Talde bat: Accidente

Hardcore melodikoa eta punka gustuko badituzue hona hemen talde interesgarri bat. Haien letrek ildo politiko argia jarraitzen dute, anarkistak, feministak eta antiespezistak baitira, modu militantean. Hala ere, ideologiaz haratago arazo sozialak jorratzeko sentsibilitate berezia duen taldea dela uste dut. Sekulako letrak dituzte, oso sakonak; batzuetan pertsonalagoak, bestetan orokorki gizarteari buruz mintzatzen direnak.

Madrilgo okupa eta garajetan jaio ziren arren, lau diska kaleratu ostean nazioarteko underground eszenara zabaldu dira. Lehenengo hiru CDak erabat gomendagarriak, laugarrenari buelta batzuk zor dizkiot.

Residente – René

Autoerretratu musikala, aspaldi ikusi dudan sentikorrena. René Pérez Joglarrek bere bizitza kontatzen du abesti batean. Otsailean kaleratu zuen arren koarentenan berriro grabatu du bere amaren parte hartzearekin eta emaitza oso potentea da. Tipoa Calle 13 taldeko abeslaria izan zen eta idazle fina dela argi dago: “Latinoamérica”, “Gerra” edo “Así de grandes son las ideas” abestiak gomendatzen dizkizuet.

Kalekumea den arren gaur egun mundu mailako izar bihurtu da, Grammy ugarirekin poltsikoan. Hala ere, beti mantendu du bere izaera errebeldea, inperialismoaren aurkako eta amerikar indigenen aldeko abestiekin.

Diska bat: Juventude Maldita – Germinal

Brasildar punk-oi! talde hau diska honekin ezagutu nuen. Behin entzun eta abesti batzuk buruan itsasi zitzaizkidan berehala. Juventude Maldita 1997an sortu zen São Paulon, izaera antifaxista markatuarekin. Lan luze hau 2006an atera zuten eta gerora Europan tour batzuk egin dituzte: Alemania, Txekiar errepublika edo Serbian egonak dira esaterako.

Egia da diska oso homogeneoa dela, abeslariak ez duela ez ahots ez erregistro handirik eta konposaketak oso xumeak direla. Uste dut akorde konbinaketa berdinekin hiruzpalau abesti dituztela. Dena den , diska gustatzen zait (punkaren magia!). Album honetatik kanpo halaber ez dut taldea asko entzun, abesti “infumable” batzuk dituzte, baina “pendiente” daukat arratsalde bat oi! brasildar rollotik nabigatzen. Hego-amerikar punk eszena ez da oso mamitsua baina behin edo behin tematzarrak azaltzen dira.

Bilduma bat: Bat, bi, hiru… hamar!

Rock erradikalak sekulako mitoak utzi dizkigu euskaldunoi. Rocka eta zarataren zaletuontzat eminentzia bihurtu diren bandak. Hala ere hauen itzalek askotan ezkutuan utzi dituzte ez hain ezagunak diren garaiko beste talde batzuk. Hemen uzten dizuet nire gaztetasuna markatu zuen disketako bat. Bilduma honetan, talde eta abesti mitikoekin batera bigarren planoan geratu diren talde interesgarriak aurkitu ditzakezue. Egin egunkariak 1987an bere hamargarren urteurrena ospatzeko atera zuen bilduma da. Orain talde hauekin jaialdi bat egingo balitz ez legoke lekurik bilduko lukeen jendetzarentzako.