Ekainak 4an izango da eta ikastetxearekin zer ikusia izan duen persona oro dago bertara gonbidatuta
“Ogi gogorrari hortzak zorrotz” dio euskerazko atsotitz ezagun batek. Ikastolan ongi ikasi dute hortzak zorrozten ogi gogorrenari ere hozka egiteko ez baitira gutxi izan mende erdian zehar aurrean izan dituzten trabak.
Hala eta guztiz ere, gaur egun sasoi betean dagoen ikastetxea da eta bere 50+2 urteak ospatzeko datorren ekainaren 4ean festa egun erraldoi bat antolatuko du, zentroarkin harremana izan duen persona orori gerturatzeko gonbitea zabalduz.
Jai jendetsua izatea espero da, jende andanak osatu baitu mende erdiko ibilbide luze hau. Gaur egun 318 ikasle daude Ikastolan, 224 familia eta 40 bat langile. Horretaz gain, 646 ikasle ohi daude eta 450 familia ohi baino gehiago.
Bestalde, kontuan hartu behar ditugu lehenengo urteetan, bakarrik Haur Hezkuntza zelarik, ikasi zutenak; baita Ikastolan urte asko emandakoak ere, eta zenbait arrazoirengatik beren ikasketak ikastetxean amaitu ez zituztenak.
Gainera, urte hauetan guztietan 100 langile baino gehiago aritu dira lanean era batean edo bestean.

Gonbitearen eskuorrian azaltzen den bezala, urteurrena ospatzeko arrazoiak ez dira falta: “1970ean 52 urte betetzea arras zaila zirudielako; Ikastola abian jarri zuten familiengatik; OHOrako urratsa eman zutenengatik; jaia egitea merezi dugulako, bi urte ilun hauek Covid-19ren eraginpean bizitzeagatik; eta denok batera indarra hartu behar baitugu, berriro ere Tafallako “Nafarroa Oinez” arrakastatsua izan dadin”, azaltzen du Ikastolak.
Egitaraua
- 11:00 La Plana kaleko eraikinean Ekitaldi ofiziala
- 12:00 La Plana kaleko eraikinean Kalejira plazara Ikastolako talde kulturalekin
- 12:30 Plazan “Oinezek Herriari- Herri kirol Txapelketaren” FINALA
- 13:45 Plazan Ikastolako Ikasle Ohien Elkartearen aurkezpena
- 14:00 Plazan “50+2” urteurreneko argazkia
- 14:30 Kirol Hirian Bazkaria: Hasierakoak / Paella / Postrea / Kafea Helduak: 30€ / 16 urtetik beherakoak: 15€ (Kopurua bazkaria eta eguneko gastu guztiak ordaintzeko erabiliko da). Bazkalostea Kirol Hirian “Ikastola Kantuz” Puzgarriak Kontzertuak
*Bazkarian izena emateko Laboral Kutxako honako kontu korronte honetan ingresoa egin behar da maiatzaren 6a baino lehen: ES97 3035 0114 18 1140044246; Izena eta abizenak zehaztu eta helduen zein txiekien kopurua ere bai.
*Alergiarik baduzue edo menuarekin zalantzaren bat, jarri harremanetan Ikastolarekin maiatzaren 6a baino lehen.
Argazki eta bideo bilaketa Ikastolaren liburuarentzako
Urteurrenaren harira Ikastolak liburu bat argitaratzeko asmoa du, honen historia kontatzeaz gain argazki ugari jasoko dituena. Hori dela eta, Ikastetxearekin zer ikusia duten argazki bilketa bat burutzen ari da eta auzolanari men eginez nahi duen orok bere argazkiak bidaltzea eskatu dute.
Hauek dira irizpideak: Jende asko agertzea, Ikastolaren une esanguratsuak edo ekintza bereziak islatzea edo pertsona gutxi agertu arren, argazkia ederra izatea.
Ez hori bakarrik, etxean Ikastolaren argitalpenen bat, kartelen bat edo materiala izan ezkero, argazki bat egitea, eskaneatzea edo Ikastolara eramatea eskatzen da. Argazkiak helbide honetara bidali daitezke: ikastola@tafallaikastola.org
Bestalde Ikastolak argitaratu dituen bideoak, Nafarroa Oinezen bideoklipak nahiz kantak, inauteriak… ere bildu nahi dira. Ondorioz, etxean zerbait interesgarria izan ezkero helbide honetara bidali dezakezue: rosarbona@tafallaikastola.org
Deja tu comentario