Bideo bat: La Inquisición – 1991

Azken boladako punk-rock talderik interesgarrienetakoa nire ustez. Topikoei ostikada bat emanez, erlijio katolikoaren hiztegiaz baliatuz imaginario propioa sortu dute abesti kritikoak egiteko, modu tetriko eta gordinean betiere. Punkaren eta oro har gizartearen dekadentziaz mintzatzen dira askotan baina honako bideo honetan haien influentzia izan diren taldeei omenalditxo bat egiten diete.

Bideoa oso originala iruditu zait, sekulakoa. “Tenevrae”, Kaleratu berri duten hirugarren lan luzea aurkezten duen bideoetako bat da. Aurreko bi diskak paregabeak direla esango nuke, lehenengoa batez ere, eta azken hau soilik pare bat aldiz entzun dudan arren, forma onean jarraitzen dutela esango nuke.

Diska bat: Nøgen – Under Alt

Donostiko boskotearen lan berria, hirugarrena. Egun Euskal Herri mailan ospe gehien lortu duen taldetako bat. Haien formula? Pop musika eta ipareuropako folkaren arteko konbinaketa. Musikari finak dira gainera, doinu entzungarri eta alaiak letra nostalgikoekin konbinatzen dituztenak. Neskaren ahots ederrak eta koroz beteriko melodiek taldea oso entzungarria bihurtzen dute.

Eitb, Gaztea eta tankerako komunikabideek azkar ikusi zuten hori, antza. Lehenengo diskariari buelta pila eman nizkion eta bigarren honek, hasiera batean motibatzen ez ninduen arren, harrapatzen hasia nau.

Abeslari bat: Raimundo Lanas

Musika mota guztiek artista bereizgarri eta gaindiezinak eman dituzte. Soulak Aretha Franklin, popak Michael Jackson eta rockak Elvis, esaterako. Jotak erregerik badu hori Raimundo Lanas murelutarra da, artzai xume bat izatetik izar internazionalera pasa zena. “Nafar urretxindorra” ezizena ipini zioten bere ahots indartsu eta trino bereizgarriengatik.

Bere boza eternidaderako gorderik utzi duten grabazio eskasak entzutean oilo-ipurdia jartzen zait, eta jota Nafarroako musikarik bereizgarrienetako bat izanik, uste dut denok entzunaldi bat behintzat zor diogula. Orduko dantzaldi eta aretoak leporaino betetzen ziren emozioz beteriko zaletuekin, eta bere aztarna jotaren ibilbidean betirako geratuko zen hiltzatuta.

Pena da, hala ere, egungo jota eskolek bere teknikak jarraituz jota eredu berri bat sortu dutela, non ahotsaren kalitatean atentzioa jartzen den, kopla herrikoiak eta ahots ez hain politak alde batera utziz. Berreskura dezagun jotaren izaera herrikoia, politika edo erlijioaren gainetik napar eta euskaldun guztion ondarea baita.

Urtea agurtzeko abesti bat: Negu gorriak – Hemen izango bazina

2020 madarikatu honi agur esateko abesti bat pentsatzean hau okurritu zait. Faltan botatzen ditugun pertsonak beti datozkigu burura gabonetan, bereziki sentikor bihurtzen garen egunak omen direlako. Asko dira urte honetan lagun zein familiarrak galdu dituztenak, baita asetuko ez diren besarkatzeko nahiak ere. Egunen batean elkartuko gara denok eta merezi duen bezala ospatuko ditugu gabonak. Ea datorren urtekoak “normalagoak” diren. Zoriontsu izan!