Sexuaz hizketan Itsaso Bakedanorekin

Zalantza barik, Itsaso ez da inoiz lotsatia izan eta komunikatzeko gaitasun itzela izan du beti. Sansoaindarra sortzez eta sexologoa bokazioz, ez du ahoan ilerik askori lotsa, beldurra edo aurreiritziak sortzen dizkion gai potolo honetaz hitz egiteko: sexuaz, hain zuzen.

Zer dauka sexuak horren naturala bezain konplexua izateko? Zergatik ez gaude ohituak mahai gaineratu eta bere aldaerak bost zentzumenekin ulertzeko? Ferekatik begiradara, sexua guztion bizitzaren parte da eta, nahi ala ez, harekin elkar ulertzeak, gure burua ezagutu eta bizitza bera ulertzeko ahalmena dakar askotan. Bada, hautsi ditzagun langak eta hitz egin dezagun sexuaz!

Kontaiguzu Itsaso, nola sartu zinen sexologiaren mundu konplexuan?

Berez ez zen hasiera batetik erabakitako hautua. Formakuntzari dagokionez, antzerkigintzan abiatu nintzen eta gerora Nafarroako Hezitzaile Eskolan burutu nituen ikasketak. Ondoren, psikologia ikasten ari nintzela, oposaketak atera nituen Uharteko Udaleko Gazteria arloan lan egiteko. Bertan konturatu nintzen gazteekin lan egiteko sexologian formakuntza behar-beharrezkoa zela. Animatu eta masterra atera nuen.

Gerora ohartu nintzen, ez bakarrik gazteekin, baizik eta gizarteko adin tarte guztiekin lantzeko kontua zela sexua.

Zertan datza zure lana?

Bi multzotan bana genezake. Alde batetik, sexu-hezkuntza tailerrak; ikasleei (LHtik batxilergoa arte, batez ere), familiei edo langile profesionalei bideratuak. Azken hauek gehienbat irakasleei bideratuak dira, baina erizaintzako lanbide eskolan ere eman izan ditut, esaterako, pazientearekin intimitatea nola landu aztertzeko.

Tailer hauek, dena den, gizartearen edozein sektorera bidera daitezke. Duela gutxi, adibidez, Baztango jubilotekan ibili naiz kafe tertuliak egiten, oso interesgarriak izan direnak

itsaso_bakedano_2

Bestetik, kontsulta bat daukat Barañainen, psikologo batekin partekatua. Goizetan, leku batetik bestera nabil, Euskal Herri mailan egiten dudalako lan. Aipatu behar dut Erason bizi naizela ia estrategikoki; Donosti, Gasteiz eta Iruña artean kokatua dagoelako. Gasteizko Emaize Sexologia Zentroarekin asko egiten dut lan, adibidez. Arratsaldetan, ordea, kontsultan ibili ohi naiz.

Honetaz gain, orain ere Xaloa telebistarekin ari naiz lanean hainbat saio egiten eta Euskalerria irratian ere kolaboratzen dut noizean behin.

Kontsultari dagokionez, zein nolako laguntza da?

Sexu falta bikotean, desira kontuak, komunikazio arazoak, plazerrak… Kuriosoa da ematen den galdera ugarienetako bat zera dela: “hau normala da?” Gehienetan erantzuna baiezkoa da, ohizko arazoak dira, nolabaiteko tabua diruditen arren, jende askori gertatzen zaizkionak.

Normalean kostatzen zaigu gure intimitatea beste norbaiti zabaltzea baina jendea oso pozik irteten da. Askotan umore kontestuan ematen da, gainera. Ez da terapia psikologiko bat, lanketa askatzaile bat baizik. Gehienetan sexuarekiko arazoak hezkuntza faltagatik gertatzen dira. Eskolan ez digute irakatsi, esate baterako, erekzioak ez direla beti ematen.

Gure merindadean lan egiten ibili zara ere, ez?

Bai, azaroan Ikastolan egon nintzen LH eta DBHko gurasoekin. Orain beste proiektu potolo bat darabilt eskuartean, Erdialdeko Garapen Partzuergoarekin lotutako hezkuntza tailerrak, zazpi ikastetxetan: Erriberri, Pitillas, Rada, Uxue, Kaparrotsu, Beire eta San Martin. Bestalde, Baldorban ere gazte zein helduentzako hitzaldiak lotuak ditut bertako Udalekin.

Sar gaitezen mamian. Galdera potoloa hasteko: zer garrantzi dauka sexuak bizitzan?

Izaki sexuatuak gara eta hori ezin dugu ekidin, beraz, sexuak berebiziko garrantzia duela esango nuke. Berdin du zein arlotan: aitatasunaren bidean, bikotea aurkitzeko, gure gorputzarekin plazerra bilatzeko… Gainontzeko pertsonekiko erakarpena, adibidez, sexuala izan ala ez, gure egunerokotasunean dagoen zerbait da. Gauzak horrela, ezin gara bizi sexua existituko ez balitz bezala.

Zein adinetan hasi behar da sexuaz hitz egiten?

Oso barneratua dugu nerabezaroko zerbait dela, baina normalean gazte bati sexuaz hitzegitera zoazkionean berandu da, honek iada beste nonbaiten ikasi duelako. Beraz, sexualitateaz jaiotzatik heriotzera arte hitz egin behar dela uste dut, adin bakoitzari moldatutako edukiekin, noski.

“Pornoaren problematikak lotura handiagoa du hezkuntza digitalarekin, sexualitatearekin baino»

Hots, ume txiki bati ez diozu sadomasokismoari buruz hitz egingo, baina bai haurrak nondik datozen. Gainera, ez da beharrezkoa norberaren intimitateak kontatzea, ipuinak edo bestelako errekurtso asko dago horretarako.

Dena den, sexuak tabua izaten jarraitzen du?

Dudarik gabe. Familia giroan tabu handia da eta eskolan ere ez da asko lantzen. Ugalketa liburu gehienetan, kasu, klitoria ez da aipatzen ere. Genitalak agian azaltzen dira, baina non gelditzen dira erakarpena edo fantasiak? Beti diot plazerra sentitzeko bost zentzumenak ditugula, ez soilik ukimena.

Nerabezaroan, askotan, lehenengo esperientziak pornografiarekin lotzen dira. Zein eragin dauka horrek?

Gaur egun pornografia oso eskura dago, guztiok dugulako mugikor bat ondoan, geroz eta gazteagotik gainera. Findu behar dena, sexualitatea baino, hezkuntza digitala dela esango nuke. Honen harira, orain guraso elkarteak sortzen ari dira mugikorra izateko adina atzeratu nahian.

Berez, pornoa aspalditik existitu da, baina noski, ez zein hain eskuragarria. Lehen nerabezaroan aldizkari bat lortzeko gorriak eta bi ikusten genituen. Berdin pelikulekin, gogoan dut Zubiako bideoklubeko XX sekzioko pelikula bat lortzea prozesu luzea zela (jaja)… 18 urteko baten agiria lortu, ikusteko etxe bat bilatu, bideoklubekoak edo gurasoek ez deskubritzea… Orain hori klik batekin soilik lortu daiteke.

Era berean, gaur egungo pornoa, lehengoa bezala, sexista, arrazista edo gordofobikoa da. Eredu oso markatuak dira, aniztasunetik eta errealitatetik urrun daudenak gehienetan.

Uste duzu zentzu horretan pornorako sarbidea gehiago mugatu beharko litzatekela?

Frantzian horrelako zerbait egin dute. 18 urte baino gehiago baduzu nortasun agiria eman behar duzu, baina hori ere kontrol soziala areagotzea da. Nik uste garrantzitsuagoa dela auto-estima eta pentsamendu kritikoa lantzea. Zuk kriterio aski badaukazu, ohatzen zara ikusten ari zaren horren atzean dagoenaz, eta badakizkizu bereizten praktika zapaltzaileak erlazio sanoetatik, edo fikzioa errealitatetik.

itsaso_bakedano_2

Sexuak autoestimuarekin lotura zuzena dauka, beraz.

Guztiz. Zentzu horretan, autoestimua batez ere etxean jasotzen dugu eta gehienetan maitatzeko arazoak dituzten pertsonak txikitan aski maitatuak izan ez direlako da. Kasu, gure burua ongi tratatzen ez badakigu, ez gara gai izango beste norbait ongi tratatzeko.

Uste duzu nerabezaroan gure sexualitatea argi daukagula? Zentzu horretan zer uste duzu transexualitate goiztiarrari buruz?

Gai konplexua da. Nik uste dut haur batek badakiela mutila edo neska sentitzen den, helduen edo ingurukoen begiak dira, ordea, hori ikusten ez dutenak. Transexualitatea ez da bat batean erabakitzen den zerbait, pertsona horri antzinatik datorkion sentimendu bat baizik, bere gorputz biologikoarekin bat ez datorren arren, ulergarria dena. 

Nerabezaroa zalantzaz betetako garaia da, baina ez bakarrik sexualitatean. Berez, bizitza zalantzaz beterik dago alor guztietan. Dena den, agian gurasoak dira haien seme alabekiko ikuspuntua zalantzan jarri eta hauen sexualitatea ulertzen saiatu behar direnak.

Aiton amonen garaietan esperientzia sexualak oso mugatuta zeudela zirudien, gaur egun, ordea, badirudi bikote bat izan baino lehen sekulako kurrikuluma izan behar dela sexu esperientzietan. Hiper-sexualizazio garaietan bizi gara?

Lehen agian oso klandestinoa zen zerbait zen, bikote kontua eta kalean konpartitzen ez zena. Lehen ez zen kontatzen bikotea ohean tapatu eta bekokian muxukatu zenuela etxetik irten aurretik. Orain beste muturrera joan gara eta honekin eta bestearekin liatu naizela kontatzen da.

Hor gakoa zera da, zergatik dauka pertsona horrek guzti hori kontatzearen beharra? Gau ero batean hau eta bestela egin duela… Kontrakoz, samurra den hori (maitasun keinuak, urte asko daramaten bikoteak…) ez dira baloratzen.

Hori gure kontsumo gizartearekin lotuta dagoela esango nuke. Zerbait gaizki badoa bota eta beste bat erosten dut. Berdin bikoteekin, konpontzen saiatu ordez, moztu eta beste baten bila. Agian terapia bat behar da, edo konpontzen saiatu. Krisiak ere normalizatu behar dira, nola ez da egongo krisirik 5 urte elkarrekin daraman bikote batean? Normalizatu dugu ezezagun batekin zera egin dudala kontatzea, baina nire bikotearekin txortan egiten ez dudala ordea ez du inork kontatzen.

itsaso_bakedano_2

Argi dago garai zailak direla bikote egonkorrentzako…

Lehen esandakoagatik dela uste dut, azkar bizi den gizarte batean gaude, luzerako erabakiak hartzeari beldur diona. Esango nuke gure gurasoek ez ziotela gauzei hainbesteko bueltarik ematen. Hipoteka batean sartu, seme alabak izan… ez dut esango hobea edo okerragoa denik, baina orain, hiri handietan batez ere, konpromisoa existitzen ez den zerbait da. Martziano batzuk gara bikote luzeak ditugunak.

Badirudi erakarpena galtzen denean edo krisi bat dagoenean amaitu behar dela dena. Baliteke, baina hori ez da aukera bakarra. Badirudi etengabe esperientzia berriak behar ditugula, baina agian hori ere konpromisoarekin bateragarria izan daiteke.

Ligoteoari dagokionez, zein teknika gomendatzen duzu? Tinder eta horrelakoez zer deritzozu?

Oinarrizkoa nor bere buruarekin zintzoa izatea da. Bakoitzak zer nahi duen ongi jakitea. Batzuetan badirudi formula bat jarraitu behar dela: gau batean pertsona batekin ligatu, bata zein bestearen etxera joan eta egin beharreko koreografia egin, kito. Hori ez da horrela, agian norbaiten autoestimurako muxu bat sekulako fantasia izan daiteke, edo elkarrizketa bat.

Ligatze klasikoa inposatu zaigun sekuentzia bat da, zer esanik ez ohean sartzen garenean eraman beharreko pausoez. Badirudi gau batean norbaiten telefonoa lortzea ez dagoela pertsona horrekin oheratzearen maila berean.

Hor buruak haustu behar ditugu eta jakin sekuentzia hori nahi dugun ala ez. Noski, ausardia behar da ere bai, baina bizitzaren beste aspektu askotan bezala. Frogatzean kalabazak jasoko ditut agian, baina frogatu gabe ziur ez dela baiezkorik egonen.

Sareei dagokionez, ba agian errazagoa izango da behatz potoloa mugitzea prozesu guztia lantzea baino, baina horrek batzuetan afektibitate faltara eraman gaitzake, gorputzak kontsumitzera besterik ez. Hala ere, maitalea edo bikotea topa dezakezu bertan, zergatik ez?

Bikote batean, zein papera izan behar du sexuak bikote erlazioetan?

Bakoitzak erabakiko du. Badirudi sexu gabeko bikoteak lurperatu behar direla, baina agian horren gainetik sekulako maitasuna edo elkarbizitza daude. Bost axola hetero edo homosexuala izatea, sexua ez da bikote baten zutabe zentrala izan behar, koktel baten parte baizik.

Gainera, sexua ukimenarekin lotzeko joera dugu beti, baina agian kalean lagun artean poteatzen zaudelarik elkarri bideratutako begirada bat larrua jotzea baino adierazgarriagoa izan daiteke. Sekretuak, intimitate momentuak, elkar ulertzea… Elkarrekin hotzak garbitzearen momentua, adibidez, hori bai intimoa!

Gehiago jakin nahi baduzu:

Edo artekaritza sexuala behar baduzu, jarri kontaktuan Itsasorekin: 623 270 981 | kuku@itsasobakedano.eus | @itsasobakedano | itsasobakedano.eus