Talde bat: Slade
1966an Birminghamen sortutako glamrock talde bat izan zen, 70. hamarkadaren hasieran Erresuma Batuko zerrendetako lehen postuetako errege izatera iritsi zena. Hasieran Beatlesen ukitua zuen rock and rolla jorratzen zuten arren glamaren olatura batu ziren, gerora heldu ziren talde askorentzako influentzia zuzena izanik (Kiss, Quiet Riot, Cock Sparrer eta baita The Clash edo Sex Pistols ere).
Haien pub rockak ereserki ugari utzi zituen: “Cum On Feel The Noize”, “Mama weer all crazee now”, “Far far away”, “Merry xstmas everybody” edo “Bootboy Give Us A Goal” abesti futboleroa, adibidez. Akats ortografikoekin izendatutako abesti horiek garaiko bootboy eta bovver mugimenduaren soinu banda izan ziren, futbol zaletuen eta hooligan mugimenduaren sustraien musika, alegia.
Hasiera batean kaskamotz itxura zuten, garaiko moda baizen, baina skinetoen mobidek haien izena zikintzeaz beldurturik tximaluze bihurtu eta piura arraroak janzteari ekin zioten, haien iruditeri propioa sortuz.
Bilduma bat: Reggaean jarrai
Euskal reaggaea inoiz baino indartsuago dago eta bilduma hau da horren erakusle. Azken hilabetetan kristo guztiak izan du reggae euskalduna ahotan “Reggae ala Hil” promozio kanpainari esker.
Lehenengo, reggaearen debekua etorri zen eta harekin erreakzioak: Euskal reggaezaleek sareak sutu zituzten, baita gerora debekatu zen manifestazio deialdi bat burutu ere. Aldekoak, kontrakoak, sinesgaitzak, sineskorrak, haserretuak, langileak, kritikoak, errespetuzkoak, errespetu gabeak, zaleak, euskaldunak, erdaldunak, atzerrikoak, auzokideak,… denek hitz egin dute RAH talde armatuaz.
Azkenean hemen da haien “bonbazoa”, diseinu paregabeko binilo historiko bat, non euskal musika herrikoia eta doinu jamaikarrak uztartzen diren. Onena ordea harekin oparitzen den egunkari reggaezalea da, askapen mugimendu eusko-jamaikarraren berri guztiak dakarkiena. Zorionak honen atzean lanean ibili diren kolektibo eta taldeei, sustrai sakonetatik primerakoa da enborra! Gora R.A.H. militarra!
Abesti bat: Plastic Bertrand – Ca plane pour moi
Egun, badirudi rock and rollak ez duela dantzatzeko balio, modu lotsatian burua astindu eta hanka mugitzeko besterik ez. Begira zeinen ondo pasatzen zuten 77an Plastic Bertranden abesti mitikoarekin dantzan.
Argi dago telebistako gidoilariek azpimarratu ziotela ikuslegoari dantzatzen ez bazuten ez zutela hamaiketakorik izango.
Urtea agurtzeko abesti bat: Angelic Upstars – Solidarity
Duela gutxi Thomas ‘Mensi’ Mensforth, Angelic Upstars taldeko abeslarik utzi gintuen, Covid madarikatuak jota. Erreferente bat izan zen musika politiko konprometituan, Oi! antifaxistaren aintzindari nagusietako bat izanik.
Doakiola hemendik gure agurra, noizbait langileria hiltzen duen parasito nazkagarri hau desagertzeko esperoan (eta ez naiz birusaz ari). Urte berri ona ez da desirekin etorriko, ekintzekin baizik. Hurrenarte!
Deja tu comentario