19:00etan izango da ekitaldia, eta Nafarroako Erdialdeko hainbat kultura eta kirol talde eta elkarte sozialetako 250 ordezkarik parte hartuko dute
Tafallako Garcés de los Fayos Ikastolak Nafarroako Erdialdeari zuzendutako 2022ko Nafarroa Oinezen aurkezpena burutuko du, halaber moda desfilea eskainiko da.
Ekitaldiaren xedea 2022ko Nafarroa Oinezen leloaren eta logoaren esanahia eta jaiaren asmoak azaltzea izanen da baita Oinez material berria aurkeztea ere. Hala ekitaldia Centro Cultural Tafalla Kulturgunean ospatuko da, azaroaren 24an, asteazkenean, arratsaldeko 19:00etan.
Elkarlanean eta ilusio handiz antolatutako jaialdi honetan Nafarroako Erdialdeko hainbat kultura eta kirol talde eta elkarte sozialetako 250 ordezkarik parte hartuko dute. Era berean, bertan izango dira Ikastolako langileak, ikasleak eta familiak.
Antolakuntzak, ekitaldiaren edukia argitu gabe, zertzelada batzuk emanez, Xabier Flamarariquek eta Jaione Urtasunek (Lapiel Producciones) aurkeztuko
duten desfilea musikaz, artez, aldarrikapenez, emozioz eta barrez beteriko ospakizuna izanen dela ziurtatzen digute.
Azaroaren 4an, Iruñean, Oinez jaiaren aurkezpena burutzearekin eta, 5ean, Tafallako Zangoza Etorbidean arropa denda irekitzearekin batera, honako hau izanen da Nafarroa Oinez helburu duen lehenbiziko ekintza handia.
Erdian Erein lemapean ospatuko den Nafarroa Oinez Tafallako Garcés de los Fayos Ikastolak antolatuko duen laugarrena izanen da, 1986, 1997 eta 2011. urteetakoen ondotik.
Deja tu comentario