Garazi Arrula Ruiz idazle tafallarrak bere bigarren ipuin-liburua argitaratu du 2023ko martxoan. Bere ibilbidean zehar osatu dituen itzulpen lanez gain, 2017. urtean Gu orduko hauek azaldu zen, bere fikziozko lehenbiziko lana; oraingoan, Lurraz beste izena hartu du ipuin-liburuak, eta zenbait hitz eskaini dizkigu egileak haren inguruan.
Zure bigarren ipuin-liburua dugu Lurraz beste. Zergatik ipuingintza?
Generoak edukiontziak dira, eta ni eroso nabil ipuinen tamainan. Irakurle modura ere oso ipuinzalea naiz, eta idatzi nahi ditudan istorioak molde horretan egokitzen dira ongien.
Inoiz beste molde bat aukeratu beharko banu, ez diot aterik itxiko, baina oraingoz, ipuinen neurrira nabil.
Adin ezberdinetako emakumeak ikus ditzakegu ipuinetan pertsonaia nagusi gisa. Zer dela eta? Ahots ezberdinen aldarrikapen nahia al dago irudikapen ezberdin horien atzean?
Ez da aldarrikapena. Ahots zenbait atera zait, eta forma narratibo askotarikoak ere badira, irakurleek ohartarazi didatenez. Halere, horiek ere partez istorioaren mesedetan harturiko erabakiak dira, zer kontatu nahi den, halakoa pertsonaia edo modua.
Pertsonaiak eraikitzen lan handia hartzen dut, haiek ongi ezagutu behar baititut idazten jartzerako eta ahotsak huts egin ez dezan. Kontraesanak eta jarrera moralki dudazkoak interesatzen zaizkit, edonoren baitan egon daitezkeenak.
Beharbada, pasarteren batean, irakurleak ipuinek autofikziotik zerbait badutela imajina lezake. Zer diozu horren inguruan? Idazketa prozesua hasi aurreko hautua izan al da?
Hori pentsatzea beti dago, baina ez zait autofikzioa interesatzen. Ongi egina badago, fikziozko narrazio baten modura irakurri ahalko litzateke, autorearen biografia gorabehera.
Kasu batzuetan zaila da loturak saihestea, baina obrak bere horretan funtzionatu beharko luke. Nire kasuan, fikzioa da, aurreko ipuin-liburua bezala hauxe.

Lurraz beste dugu ipuin-liburuaren izenburu. Obra osatzen duten ipuinen artean ez dugu aurkitzen izenburu bera daraman kontakizunik; zergatik, beraz, Lurraz beste?
Hasieran bazen ipuinetako baten izena. Gero, iruditu zitzaidan bilduma osoari ongi zegokiola izenburu hori, eta ipuinari titulua aldatu nion, besteen aldean garrantzia handiagoa har ez zezan.
Ipuin denek dute lurraz beste egitearen zentzua, edo niri hala iruditzen zitzaidan: askotariko errotzeak eta deserrotzeak ageri dira (ez soilik espazialak, baita denborazkoak, pertsonalak eta profesionalak ere), eta pertsonaiak transitoan daude.
Denok behar dugu erroak nonbait bota, eta beldur gara horiei heltzeko inor edo ezer egonen ote den. Sustraitzea sentimendu indartsu eta beharrezkoa da, garai likidootan ere bai.
Zapaltzen dugun lur hori lokatz bihurtzen denean, harea mugikor, arrakala, orduan zer? Zer egin erroekin? Nora lotzen edo nondik askatzen dira erro horiek? Uste dut galdera horiek direla ipuinen abiapuntu.
Nolakoa izan da sormen prozesua? Jarraitua, pausatua, luzea, motza, berezia…?
Poliki idazten dut, baina modu jarraituan, esanen nuke. Ideiak edo irudiak barrenean eraman ditzaket nirekin urtetan, hor, buruaren atzealdean; lantzean-lantzean etortzen zaizkit, elikatzen ditut, orain adar bat, orain beste bat, azkenean habia egiten didaten arte.
Orduan idazten jarri beste aukerarik ez dut. Behin idazten jarrita, bi eta lau hilabete artean ematen dut gutxi gorabehera ipuin bakoitzarekin; gaiagatik edo forma narratiboagatik edo ahotsagatik edo dena delakoagatik, prozesua ezberdina izaten da, baina kontent geratu naiz emaitzarekin, eta hori ez zait maiz gertatzen.
Egia da, beharbada, ipuin bakoitzaren sorkuntzak bere plangintza propioa eskatzen duela. Zein da, hala ere, idatzi bitartean buruan izan duzun irakurle mota?
Ez dut irakurle jakinik buruan. Irakurleak argitaratzearekin etortzen zaizkit.
Denok behar dugu erroak nonbait bota, eta beldur gara horiei heltzeko inor edo ezer egonen ote den
Genero oparoa dugu gaur egun ipuingintza euskal literaturan zein literatura unibertsalean. Zu zeu itzultzailea zaren aldetik, aitortuko zenuke eragin literario argiren bat?
Zaila egiten zait honi erantzutea. Segur aski, liburua idazten ibili naizen hiru urteetan egindako irakurketa guztiek eragin dute nolabait.
Gainera, arrisku handia dago alderaketa handiusteak egiteko edo norbait ahazteko. Kritikariek esanen dute hori.
Zein izanen da, zure ustez, liburuaren ibilbidea etorkizun hurbilean? Proiektu berriren batekin lotuko al zenuke?
Espero dut disfrutatzeko aukera emanen didala; idazketa prozesuan dibertitu naiz eta sufritu ere egin dut, eta orain irakurleak epel ez uztea nahiko nuke.
Aurreko ipuin-liburuak irakurle taldeetan egin zuen bidea polita izan zen, eta ea oraingoan ere bide hori urratzen duen.
Sinopsia
Zimendu anitz pitzaturik dituzte bilduma honetako pertsonaiek, edo pitzatzear dituzte, afektu-dardaraldi betean direla. Zimendu egonkortzat zituzten horiek zimendu hauskor eta urrakor bilakatu zaizkie, deserrotze-sentimendu kontraesankorrak zeharkatzeraino.
Askotariko pitzaduretan arakatzen dute narrazioek: besteak beste, helduleku afektiboetan, senidetasun-harremanetan, bizi-lekuetan, babes-espazioetan, lan-jardunetan gertaturiko pitzadurak irudikatzen dira.
Aldaketa biziko gizarte-testuinguru batean kokaturik daude narrazioak, eta halakoetan deserrotzeak eta pitzatzeak aurreikusgarri bezain aurreikusezinak dira.
Hain zuzen ere, zimendu aldakorren tolesdura horietan zehar bidaiatzen dute pertsonaiek: behinolako errotzeek gorputzean utzitako arrastoez dihardute, eta aldi berean, errotze horien galerek edo urratzeek sorturiko ezinegonak zein arinduak dituzte kontagai.
Heldulekuez beste egitearen sentsazioetan arakatzen duen inarrosaldi literarioa.
Argitaletxea: Txalaparta.
Orriak: 200.
ISBN: 978-84-19319-32-6.
Deja tu comentario