Spanta la xente – Díes de barricá
Don Pelayoren kondairak, sagardoa botatzeko modu berezia eta kostaldeko haizea ez dira ezer Asturiasek izkutuan gordetzen dituen historioekin konparatuta. Eta leku izkutuenean, lurraren barnean bertan aurkitzen da meatzariaren irudia. Langilea, errebeldea, mitoa eta martiria. 1934ko iraultza da horren adibide. Asturiarren erretina kolektiboan hiltzaturik geratu zen data, esperantzak heriotz bihurtu zirenekoa. Guda horrek hildako bezainbeste oinordeko utziko zituen, alajaina, eta gaur egun arte izan diren meatzarien matxinadak horren lekuko dira. Ez dira gutxi meatzari iraultzailei egin zaizkien ereserkiak, hau da haietako bat.
Talde bat: The Nipps
The Nipple Erectors (The Nips) ezagutzean berehala gustatu zitzaidan. Irletako garaiko garage eta punk melodikoa, sinplea bezain bikaina. Shane MacGowan handiaren pausoak atzeraka jarraituz aurkitu nuen. Gaztetan sortu zuen taldea izan zen, The Pogues osatu baino lehen, orduan hortzak ongi zituen eta guzti. Punkaren zaletuentzako zarata ona.
Abeslari bat: Jean Ferrat
Frantziar protesta abestiaren ikonoa izan zen. 1930ean jaioa, ez zuen haurtzaro erraz bat izanen geroko Frantzia okupatuan. 9 urte zituelarik bere aita, jatorriz errusiarra, Auschwitzen hil zuten naziek. Bera, militante komunista batzuei esker salbatu zen heriotzaz eta horrek bere pentsaera politikoa markatuko zuen betiko.
Bere konposizioek musika tradizionalaren osagai guztiak dituzte eta besteak beste Louis Aragon olerkigilearen letrei musika jarri zien. Tipo elegantea, jakituna eta ahots leun bezain baxua. Noizean behin ez dator gaizki distortsioa itzali eta musikaren maisuetaz ikastea. Ez diot musika kañeroa baino “helduagoa” denik, baina sakonagoa suertatzen da bakarrik gaudenean. Abestiari dagokionez, mendizale guztiendako omenaldia!
Bertsio bat: Sorotan Bele – Marinelaren zai
Euskal musikaren klasiko maitagarrienetako bat, baina ba al zenekiten abesti eskoziar herrikoi batetik hartua dela? Willy O’Winsburyren historioa kontatzen du eta marinelarena bezain ederra da.
Kuriosoa da irlandar edo eskoziarren musikak euskaldunoi sentiarazten digun konplizitatea. Folkaren arima bera omen dugun herriak gara, historiak eman dizkigun antzekotasun guztiengatik lotuak. Sorotan Bele handiek ondo jakin izan zuten izaera hori musikalki islatzen. Estekan abesti originala uzten dizuet, euskaldunena aski entzuna dago eta.