Bideoklip bat:  Residente -This is not America

Residentek ahoa irekitzen badu ez da gauza xamur eta lirainak esateko. Hona hemen bakarlariaren beste maisulan bat. Hala ere, honakoan bideoak ematen dio balio gehigarria eta benetako ikusgarritasuna.

Originala eta hunkigarria iruditu zait. Abestiak yankien errelato mendebaldarrak istali duen Amerika horretaz hitz egiten du; aldirietan hezitakoa, gizartearen zulorik sakonenean, poliziaren bala artean baina arbaso natiboen ausardiarekin. Gogoan izan, Amerika Argentinatik Kanadaraino doa, ez diezaiegun Estatu Batuei merezi ez duten izena bereganatzen utzi.

Abesti bat:  T.U.S.H – No, no, no

Hona hemen glam, rokanrol eta pub-rock musikaren maitaleentzako bitxikeri bat. T.U.S.H. 70. hamarkadako belgikar talde bat da, We’re Just Boys izeneko diska bakarra atera zuena. Youtuben entzugai duzue osorik.

Talde bat:  Yellow Stitches

Hauek ziur ez dutela Residenteren abestia entzun. Yellow Stitches 2011n Manchesterren (New Hampshire, EBB) sortutako oi! taldea da. Good Times, Violent Crimes (2012) izeneko diska bakarra dute soilik, zeinetik ondorengo abestia nabarmentzen den. Niri musikalki gustatzen zaizkit, punkrock amerikarra eta oi! gogorraren arteko nahasketa bat dira.

Bideoklipa gozada bat da: skin kuadrila bat (ezin eta yankiagoak) barbakoa bat egiten, elkar joka, astakerietan, armak eskuan, etab. Taldearen izaera nahiko ongi definitzen duela esango nuke eta suposatzen dut haien letrak ildo hortatik doazela.

Abesti bat:  Makhnovtchina

Étienne Roda-Gil frantziarrak 1968an idatzitako abesti honek Ukrainako Insurrekzio Iraultzailearen Armada edo “Armada Beltza” (1917) bezala ezagutzen denari buruz hitz egiten du. Errusiako guda zibilean borrokatu zuen armada anarkista bat izan zen, Nestor Makhnok zuzendu zuen gerrilla bat, alegia.

Hasiera batean Armada Gorriarekin batera, Armada Txuriaren aurka borrokan ibili zen. Gerora, Ukrania alemandar aliantzaren eskutan geratzean Armada Berdearen aurka borrokatzen ibili zen. Azkenik, iraultzaileek boterea berreskuratzean, boltxebikeak haien aurka oldartu ziren, anarkistek estatuaren kontra defendatzen zituzten autodeterminazioaren ideiak ez zituztelako gustoko.

Historiak dio gorriek negoziazio mahai batera deitu zituztela eta beltzen agintari nagusiak azaltzean traiziopean hil zituztela. Nestor Makhnok Parisera alde egitea lortu zuen eta bertan Buenaventura Durruti ezagutu zuen. Armada beltzaren leloa honakoa zen: Libre bizi ala hil!