Abeslari bat: Enzo Jannacci
Hemen duzue italiar musikak eman duen tipo polifazetikoenetako bat. Bertan aski famatua den Enzo Jannacci medikuntza ikasi eta kirurgialari bezala ibili zen urte askoz lanean. Dena den honek gustoko zuena abestea zen: lana utzi eta tabernetan jazz musika jotzeari ekin zion.
Bere lehenengo diskekin segituan irabazi zuen izena, kabaret edo clown rolloko ez-ohizko musika alai eta satirikoa egiten. Bigarren mundu gerla osteko abeslaririk entzunena izan zen penintsulan eta abesteaz gain konposatzaile, aktore eta kazetari bezala aritu zen. 20 diska baino gehiago eta berari eskainitako liburu ugari bizkarrean zeramatzalarik 2013an hil zen. Iada ez dago holako musikaririk…
Talde bat: Giuda
Italiarrak diren arren soinuagatik hirurogeigarren hamarkadako talde ingeles bat dirudite. Slade edo Sweet bezalakoak entzun dituztela nabari da. Elkarrizketa batean ziotenez, heuren rockak 60. hamarkadako “bubblegum” edo 70ko glam rock musikaren eragina du.
Giuda 2007an sortu zuten Taxi taldeko kide ohiek. Taldea sortu eta hiru urte beranduago “Racey Roller” lehen lan luzearekin Europako underground eszenan lekua hartu zuten. Geroztik ez dira geratu eta gauzak bere onera badatoz seguru berriro guretik hurbil ikusteko parada daukagula.
Abesti bat: Errobi – Gure lekukotasuna
Iparraldeko musika aipatzean kantu herrikoiak, pastoralak edo aspaldiko doinuak datozkigu burura, baina askok ez dakite bertan hasi zela euskal rock and rolla. Niko Etxart zuberotarrak edo Errobi lapurtarrak izan ziren gitarra elektriko batekin euskaraz abestera ausartu ziren lehenak.
Guraso eta aiton-amonen doinuak, atzerritik zetozkien soinu gazteekin nahastu zituzten. Anje Duhalde eta Mikel Ducau izan ziren Errobiren sortzaile eta partaide nagusiak, 1973tik 1985ra bost lan luze sortu zituztenak. Gerora Hegoalden Haizea edo Itoiz bezalakoak etorri ziren eta nolabaiteko rockaren loraldia izan zen lur baskoietan. Honek ordea bereizgarritasun bat izan zuen nazioartean egiten zen musika hippie, rock progresibo edo sinfonikoarekin alderatuta. Izaera nazional eta klase kontzientzia argia zuen, horren lekuko da Errobiren tematzar hau.
Bideoklip bat: Fatz Waltz: Good time is callin´loud
Glam “makarroniarekin” jarraitu eta ia amaitzeko, hemen duzue aurrekoen antzeko musika egiten duten batzuk, Faz Waltz. Urte berean sortu ziren gainera. 70. Hamarkada bizi ez eta nostalgikoki gogorarazten duten horietakoak dirudite baina abestiak kañeroak dira, pub musika bikaina. Soinua lortua dago eta bideoa erabat xumea den arren, ez dakit zergatik, gustatu zait.