Udalbiltzak sustatutako ‘Geuretik sortuak’ proiektuaren baitan, Lore More konpainia nafarrak datorren asteazkenean, maiatzak 25, estreinatuko du Tafallan aurreko udan abiatutako sorkuntza artistikoa: ‘Trapu zikinak’ antzezlana. Garbitokien inguruan sortutako pieza aurkeztuko dute Maialen Diaz Urriza, Mikele Urroz eta Laura Villanueva aktoreek. Emanaldia 20:30ean izango da, Kulturgunean. Sarrerak 3 euroen truke salgai daude Tafallako Udalaren web orrian.
‘Geuretik sortuak’ Udalbiltzak iaz martxan jarri zuen proiektua da, euskarazko kultur sorkuntza eta artisten mugikortasuna sustatzeko. Euskal Herri osoko 26 udalerrik parte hartu dute egitasmoan.
TRAPU ZIKINAK
“Trapu zikinak etxean garbitzen dira” esaten bada ere, herri garbilekuek, egun mutu dauden harritzarrek, beste errealitate posible bat agerian uzten dute: trapuok kalean garbitzen zirela, alegia, bizilagun, senide eta lagunekin batera; intimitatearen ideia begi berriz aztertu dezakegu iraganeko ur horietan murgiltzen baditugu eskuak. Nola garbitzen dira lotsak utzitako orbanak? Eta indarkeriarenak? Zeri esaten diogu “zikin”? Zertaz hitz egin daiteke? Zer hitzekin? Gerraosteak utzitako pobrezia, adiskidetasuna, patroiaren bidegabekeria, maitasuna, lana eta etorkizunerako desirak gorpuztuko dira garbitzen diharduten emakume saldoan. Hotza eta zikineria izango dituzte bidelagun; azken hauek ere badute zer esan bizi garen munduaz.
Deja tu comentario