Diska bat. The Beltones – Cheap trinkets
Aspaldikoak diren arren duela gutxi arte ez ziren nire belarrietara iritsi. Zelako talde puska! 1994an jaio ziren Floridan. Bi EP dituzte “On Deaf Ears”(1998) eta “Cheap Trinkets”(2001). Haien soinua oi! eta rokanrol biziaren arteko nahasketa bat dira. Stiff Little Fingersen antza dutela diote batzuek. Niri, ordea, lehen aldiz entzutean Skrewdriver etorri zitzaidan burura, ahotsaregatik batez ere. Baina lasai, hauek ez dira zerriak. Haien letrek modu sakonean galtzaileen istorioak kontatzen dituzte, non besteak beste, alkoholismoaz edo galdutako senideetaz hitz egiten duten modu krudelean.
Ep bat: Alvilda – Negatif
Hona hemen pandemiaren ondorioz sortutako beste talde bat. Iaz kaleratu zuen paristar laukote honek bere aurkezpen diska laburra, Alien Snatch Recordsen eskutik. Taldeak itxura ona du. Power-pop melodikoa jorratzen dute, doinu surferoz lagunduta. Los Fresones Rebeldesen bertsio frantses moduko bat dirudi. Espero dut behintzat hauen letrak horren horteroak ez izatea.
Talde bat: Basque Country Pharaons
Basque Country Pharaons 2001ean nafar hiriburuan sortutako rock talde makarra bat izan zen. Urte gutxi iraun zuen arren kontzertu ugari eman zituzten Euskal Herri zein estatu mailan. Taldea sortzearen helburua haien hitzetan honakoa zen: “doanik jan eta edatea, ahalik eta gehien”.
Punkaren eta rock komertzialaren itzalean hezi zen laukote honek orduko estreotipoekin hausten jakin izan zuen, “pelo largo y actutid” gerla oihuarekin underground eszenan bete-betean sartuz. Haien letrek iseka zein ironia zuten oinarri. Frontman bezala Iñigo Cabezafuego, gerora Bizardunak taldean eta bakarlari bezala ibilitakoa.
Abesti bat: Txomin Artola – Txakurren partia
Hamabostaldi honetako gomendio guztiak rokeroak izan ez daitezen hortxe doa abesti xarmangarri bat. Polita bezain tristea. Garaian arrantza ontzietan zakurrak eramaten omen ziren, ihesi zihoazen arrainak harrapatzeko. Zakur haietako bat da istorio honen protagonista.
Deja tu comentario