Bideo bat: Angelo de Agustine – Time

Telebistako iragarki batean entzun nuen eta itsasi egin zitzaidan. Ez dut gogoan zer iragartzen zuen, eta jakingo banu ere ez nuke aipatuko, baina abestiak zerbait dauka, eta bideoak ere.

Gau luze baten ostean etxera bueltatzean, dena gaizki irtetzen zaizun egun horietako baten amaieran, bainu lasaigarri bat hartzean edo hondartzan botata izarrei begira entzuteko abesti horietako bat da.

Diska bat: Benito Lertxundi – Altabizkar

Orioko bardoa, handietan handiena! Badakit denok ezagutuko duzuela Baldorba, Loretxoa, Erribera eta holakoengatik, baina Benitoren diska hau maisulan puxka bat da eta ezin nuen atal honetatik kanpo utzi. Erdi Aroko sinfoniez betetako diska bikoitza, luze eta landua.

Izpiritua irekitzeko eta aitzinako lurretan barna murgiltzeko kopla ejerrak! Itzaltzuko bardoaren istorioa, Orreagako gatazka, Matalazen kanta, Beotibarko guda eta gure historiako beste zenbait pasarte musikaren bidez kontatuak. Diska hau eskoletan irakatsi beharko litzateke.

Talde bat: Zaïko Langa Langa

Aste honetan bertan ezagutu dudan taldea eta erabat txoratuta naukana. Brigade Locoren “Bizitzaren lehia” bilatu nahi nuen Youtuben eta nahi gabe “bizita” jarri nuen. Orduan talde xelebre honen abesti bat atera zitzaidan eta entzutean flipatu nuen. Egia esan “deskojonatu” nintzen. Esan dezaket afrikar musikan analfabetoa naizela baina grazia egin zidan holako doinuak topatzeak.

Zaïko Langa Langa Congoko talderik famatuenetako bat izan omen zen 80. eta 90. Hamarkadan. Soukous estiloa jorratzen zuten baina modu oso berritzailean. Sebene eta machine ya kauka estiloaren sortzaileak izan omen ziren. Egun, taldekide eta estilo ezberdinak dituzten arren oraindik jotzen jarraitzen dute eta Youtuben bideo kuriosoak dituzte. Hala ere niri abesti zaharrak gustatzen zaizkit.

Hori bai, ordu erdi baino gehiagoz entzuten baduzu burua bonbo bat bezala jarriko zaizu. Eta hori abesti gehienak 10 minutu baino gehiago irauten dutela!!! Oso dantzagarriak dira zati istrumental askorekin eta koro pilarekin. Iada zatitxoren bat abesteko gai naiz, dantzatzearena, ordea, beste baterako…

Abesti bat: Aliento de Perro – Un estadio una cultura más

Argentinarrak eta futbola: bereizi ezin den amodioa. Aliento de Perro punk taldeak ongi azaltzen du abesti honetan. Taldea nahiko kaskarra da eta ahotsa apur bat narrigarria, baina ze kontxo, punka entzuteko belarriak ez dira kontserbatorioan prestatzen, zaratarekin baizik!