Diska bat:  Skara Brae – Skara Brae

Skara Brae irlandar musika tradizionalaren ikono bat da, ibilbide motz zein esanguratsua izan zuena. Hau da haien diska bakarra, musika zeltaren altxor bat bilakatu dena osorik gaelikoz egoteagatik eta ahots armonia zoragarriengatik.

Taldea Ó Domhnaill anai arrebek osatzen zuten Dáithí Sproulerekin batera. 60. hamarkadan Ranafasten (Irlandako iparraldean) kokatutako herrixka batean irladar hizkuntza ikasten ari zirela hasi ziren taldea osatzen. 1971an diska argitaratu eta urtera taldea desegin zen. Musikariak ordea, irlako beste talde esanguratsu askotan ibiliak izan dira.

Taldea gutxitan itzuli da ordutik, soilik 1997an eta 2005ean emandako kontzertu parea jotzeko eta 2013an EEBBetatik egindako bira motza burutzeko.

Talde bat: Fisherman´s Friends

Duela gutxi ezagutu nuen taldea haren istorioa kontatzen duen pelikula bati esker eta benetan zoragarria iruditu zitzaidan honen jatorria. Port Isaac, Ingalaterrako Kornualles konderrian 1995ean sortutako talde bat da, arrantzalez osatua.

Itsasoaren bakardadean, haien ontzian salomak (itsas lanetan abestu ohi ziren koplak) kantatzen zituen arrantzale koadrila bat zen, gerora haien herrrixkan zuzeneko humilak ematen hasi zena. 2010. urtean “Universal Music” disketxe famatuko kide bat oporretan zegoela aktuazio horietako bat ikusi eta txundituta geratu zen. Diska bat grabatzea proposatu zien eta sekulako arrakasta izan zuten, Erresuma Batuko zerrenden lehenengo postuetara helduz.

Garaitik hona taldekideak aldatuz joan diren arren haien esentzia arrantzale eta herrikoia mantendu da erabat. Gainera, maiz elkartaasun kontzertuak eman dituzte kausa ezberdinetarako.

Bideo bat: Sofokaos – Eromenarekin dantzan

Antsoaingo laukoteak diska berria kaleratuko du laster eta bideoklip forman aurreratu dituzten abestiak ikusita itxura paregabea du.

“Erlojuaren orratzak” despresioari buruz mintzatzen bazen tonu menorrekin, honako hau, “Eromenarekin dantzan”, lagunen arteko berotasunaz eta rokanrol gau eroez hitz egiten du konplexurik gabe, urrezko akordez lagunduta. Diskak “Errealitatearen beste aurpegia” izango du izenburu.

Abesti bat: Larragako joteroak – Xuberoa Nafarroa

1980. urtean Etxahun-Iruri musikari zuberotar hil berriari omenaldi bat egin zitzaion Iruñako Gaiarre antzokian eta bertan, lehen aldiz taulagainean, euskarazko jota bat abestu zen, hauxe bera, ikuslegoaren biba eta txalo zaparrada artean. Larragako joteroak izan ziren, hain zuzen, jota horri ahotsa jarri ziotenak.

Gerora Ataiar errondailarekin batera Enrique Arellano apaizak konposatutako jota batzuekin diska bat atera zuten, benetan oso interesgarria behar lukeena izan musika mota honen maitale ororentzat. Euskarazko kanta batzuk izateaz gain, abesti protestak ere baditu, baita ere, nola ez, izaera herrikoia duten eta kultura goraipatzen duten beste batzuk.