Mugikorra besoaren hurrengo giltzadura bihurtu zaigu, ordenagailua eta tableta gorputz-adar moduan hazi zaizkigun bitartean. Halere, inork ez digu irakatsi zer nolako erabilpenak dituzten, are gutxiago gaizki erabiltzekotan zer lesio egin dezakegun.
Horretan apur bat trebatzen hasteko, Iosu Salaberri elkarrizketatu nahi izan dugu. Ingeniaritza informatikoa ikasi zuen eta ikasketak egin bitartean, Hacksanbladan, segurtasunaren eta erabiltzaile arruntaren aldeko lanketak egiten zituen ikasle taldean, parte hartu zuen.
Egun, enpresa batean informatikari bezala lan egiten du.
Modu seguru batean erabiltzen al ditugu teknologia berriak?
Jendearen gehiengoak ez. Erabiltzen ditugun gailu elektronikoek jatorriz programa batzuk dakartzate, gure datuak biltzera eta haiekin etekin ekonomikoak ateratzera bideratuak daudenak.
Programa horiek aldatzeko gaitasuna duenak hori saihes dezake, baina ez da arruntena. Beraz, hasieratik bertatik gaizki abiatzen gara.
Nork eta zertarako jaso nahi ditu gure datuak?
Teknologien zabalpenarekin datu bilketen sistemak hobetu dira. Edozein komunikazio jaso daiteke horretarako tresna egokiak izatekotan. Horren atzean interes desberdinak daude, baina nagusiena enpresen etekin ekonomikoa da.
Korporazio asko daude aplikazio eta programak doan eskaintzen dituztenak eta aberatsak direnak. Irabazi horiek nonbaitetik ateratzen dituzte.

Eta publizitatea argitaratzetik dirua lortzen badute ere, diru-iturri nagusiena gure datuen salmenta da. Era berean, gobernuek ere gure datu pertsonalak eskuratu nahi dituzte kontrol soziala bermatzeko.
Eta norbaitek gure datuak biltzea txarra da?
Datuaren arabera. Hainbat datu anonimo gizarte baten datu estatistikoak sortzeko erabilgarriak izan daitezke. Baina aldi berean, guztiok ditugu publikoki egin nahi ez ditugun gauzak eta horietaz baliatu daitezke ere erabiltzaileen kontra egiteko. Beraz, informazioa izatez ez da txarra, auzia nola biltzen eta erabiltzen den da.
Eta gure informazio pertsonalarekin zer gertatzen den norbaitek kontrolatzen du?
Ditugun lege malguak urratzeko modu ugari daude. Ondorioz, manipulaziorako arrisku handiak daude. Oihartzun handikoa izan zen 2016ko AEBko hauteskundeetan, Cambridge Analytica enpresak herrialdeko Facebookeko 50 milioi erabiltzaileren informazio pertsonala lapurtu zuela.
Enpresak Donald Trumpentzat lan egiten zuen eta datu horiekin publizitate pertsonalizatua sortu ahal izan zuen, haiengan eragina izan eta hauteskundeak irabazteko. Beraz, gure buruaren horrenbesteko informaziorekin gure jokaera aldatzea lor dezakete.
Hortaz, askotan zuzenean ez da legedia betetzen, ez delako horren jarraipena egiten. Gainera, oso zaila da anonimoa izatea Interneten. Horregatik, beti jokatu behar duzu norbait zuk egindakoa begiratzen balego bezala, normalean horrela delako.
Eta horren guztiaren aurrean, zer egin dezakegu?
Etxe barruan gortinak eta pertsianak ditugu. Zenbaitetan zer egiten dugun kanpotik ez ikusteko erabiltzen ditugu. Pantaila baten atzean ere, egiten dugunaren pribatutasuna nola mantendu jakin behar dugu.
Horretarako, gure jardunak dituen arriskuez kontziente izan behar dugu, baita gure ezagupenen eta konfiantzaren arabera ditugun segurtasun neurriez ere.
Beti jokatu behar duzu norbait zuk egindakoa begiratzen balego bezala, normalean horrela delako
Eta hau desberdina da hardwarearen, gailu elektronikoan ukitu dezakegun dispositibo fisikoaren, eta softwarearen, aurrekoak funtzionatzeko beharrezko programen, artean.
Bietan arriskuak egon daitezke, baina lehenengoan erabiltzaile arruntarentzat oso zaila da erabakiak hartzea. Aldiz, bigarrengoan errazak diren segurtasun neurri ugari daude.
Orduan, bigarrengo honetan, softwarean alegia, zer egin genezake?
Kontuan hartu behar dugu softwareak bi motatakoak izan daitezkeela. Batetik, batzuk pribatuak dira, Windows edo Mac adibidez. Enpresa handi hauek dira gure gailu elektronikoak egindako guztia dakiten bakarrak.
Beraien interesak haien etekin ekonomiko pribatuak dira. Bestetik, software libreak ere daude, Linux kasu. Hauetan, ezagupen informatikoak izatekotan, jakin dezakezu zer egiten ari den zure gailu elektronikoa momentu bakoitzean.
Normalean, komunitatearentzat tresnak sortzean oinarritzen dira eta donazioen bidez bizirauten dute. Hortaz, erabaki behar dugu konfiantza jarri enpresa pribatu batean ala komunitate batean.
Jendearen gehiengoak bietako zein eta zergatik hautatzen du?
Gehienetan, gailu elektroniko bat erosterakoan, software pribatu batzuk datoz instalatuak eta horiekin jarraitu ohi dugu. Gainera, eskolan tresna pribatu horiek egoten dira eta horietara ohitzen gara.
Eta guk gehitzen ditugun aplikazioetan ba al dakigu zer deskargatzen ari garen?
Aplikazio bat ezartzerakoan baimen batzuk onartu behar ditugu. Eta normalean baimen logikoak dira. Adibidez, Instagram erabiltzerakoan zentzuzko baimen batzuk eskatzen dizkigute, bideoak egiterakoan mikrofonoa erabiltzea kasu.
Arazoa da inork ez dituela aplikazioa erabiltzeko sinatu beharreko baimenak irakurtzen, irakurriak ez izateko prestatuak dauden testu oso-oso luzeak direlako. Baina haietan, esate baterako, zehazten da Instagrameko mikrofonoa ez dela bakarrik erabiliko bideo bat grabatzen duzunean, baizik eta ia-ia denbora guztian, aplikazioa irekia izan ala ez.

Edonori gertatu zaio mugikorra soinean izanda, bisitatu nahi den toki baten inguruan hitz egiten egon ostean, bertarako bidaien iragarkiak agertzea. Hori ez da cooky famatuen ondorioz, baizik eta zure elkarrizketa entzuna izaten ari delako. Bertatik hitz gakoak atera ostean, horren inguruko publizitatea helarazi dizute.
Azken batean, gure informazioaren salmentatik ateratzen dute haien diru-iturrien zati handi bat. Iraganean publizitatea orokorragoa zen, baina orain bakoitzak mugikor bat dugunez, gure informazioarekin profil berezituago bat egin dezakete, bai produktuak saltzeko, zein gure erabaki politikoetan eragiteko.
Zer egin dezakegu segurtasun handiagoa izateko?
Onartzen hasi ez gaituztela segurtasun informatikoan hezi. Eskoletan asko sartzen ari da adin goiztiar batetik teknologia berrien erabilera, baina ez hainbeste modu seguruan nola erabili erakustea.
Beti kontuan izan behar dugu ondorengoa: Interneten zerbait dohainik duzunean, zu zeu zara produktua. Askotan jakin badakigu kontrolatzen gaituztela, baina erabil ditzakegun alternatibak ezagutu ezean, jarrera pasiboa hartzen dugu.