Bideoklip bat: The Clayton – Rush Our
The Clayton Aramaixon sortu berri den rock and roll taldea da. Uztailean atera dute haien lehen diska, 9 abestiz osatua. Gitarreoz betetako erritmo aldakorrak jorratzen dituzte riff itsaskorrekin.
Haien lehen aurrerapen abestiaren bideoa Perlata arrasatearren laguntzarekin grabatu zuten. Bigarren hau, ordea, gehiago gustatzen zait. Hala ere diska osoa gustora entzuten da, erabat gomendagarria. Euskaraz zein ingelesez abesten dute eta antza denez, primeran moldatzen dira bietan.
Diska bat: La Rekba
La Rekba 2019. urtean sortu zen Txorroskilo taldeko errautsetatik. Antiguo auzoko eta Usurbileko hirukote honek punk iluna egiten du riff zorrotzekin eta baxuaren presentzia handiarekin. Aurtengo martxoan haien lehenengo EPa atera zuten, doinu zakar eta bortitzez osatutako lau abestirekin. Azken honetan dezente entzuna dagoen punkrock melodikotik irtetzen dira guztiz, post-punk moduko bat eginez.
Comando 9mm, Dellirium Tremens edo Vomitoren antzeko soinua duten arren ez dira inolako etiketekin identifikatzen. Euskal underground eszenak bizirik dirauenaren eta handitzen doanaren erakusle garbia. Ea gaztetxeen zirkuitoa lehen baitlehen martxan jartzen den berriro holako taldeetaz haien habitat naturalean gozatu ahal izateko.
Talde bat: The Highwaymen
The Highwaymen country musikako supertalde estatubatuarra izan zen, outlaw country azpigeneroan aitzindariak izan ziren lau abeslari famatuk osatua: Johnny Cash, Waylon Jennings, Willie Nelson eta Kris Kristofferson. 1985 eta 1995 bitartean, taldeak hiru album garrantzitsu grabatu zituen, sekulako arrakasta lortuz.
Lehenengo ikuskeran estatubatuar musikaren topikoetan topikoena dirudi: countrya egiten duten lau super-izar sendo, erritmo moteletan haien ahots paregabeaz elkarrekin gozatuz. Ziur yankee askori zakila zutitzen zaiela kanta hauek izar eta barradun banderatxoz inguraturik abestean. Hala ere, “far west”-eko pistolero herbesteratu nomada horien izpiritu errebeldea somatzen da kantuetan eta koplek herritar xumeei kantatzen diete. Besteak beste, Woody Guthrieren bertsio bat ere badaukate.
Soinu banda bat: Time of my life
Joan den astean Dirty Dancing filma ikusi nuen eta egia esan gozatu nuen bertan entzuten ziren abesti batzuekin, baita aktoreek dantzatzeko duten gaitasunarekin. Pelikularen gidoia sekulako ñoñada bat da, baina joder, zelako gogoak piztu zitzaizkidan dantzatzen ikasteko.
Kokoteraino nago beti burua astintzeaz, hankarekin erritmoa eramateaz eta barrako izkina batetik dantzariak enbidiaz begiratzeaz. Beno, egia esan, egun tabernetan entzuten den zaborra ezta jakinda ere ez nuke dantzatuko. Akaso bizpahiru kubatarekin gainean…
Deja tu comentario