Talde bat: Tri Yann
60. eta 70. hamarkadetan europar nazio txikietako folk musikaren berpizkunde moduko bat gertatu zen, eta Bretainiako Nantes hirian jaiotako talde hau da horren adibide. Frantzian zein nazioartean, folk eta identitate bretoiaren adierazgarri nagusietako bat bihurtu ziren.
Musika zelta herrikoia egiten hasi ziren, 1972an haien lehen diska argitaratuz, “Tri Yann an Naoned”, sekulako arrakasta izan zuena. 78tik aurrera abesti propioak egiteari ekin zioten eta urteekin gitarra elektrikoak bezalako elementuak ere sartuko zituzten, alor musikalean aurrera pauso bat emanez. Egun jotzen jarraitzen dute eta haien zuzenekoak ikuskizun handiak omen dira, mozorro eta guzti ateratzen baitira.
Diska bat: Downtown Struts – Victoria!
Egia esan ez naiz punkrock amerikarraren zale amorratua baina lagun baten gomendioa jarraituz talde hau entzutean, ezin ukatu pasada bat iruditu zitzaidala. Taldea 2008an sortu zen, Chicagon. The Clash, Social Distorsion edo Rancid bezalakoen eragina izanik ez da harritzekoa haien estiloa: punkrock atsegina, urrezko akordez eta ahots melodia eramangarriz betea.
Lau LP eta EP bat dituzte, zeinetatik azken 2 LPak erabat gomendagarriak diren: “Sail The Seas Dry” (2011) eta, nire ustez hoberena, “Victoria!”(2012). Haien abestiak oro har nahiko antzekoak dira baina diskak oso entzungarriak egiten dira. Musika alaia eta soinu fina, alegia. Atera zuten azkena, “Hope You’re Dope”(2014), nahiko arraroa da, estiloa modu nabarmenean aldatu baitzuten, abesti motel eta tristeagoekin.
Abeslari bat: Frankie Flame
Hona hemen skinhead mugimenduaren pertsonai mitiko bat. Frankie gaztetatik sartu zen musikaren munduan. Tipoak pianoa eta gitarra jotzeaz gain abestu ere egiten du. Hasieran Sladeren tankerako hard rock banda batean gitarra jotzen hasi zen, Machine Gun izenekoa. U-boat glamrock taldetik pasa ostean Frankie and the Flames sortu zuen, taldeari ahotsa jarriz.
Gutxira Superyob street-punk taldearen abeslari bihurtu zen baita ere. Niri “Frankie Flame” bezala dituen abestiak dira gehien gustatzen zaizkidanak. Rock and rollaren eta Oi! musikaren klasikoen bertsio alai eta dantzagarri pila ditu, baita talde mitikoekin egindako kolaborazioak (Vanilla Muffins edo Evil Conduct esaterako).
Ereserki ugari utzi dizkigu: Sugar Oi! came on, On yer bike, Streetrock rules the World, She Is Like Plutonium… Gainera, Frankie pubetan bakarlari bezala jotzen ibiltzen da bere pianoaz lagunduta kaskamotzen ereserkiak abestuz. Pertsonai xelebrea duda barik…
Abesti bat: Victor Jara – El derecho de vivir en paz
Victor Jara musika iraultzailearen erreferente nagusietariko bat izan zen mundu mailan. Bere abestiek erakusten zuten musikariek gizartea eraldatzeko konpromiso irmoa izan zezaketela, eta bere ekintzak dira abesten zuena sinisten zuelaren erakusle. Pinocheten estatu kolpea heltzean komunista izateagatik atxilotu eta bortizki torturatu zuten.
Mingaina eta behatzak moztu ostean, berrogei tiro baino gehiago sartu zizkioten. Ideologietaz haratago, kontzientzia apur bat duen musikari ororentzako erreferente izan beharko luke. Antzerkigile, irakasle edo idazle bezala izan zuen papera ere txapela kentzekoa da.
Honako letra hau interesgarria iruditu zait hamabostaldi honetarako. Badirudi batzuentzako gerla duela hilabete batzuk Ukranian soilik hasi zela, baina ez dezagun ahaztu mundua beti egon dela gerlan inperio handietako jerifalteen interesengatik. Galdetu diezaietela bestela Donbasseko, Palestinako, Siriako, Yemeneko eta beste hainbat eta hainbat herritako biztanleei… Bakea lortzeko bide bakarra berdintasuna lortzea da. Balak beti txiroek irensten dituzte, eta gerla guztiak bulegoetan hasten dira.