Elkarrizketa Paul Urkijori, Irati filmaren zuzendaria
Joan den astean estreinatu zen Irati filma Tafallan eta zinema aretoetako joerari jarraikiz, ikuslegoak harrera ona eman zion. 778an Ibañetako mendatean gertatutako batailatik abiatuta, amodio, epika eta fantasiazko istorio bat kontatzen digu, naturan errotuta zeuden eta zabaltzen zihoan fede berriaren arteko talka tartean delarik.
Euskara zail bezain eder, paisaia sinestezin bezain gutar eta protagonista basati bezain gizatiarrez baliatzen da ikuslea zirraraz betetzeko, eta bizi dugun mundu arrazional zein bihozgabe honetan ozen eta garbi esateko “izena duena badela”.
Ezin ukatu plazer bat izan dela Paul elkarrizketatzea eta pelikularen sorkuntza prozesuaren erraiak ateratzea. Marik gorde zaitzala!
Bost urtez aritu zara proiektu honetan lanean. Jendaurrean aurkezteko gogotsu izanen zinen, ez da hala?
Bai, hasiera batean pelikula azaroan aurkeztekoa zen, baina hilabete horietan estreinaldi asko zeudenez ekoizleek otsailera arte atzeratzea erabaki zuten.
Sitgesen edo beste zenbait jaialditan ikusi ahal izan zen, baina bagenuen gogoa modu irekian zinema aretoetan proiektatzeko, hori baita bere helmuga. Itxaronaldia luze egin zaidan arren pozik nago, jasotako feedback-a ederra izaten ari baita.
Horrelako pelikula bat egiteak sekulako formakuntza eskatuko du. Mitologia, historia, epika… berebiziko lana.
20 urte daramatzat zinemagintzan eta fantasiaren zale amorratua naizenez, beti izan dut euskal mitologiari buruzko zerbait egiteko grina. Hasiera batean ezinezkoa ikusten banuen ere, esperientziarekin posible zela baieztatu dut. Lana gustura egin dut baina ezin ukatu gogorra izan dela.

Joxean Muñoz eta Juan Luis Landaren El ciclo de Irati komikia hartu zenuen abiapuntutzat, baina zeintzuk izan dira informazio iturriak guzti hau osatzeko?
Txikitan, gurasoek mendira gindoazenean kondaira ugari kontatzen zizkidaten eta betidanik batu izan ditut ipuinak etxean. Heldutasunera iristean gehiago jakiteko grina izan nuen. Joxe Miel Barandiaran edo Resurección María de Azkueren obra osoa daukat eta ipuin bilduma handituz joan naiz.
Antropologikoki ere formatu naiz; Andrés Ortiz Osesen Antropología Simbólica Vasca, La Diosa Madre eta beste zenbait ikerketa tarteko.
Historiari dagokionez; Orreagako bataila, natura, estela diskoideak, cromlech-ak… eta beste zenbait gairi buruzko liburu eta ikerketak irakurri izan ditut.
Iturri guzti horietatik edanez bakoitzetik zertxobait hartu dut kontakizunari forma emateko.
Istorioa garaiko Nafar Erresumako lurraldetan filmatu da osorik, zinez zoragarriak diren lekutan. Nola izan da paisaien aukeraketa?
Nik oso argi neukan naturaren protagonismoa beharrezkoa zela pelikularen epikotasuna lortzeko, are eta gehiago mitologia istorioaren ardatza izanda. Mendizalea naizenez, lokalizazio batzuk ikusita nituen.
Txango asko egin ditut baina filmean pertsona bat izan dugu lokalizazio bilaketan lanean. Bisualki eta narratiboki funtzionatu behar dute baina produkzio aldetik ere, gero bertara kamioiak eta abar eraman behar direlako.
Zein izan da bidean aurkitu duzun zailtasunik handiena?
Konplexuena beti dirua lortzea da, hori da mingotsena, duda barik. Leku naturaletan grabatzea ere ez da batere erraza eta sekuentzia batzuetarako figurante asko behar genituen, Orreagako batailan, adibidez.
Horrek urduritasun handia dakar baina aitortu behar dut oso gustora egin dudala lan. Erronka handia zen eta kreazio irtenbidetara jo dugu askotan sekuentziek itxura ona lortzeko.
Entzun dudanez Faltzeseko hipikako zaldiak erabili zenituzten filmerako.
Bai, beti errodajetan tokiko enpresekin lan egiten saiatzen gara, bai jasangarritasunagatik, zein bertako ekonomia sustatzeko.
Mintza gaitezen epikaz. Askotan zinemak lizentziak hartzen ditu historia bere erara kontatzeko, zenbaitetan hanka sartze sakonekin. Zure ustez, ba al dago mugarik?
Esango nuke ezetz. Zinema ez da historia eta ez dago zehaztasun historikoa duen pelikularik. Batzuek gehiago sakontzen dute dokumentazioan baina fikzioa beti fikzio.
Gu ahalik eta gehien saiatu gara dokumentazioa errespetatzen baina historia eta kondairaren artean nabigatzen duen kontakizuna da. VIII. Mendea garai iluna da, geroz eta gehiago dakigun arren.

Niri testuinguru polita iruditu zitzaidan gizartearen iruditerian desagertzear ziren izaki fantastiko horiei buruzko zerbait egiteko, baita Ibañetako bataila bezalako momentu historikoak kontatzeko.
Horregatik “Errolanen kantua”, frantsesen poema erromantikoa bezalako olerkiak ere kontutan hartu ditut. Gakoa historia eta legendaren arteko nahasketa bat egitean datza.
Errolanen kantua aipatu duzu… Kuriosoa da nola euskaldunak askotan galtzaile irtetzearen eraginez, gainontzekoen epikak irenstera ohitu garen, baita garaitutako batailetan ere. Euskal Herriko ikastetxetan ez da ohikoena historia nazio ikuspuntutik jorratzea. Zentzu horretan, beharrezkoa da euskal epika?
Ni epikaren maitale sutsua naiz, baina uste dut hezkuntzaren alorrean historia eta epika banandu behar direla. Gauza bat da fikzioa eta beste bat historialariek bildutako informazioa, gaurkotasunarekin konparatuz jorratu behar dena.
Epikarekin ere horrelako zerbait gertatzen da. Nik adibidez, elementu fantastiko horiek egungo ikuspuntutik jorratzen ditut, horren ezaugarri da protagonista nagusia femeninoa izatea.
Euskararen kontua ere aipatzekoa iruditu zait. Zertan oinarritu zarete hiztegia eta ahoskera osatzeko?
Hizkuntzaren moldaketa hori ikuslego euskalduna historian gehiago murgiltzeko erabili dugu. Errementari pelikulan bezala Gorka Lazkanoren lana bikaina izan da. Errespetu handiz egin du, iritzi asko kontuan hartuta, hemen Euskal Herrian denak filologoak garelako (jaja).
Hanka sartzearen beldurra beti hor dago baina gure asmoa ez zen garaiko euskara berreskuratzea, baizik eta ñabardura batzuk ematea, “h” hasperena edo “ka” silabaren ahoskera berezi hori, kasu.
Niretzat oso polita zen Mariren ezaugarri paleolitikoak berreskuratzea, hots, naturako indar guztien motore bezala irudikatzea
Filmaren pisu nagusia ordea mitologiak dauka. Zer dauka bereizgarri euskal mitologiak?
Hasteko, guztien gainetik, edo hobeto esanda, guztien azpitik (telurikoa delako) ama lurra dagoela da, Mari bere pertsonifikazioa izanik. Gure mitologiak ez du estruktura definitu bat, greziarrek panteoia zuten bezala.
Ahozko kontakizunen bidez igaro denez denborak eta zonalde bakoitzak bere modura moldatu du. Hala ere, forma edo izen ezberdinak ukan arren, Mari bertan ageri da beti, askotan ezaugarri amankomunekin.
Azken aztarnek diote K.a. 8.000. urtea baino lehen, kultura aurre-indoeuroparrean ama jainkosa bat gurtzen zuen erlijioa zabaldu zela, zeinaren arrastoak aurkitu dira Anatolian (Turkian), Lituanian edo Maltan, esaterako: tenpluak, figurak, marrazkiak, etab. Dirudienez guztietan elementu batzuk errepikatzen ziren.
Erlijio indoeuroparrak sartzerakoan jainkosa horrek beste forma batzuk hartu zituen: Egipton Isis, Babilonian Ishtar, grekoentzat Artemisa, erromatarrentzat Venus edo Cibeles… Figura hau zenbait mitologiatan mantendu da, baita erlijioetan ere, kristauen Maria bezala.
Istorioa beti berdina da: Bere semea (eta maitalea askotan) jainko nagusiaren oinordekoa da, bere burua sakrifikatzen duena gero berriz berpizteko, Jesusen kasuan bezala edo Isis eta Osirisen kasuan bezala, zeinek eguzkiaren joan eta etorria irudikatzen duten.
Gurean Mari eta Sugaar izango genituzke.
Zein da zure jainko, pertsonai edo kondaira gustokoena?
Beti gustatu izan zaizkit Marik animali itxura hartzen duen pasarte horiek, esaterako, zaldi bihurtuta, basoan galtzen direnak bahitu eta bere kobazuloraino eramaten dituenean.
Baina gaueko izakiak ere asko gustatzen zaizkit, Gaueko bera edo Inguma, lotan zaudela eztarrian korapilatzen zaizula. Agian aurrerago zerbait egingo dut hauekin.
