Saioa datorren martxoaren 13an emitituko da ETB1en

Euskal Telebistaren saiorik umoretsuena Tafallan grabatzen izan zen pasa den hilabetean zehar. Gure herriko 8 gonbidatu hautatu zituzten haiekin elkarrizketatxo bat izan eta zerbait gehiago egiteko, bakoitzaren bereiztasunaz baliatuz.

Saioan ikusi ahalko denez, euskaldun berri, zahar, heldu zein gazteak azalduko dira Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadirekin solasean, eta aurreratu dezakegu zinez dibertigarria izango dela bertakontzako.

Produktoreak Ana Flamarique euskara teknikariarekin bildu ziren gustoko zituzten perfilak bilatzeko. Hasiera batean interesgarria izan zitekeen jendearekin zerrenda zabal bat egin zen eta ondoren antolatzaileek heuren 8 hautatuak aukeratu zituzten.

ARGIAK, KAMARA… EKIN!

Lehen grabaketa otsailaren 8an egin zen, herrian zehar eta hautatutako pertsonaiekin. Erraldoiak, entzierroak, La Salve edo gure herriko beste zenbait ikono azalduko zaizkigu bertan.

Grabaketa hauen emaitza otsailaren 17an aurkeztu zen, plato bihurtutako Ikastolako frontoian. Ikuskizunaz zuzenean gozatzeko lekuak segituan agortu zituzten biztanleek eta eserleku bat ere ez zen hutsik geratu. Bertako barre-algarak entzutekoak izan ziren eta gustuz bizi izan genuen tafallarrok telebista saio baten grabazioan parte hartzearen esperientzia.

Aurkezleen bakarrizketa dibertigarrietaz gain, Sebastian Lizasok bertso batzuk eskaini zizkugun. Emaitza datorren martxoaren 13an, igandea, ikusi ahalko dugu Euskal Telebistako lehenengo katean.

herri txiki infernu handi

Jendaurreko ikuskizuna hasi baino lehen Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi aurkezleekin solasalditxo bat izan genuen haien bizipena nolakoa izan zen lehen eskutik jakiteko.

Zer moduzkoa izan zen zuen esperientzia Tafallan?

M- Egia esan oso gustora egon ginen. Hotz pixkat egin zuen arren eguraldia ona izan zen eta jendea oso atsegina, asko erraztu zizkiguten gauzak.

Z- Denak oso aldekoak azaldu zitzazkigun, badakizue, gure saioa umorean oinarritzen da eta gonbidatuak asko saiatu ziren hori ahalbidetzeko. Aitortu behar dugu guk Nafarroari estima handia diogula eta programa politak atera ohi ditugula hemen. Hala ere, hegoaldean gutxitan egon gara, Iruñatik beherago Garesen eta Andosillan soilik, baina jende oso irekia da.

M- Bai, eta ardoa oso ona.

Ze bereiztasun somatu duzue Tafallan, oro har, beste herriekin alderatuta?

Z- Beno, gu baserriz osatutako herri txikietara eta inguru berdeetara ohituta gauden heinean, azaletik hori da desberdintasun nabarmenena.

M- Bestalde Tafalla herri handia da, eta ikusten da mugimendu asko dagoela. Askotan tokatu izan zaigu herri txiki batean grabatzen izatea eta kalean ia inor ez ikustea.

Euskararen kontua nabaritzen da?

M- Ni onerako harritu nintzen, ze justu jaiotzez Tafallakoak ez direnek, argentinar batek edo madrildar batek esaterako, oso ondo hitz egiten zuten euskaraz, nik baino hobeto.

Z- Zer esanik ez hemengo euskaldun berrietaz. Umorea egitea zaila da hizkuntza guztietan eta are eta gehiago zure ama hizkuntzan ez denean. Zentzu horretan dena eman zuten gonbidatuek saio txukun bat ateratzeko.

Tafalla albo batera utziz, zein da ezagutu duzuen “infernurik” handiena?

M- Buf! Herri asko sartzen dira zerrenda hortan. Ez diot txarrak izateagatik, baizik eta pertsonai xelebre asko dagoelako.

Z- Egia da pertsonaje oso onak daudela herri askotan… Dena den, guretzat agian saiorik berezienak geure herrietan bertan, bai Villabonan zein Elgoibarren egindakoak izan ziren.

M- Sorpresa handienak askotan bizilagunek ematen dizkizute.

Deabru ugari ezagutu duzue orduan urte hauetan?

M- Deabruak bai, baina jatorrak. Onenak agureak dira. Askotan haien istorioak harrigarriak dira, atso herrikoi bat dirudien batek ameriketan urteak eman dituela eta pasaje pila bizi izan dituela kontatzen dizu. Askotan pentsatu dut gutxiagorekin pelikula bat egin daitekela.

Z- Gainera, adinagatik edo, askok ez dute batere lotsarik, ez zaie axola kamara aurrean egotea. Gazteek ordea badakite zer den pantailetan azaltzea eta askotan horrek lotsatzen ditu.