira. Adibidez, Palestinako elkarte batek Hernanin eman zuen hitzaldi bat eta beganismoa han ere zabaltzen ari dela esan zuten.
Eta pentsa ze lurralde txiroa den Palestina!
Gure gizartea aldatzen ari dela uste duzue?
Oso poliki. Jan ohiturak oso errotuta daude eta ez da erraza aldatzea. Hala eta guztiz ere, gure ideiek gero eta oihartzun handiagoa dute; eta, horregatik ere, gure aurkako jarrerak gero eta ozenago entzuten dira.
Bestalde, “postureoa” ere badago; zenbaitetan batzuei entzuten diegu: “Ni ere beganoa naiz”. Baina bi hilabete pasa eta gero, lehengora itzultzen dira.
Legeak ere aldatzen ari dira?
Oso mantso. Gizartea beti doa legeen aurretik. Gizartea aldatzen bada, legea aldatzen da, eta horregatik toki batzuetan zezenketak debekatu dira.
Adibide argia da EH Bildurena: Donostian, alkatetzan zegoela, zezenketak debekatu zituen, baina Iruñean edo Tafallan ez du era berean jokatu.
Zaila da % ehunean zuen ideiekin koherentea izatea?
Hasten zarenean bai, informazioa falta zaizulako, baina gaur egun interneteri esker gero eta errazagoa da. Dena den, gauza batzuk ez daude gure esku. Adibidez, musukoa inposatu digute eta igual musuko horrek animailarengadik datorren pegamentua dakar. Edonola ere, guk erabaki ahal badugu, erabat koherenteak gara.
Nola daramazue kuadrillan afaria duzuenean edo zerbait berezia?
Nik gero eta okerrago (Ibai). Batzuetan nahiago dut ez joatea, gaizki pasatzen dudalako. Otordua txoko edo etxe batean egiten badugu (Iosu), ez dago arazorik; jatetxe batean bada, aldez aurretik deitzen dut, hala ere, beti ez da erraza.
Hor aldea nabari da Donostian edo Tafallan izatea. Batzuetan, ikusten badut kontu konplikatua dela, ez noa eta kito. Beste batzuetan nire kuadrillakoei ez zaie inporta jatetxe begetariano batera joatea
Zuek, jakina, ehizaren kontra zaudete. Baina batzuetan ehiztariei entzuten diegu haiei esker ez dagoela animalia-izurriterik?
Eta izurrite arazorik ez dagoenean, zergatik ehizatzen dute. Adibidez, eper gutxi dago, hala ere, hiltzen saiatzen dira. Bestalde, izurriteak igual gertatzen dira gure erruarengatik. Basurde asko dago, jakina, baina nork akatu ditu otsoak gure inguruan?
Eta izurrite handiena gure planetan igual gu gara, gizakiok, dena dela, ez gara hasiko elkar ehizatzen, ezta? Gainera, badira alternatibak, esate baterako, badago pentsu berezia basurdeentzat eta horri esker euren ugalkortasun maila asko jaisten da.
Eta, bestalde, naturak beti mekanismoak izan ditu oreka bilatzeko, eta bere bidea egiten utzi behar zaio, nahiz eta luze joan.
Zuek, noski, zezenketen aurka zaudete, baina entzierroen aurka ere bai?
Bai. Zezenek ekitaldi horretan gaizki pasatzen dute; guk behartzen ditugu hori egitera. Anatomikoki ez daude prestatuta era horretan korrika egiteko. Ixten ditugu, kolpatu, desorientatu… gero ate bat irekitzen diegu eta, jakina, zezenek egin nahi dutena bada hortik ihes egitea.