Ziurrenik orri hauetan begirada paratu duzuenetako askok Mikel eta Iker Artxanko ezagutuko dituzue. Jakinen duzuen legez, Argentinan sortuak eta Larragan bizitakoak, kirolariak, alaiak, familia gertukoak eta bizi-biziak.
Bi anaiak suhiltzaileak dira, Tafalla dute bizitoki eta 34 eta 35 urte dituzte, hurrenez hurren. Orain artekoa jakina izan daiteke. Ezezagunagoa izan daitekeena haien senitarteko batek euskararen berreskurapenarekin, Osasuna futbol taldearekin eta II. Errepublikako borrokekin izandako lotura da. Hain zuzen ere, ezagutu beharrekoa da Pablo haien birraitona, lehen mailako nafartarra izan baitzen.
Nor izan zen Pablo Archanco Zubiri?
Pablo Archanco Zubiri 1892an Iruñean jaio zen. Ingeniari agrikola zen eta Peritu Eskolan klaseak ematen zituen. Pertsonaia ezaguna zen, batez ere hiru arlotan egindako lanarengatik: euskararen defentsan eta hedapenean, Osasuna futbol taldeko fundatzaile eta lehendakari bezala eta nekazaritzako langileen eskubideen alde egindako borrokarengatik.
Osasunarekiko zaletasuna bereziki zabaldu den urte honetan, zer paper jokatu zuen futbol taldeko hastapenetan?
Osasunarekin zuen lotura adierazten duten lehen paperak 1927koak dira. Haietan zuzendari moduan eta kontabilitate lanetan ageri da. Garai hartan, ez zegoen Nafarroako futbol federaziorik eta talde guztiek Gipuzkoako federazioan sartuak zeuden.
Orduan, beste batzuekin Nafarroako Futbol Federazioa sortu zuen. Bera izendatu zuten lehen presidente eta karguan egon zen 1925era arte. Urte hartan, Osasunara zuzendari gisa itzuli zen eta kontabilitate lanetan jarraitu zuen.
Bera karguan zegoenean, 1. Mailara lehen aldiz igotzea lortu zuten. Presidentea eta kide gehienak euskaldunak ziren eta futbola eta euskara bultzatu nahi zituzten.
Orduan, euskararen defentsan ibili zen…
Bere ekarpen garrantzitsuena izan zen Aingeru Irigarairekin batera Iruñeko lehendabiziko ikastola sortzea. Gainera, Euskararen Adiskideak taldean sartua zegoen. Baita Sociedad Euskara de Navarran ere parte hartzen zuen.
Hasieran, euskararen alde lan egiten zuen, nahiz eta berak euskara ez jakin. Urteak pasa ahala, euskara ikasi eta euskaldun berri bihurtu zen. Euskarazko klaseak ematen hasi zen eta aldizkariren batean ere euskaraz idazten zuen.
Aldi berean, figura politiko garrantzitsua izan zen. Esaterako, II. Errepublikan Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroarentzako autonomia estatutuaren bultzatzaile nagusienetako izan zen. Zer nolako parte hartze politikoa izan zuen?
Familia karlista batean jaio zen. Denbora pasa zen heinean, nazionalista zela konturatu zen. PNVn sartu zen, garai hartan bi alderditan banatua zegoena. Baina 1930ean Bergarako Asanbladan biak batu zirenean, bera ez zegoen pozik batuketa horrekin.
Hiru urte beranduago, ANV sortu zuen, abertzalea, sozialista, errepublikarra eta laikoa. Alderdi berriko Nafarroako dirigente garrantzitsuena izan zen.
Politikan sartu zen heinean, nekazaritza bultzatu zuen. Nekazaritzako langileen eskubideak defendatu zituen eta Iruñean zuhaitz gehiago landatzea bultzatu zuen.
Zer gertatu zitzaion 1936ko estatu kolpe frankistarekin?
Bere bizitza bere ideia politikoengatik markatua dago. Gerra Zibilean Nafarroan eskuinak irabazi zuenean, zerrenda beltzetan zegoen. Bere atzetik zihoazela zekien, baina harrapatu zuten. San Cristobal fuertean preso egon zen, baina bertatik atera eta Frantziara joan zen familia eta seme-alabekin.
Baionan euskarazko klaseak eta nekazaritzakoak ematen jarraitu zuen. Hortik bere familiarekin itsasontziz Argentinara joan ziren.
Nolakoa izan zen Argentinako bilakaera?
Erbesteko Euskadiko Gobernuak Txileko delegatu izendatu zuen. Buenos Airesen euskarazko klaseak ematen bukatu zuen. Esan bezala, Pablo emaztearekin eta seme-alabekin, Jonekin, Maialenekin, Amaiarekin eta Mirentxurekin, Argentinara alde egin
behar izan zuen. Jon gure aitona da.
Bertan, Euskal Etxera asteburuetan joaten ziren, hemendik joandako euskaldun gehienak hor elkartzen zirelako. Han, gure amona ezagutu zuen eta ezkondu ziren. Gure amona orain Tafallan bizi da, baina Donostian jaio zen eta berak ere Gerra Zibilean erbesteratu behar izan zuen, Dakarretik, Errusiatik, Frantziatik eta Kubatik pasa eta gero, urteetako bidai batean Buenos Airesera iritsi arte. Gure aita eta bere bi arrebak, Amaia eta Nere, hor jaio ziren.
Urteen poderioz, familia Euskal Herrira itzultzen joan da. Nola gertatu da hori?
Gure ama argentinarra da, ez du euskaldun sustrairik. Aldiz, gure izeba Amaia tafallar batekin ezkondu zen, gure osaba Luisekin, eta gure izeba Nerea gernikar batekin, Argentinara erasmus moduan edo joandako bi medikurekin. Denak Laurak Bat zentroan elkartzen ziren. Denborarekin, Amaia eta Nere hona haien senarrekin etorri ziren.
Gure aita 1990eko hasieran hona iritsi zen, Argentinan corralito aurreko urteak ziren, ekonomikoki herrialdea gaizki zegoen. Hemengo kontaktuak zituen aita eta aitonarengatik eta mekaniko moduan Iruñera lan bila etorri zen.
Sei hilabetez bera bakarrik lan bila egon zen. Gero, ama eta gu biak etorri ginen, urte bat eta hiru urte genituenean. Hor sortzen da gure harremana euskararekin.
Nolakoa izan da euskara ikasteko zuen prozesua?
Barañaineko Eulza eskolan D ereduan ikasten hasi ginen. Baina gero amak Larragako haurtzaindegian lana aurkitu zuen, bera irakaslea delako, eta hara bizitzera joan ginen.
Tafalla edo Lizarrako Ikastoletan izena ematen saiatu ziren, baina garai hartan ez zegoen diru-laguntzarik. Haientzat garrantzitsua zen guk euskaraz ikastea, baina dena haien poltsikotik ordaindu behar izatea ahalegin handiegia zen, horren denbora gutxi hemen zeramatenean. Azkenean, Larragan gazteleraz ikasten bukatu genuen, euskara ikasgai moduan bakarrik izanda.
Hasieran, ez diozu garrantzirik ematen euskara jakiteari, baina gero denbora pasa den heinean, konturatzen zara guretzat garrantzitsua zela euskara jakitea, gure arbasoek esfortzua ikusita: hemen egindako lana, Argentinara joan beharra…
Ni (Mikel) 18 urterekin, unibertsitate garaian, udan batean barnetegi batera joatea erabaki nuen. Lagunek esaten zidan “ikasturte osoa ikasten egon ondoren, orain ere ikasten jarraitzera?”, baina ez zen bakarrik hizkuntza bat. Familiako guztiek animatu ninduten. Gero, AEKn hiru urtez egon nintzen C1 lortu arte.
Ni (Iker) txikitan Barañainen ikasi nuen eta lehengo urtean Tafallako AEKn urte batez egon nintzen. Orain seme txiki bat dut eta ezin, baina etorkizunean ikasi nahi dut.
Seguraski, lerro hauetara arte ailegatu zaretenok ni bezainbeste harrituko zineten bi bizilagun hauen birraitonarekin eta haien bilakaera familiarrarekin. Are gehiago, duela mende bat bizi ziren nafartar esanguratsuen inguruan dugun ezjakintasunarekin. Garai hartako hautu eta ahalegin handiez baino, egungo begirada laburraz mintzatzen zaiguna.
Deja tu comentario