Baigorri eta Tafallaren arteko topaketek utzitako sentipenak partekatzeko bertako hiru lagunekin elkarrizketatxo bat egiteko plazerra izan dugu

Betti Bidart, herriko zinegotzia da, jubilatua, zurgin izandakoa; Bixente Hirigarai, Udaleko animazioko langilea eta Pantxo Hirigarai, Irulegiko irratiko kazetari ohia.

Urriaren 16 eta 17an Tafalla eta Baigorriren arteko topaketak izan ziren, nola bizi izan zenituzten? Zein da zuen balorazio orokorra?

Biziki interesgarri iduritu zitzaukun Tafallako jendea ezagutzea. Hurbiltasuna egiteko eta anaitasuna sendotzeko gogoa senditu dugu. Beraz, harremanetan segitzeko nahia oraindik azkarragoa da.

Agian baigorriar gehiagoren parte hartzea merezi zuken ikusiz zonbat tafallar etorri zen. Topaketak segitzea beharrezkoa da (izan formalki edo ez) jende gehiago lotzeko gure aldetik.

Comida popular baigorri

Comida Popular. Se repartieron pañuelicos con los escudos de Tafalla y Baigorri

Pertsonalki, noizdanik duzue harremana Tafallako jendearekin?

Pantxo: Ene lehen harremana ukan nuen lehen senidetze entsegua egin zelarik 1979an. Tafallarat joan nintzen beste baigorriar batzuekin. Jendea ezagutu nuen bainan parezkatzea galdu zenez ondotik, nik ere harremana galdu nuen.

Duela hiruzpalau urte berriz lotu gira tafallar batzuekin eta han bizi diren Baigorri aldeko Andde Olatz eta Ana bere lagunari esker.

Betti: Tafallar batzuk ezagutu ginituen Tafallan berian beste lagun batzuen bidez. Harremanetan segitu ginuen eta lehen haustekundea izan zirelarik Tafallan, Joxe Mari Espartza izan zen besten antolatzailea eta harekin antolatu ginuen Baigorri-Tafallaren arteko senidetzea.

Nahiz eta senidetzea gelditu zen, harremanek pertsonalki iraun dute, Nafarroaren Eguna, San Fermin edo Nafarroa Oinez bezalako bestekin.

Ondotik, 2014 inguruan bi herrietan udaletxeko kontseiluak aldatu zirelarik eta hemen gu pasa ginelarik, harreman ofiziala berriz martxan jarri ginuen. Arturo Goldarazena etorri zen honara 2016an eta senidetzea serioski aipatu ginuen berriz.

Bixente: Nik pertsonalki tafallar batzuk ezagutzen nituen gaitari esker. Bainan, harremanaren momentu garrantzitsuenak aurtengo topaketen prestaketan eta topaketetan bertan gertatu dira.

Baigorriko-Frontoian-jendea

Egun, gure bi herriek estatu desberdinetan bizi behar duten arren nafarrak gara denak. Zeintzuk dira, zuen ustez, gure arteko antzekotasunik handienak? Zerk lotzen gaitu?

Iragan beretik ateratzen girelako kontzientziak nolabait batzen gaitu. Erro berdinak ditugu. Gaur egun, dudarik gabe, euskararekiko atxikimendua daukagu amankomunean eta hori ez da gutti.

Hirugarrenik, baigorriarrek tafallarrek bezala beste jendeen ezagutzeko kuriositatea partekatzen dugu eta horrek harremana errezten du.

Zeintzuk dira ordea, bi herrietako jendearen arteko desberdintasunik nabarienak?

Herriak biziki ezberdinak dira. Tafalla hiri kontzentratu bat da, Baigorriko biztanleria baino kasik hamar aldiz haundiagoa. Gu herri ttipi batean bizi gira lurralde zabal batean hedatua den 1.500 pertsonako biztanlerekin.

Aktibitate ekonomikoa ere ezberdina da: laborantxa nagusi Baigorrin. Ezberdintasun garrantzitsu bat bada ere gizartean. Tafallarrak ainitzez gehiago karrikan bizi dira gu baino. Harreman sozial azkarragoa duzuela pentsatzen dugu.

Bukatzeko, anekdota umoretsu bat: antolakuntzan ez dugu ber egiteko manera. Tafallarrena zorrotzagoa da… gurea agian lasaiagoa!

Baigorriko Dantzariak

Los Dantzaris de Baigorri en  Kalejira

Baigorriri dagokionez, zein egun gomendatuko zenigukete bertara joateko? Zeintzuk dira bertako jai egun nagusiak?

Herriko egun garrantzitsuena Nafarroaren Eguna izaten da. Normalean apirileko azken igandean ospatzen da. 2022an larunbat batez eginen da, apirilaren 23 edo 30ean. Data ez da oraindik aukeratu.

Agorrileko lehen asteburuan herriko bestak izaiten dira. Egun guziz etortzea gomendatzen dugu! Larunbatean merkatua egiten da. Abenduko lehen larunbatean ere merkatu haundi bat antolatzen da.

Zer egin dezakegu Baigorrin asteburua pasatzera bagoaz?

Herriak berak eta bere hamazazpi auzoek bisita bat merezi dute. Honekin batean Nafarroa Behereko historiari buruzko zentro berria ikusten ahalko da laster. Hemen arno ekoizpena aktibitate garrantzitsu bat dagoenez, mahasti eta soto ugari daude.

Baigorri mendiz inguratua da eta ibilaldi ederrak egiteko parada bada.