Diska bat: Kaleko Urdangak – Bizirik

Bueltan da Barduliako skinhead rock and rolla! Urdangek haien azken lana kaleratu berri dute aste honetan bertan. Kaki Arkarazoren Garate estudioan sartutako orduek haien uzta eman dute, 10 abesti berri, iada taldearen estilo propioaren erakusgarri direnak. Oro har, diskak Nortasuna LParen ildoa jarraitzen du, bai musika zein letra aldetik.

Gitarreo eta estribillo itsaskorrak; kaskamotz izaera, aberria edo historiako zenbait pasarte jorratzen dituztenak. Besteak beste, Agosti Xahori eskeinitako abesti bat edo Barduliako ereserkien letren zatiekin osatutako kopla bat aurkitu ditzakegu bertan. Momentuz buelta pare bat eman dizkiot soilik baina itxura fina du, haien zuzeneko elektrikoetarako aproposa.

Bilduma bat: Chaos in Basque Country

Nostalgikoen iduriz urrezko garaiak sekula bueltatuko ez diren arren, ezin ukatu euskal Oi! mugimendua sasoi onean dela. Horren erakusgarri da mugimenduaren laburpen txiki bat besterik ez den Chaos in Basque Country bilduma berria. Laburpen txiki bat diot, ze talde pila geratu dira kanpoan. Hala ere, hamabi hauekin soilik argi geratzen da rolloak daukan aniztasuna eta kalitatea.

Azken boladan izaera autentikoa eta soinu bereizgarri eta originalak dituzten talde ugari atera dira, jende gaztea, garai bateko Barduliako soinuen hegemoniarekin dezente hautsi dutenak. Bildumaren diseinua paregabea da eta portadako ilustrazioa zer esanik ez.

Lurralde askok bezala (Chaos in France, Chaos in Italy, Chaos in Colombia, Chaos in Catalonia…), iada euskaldunok badaukagu nazioartean gure oi! rollo propioa proiektatzeko bildumatxoa, TAE records zigiluarekin mugituko dena.

Liburu bat: De profesión artista

Salbuespentxo bat egingo dugu Uhin artean atalean eta lehenengo aldiz liburu bat gomendatuko dugu, Txalapartak atera berri duen De profesión: artista. Tijuana in Blue eta Kojon Prieto y los Huajolotes taldeetako abeslari izandakoaren Marco Antonio Sanz de Acedo “Eskroto/Gavilan” handiaren historia kontatzen du, benetan irakurtzekoa dena.

Allokoak inork baino hobeto uztartu zituen jaia eta borroka. Pertsonai handia zen, alaia, originala, naturala eta kontsekuentea. Liburuan bere bizitzako pasarteak, egindako elkarrizketak eta lagun zein taldekideen testigantzak azaltzen dira. Argiz betetako persona baten historia, tamalez amaiera iluna izan zuena.

Diska bat: Oskorri – Katuen testamentua

Euskal folkak eta, hitz handiak badira ere, euskal musikak talde bereizgarri eta mitiko bat badu, hori Oskorri da. Bertako zein kanpoko musika eta literaturaren milaka erreferentziaren erakusgarri izan ziren, musika herrikoiaren zerrendan hiltzaturik geratu diren ereserki pila sortuz. Olerkari handien hitzei musika jarri zioten baina publiko infantilarentzako bideraturiko lan politak ere egin zituzten.

Txikitan, Marijane kanta zan zen nire gustokoena baina honako hau ere kristona da. Euskara bizkaitarraz kantatutako Labayru Ikastegiaren abestiak biltzen ditu, umeen parte hartzearekin baita ere. Txikitan gurasoek kotxean jartzen zidatela gogoratu nuen urte askoren ostean berriro entzutean, eta umeek euskal kantu jator eta dibertigarriak entzuteko horrelako bildumek kriston garrantzia dutela ohartu nintzen. Esker mila Oskorri, txikitatik erreferente izateagatik!