Abeslari bat: Michael Kiwanuka

1987an jaio zen Londreseko langile auzo batean, gurasoak jatorriz ugandarrak izanik. 12 urterekin amaren aurrezkiei esker gitarra bat lortu ahal izan zuen eta ordutik ez da sei soketatik urrundu. Egun, Ingalaterran eta mundu mailan aintzatetsia da bere ahots ederragatik.

Bere abestiak nostalgikoak izan ohi dira, tristeak askotan eta motelak gehienetan.  Kantautoreen ohiko bakardadearenganako tendentzia somatzen da haren bideoetan. Bere konposizioetan gainera musika beltz sentikorrenak nahasten ditu: groove, soul, blues edo rocka esaterako. Estekan uzten dizuedan “One more night” da nire gustokoena; bideoa nahiko kuriosoa da baita.

Abesti bat: Pigalle – Dans la salle du Bar-Tabac de la Rue des Martyrs

Bideoen irudiei erreparatu ezean doinu guztiek nolabaiteko imaginario bat sortzen digute. Niri honekin mozkorti bat datorkit burura Pariseko karriketatik porrotarekin dantzan, erortzeko tokirik ez daukalarik. “Pigalle” taldearen atzean François Hadji-Lazaro izkutatzen da, Les Garçons Bouchers taldeko abeslari ohia.

Tipoak hogei instrumentu inguru jotzen ditu eta gaztetan maisu lana utzi zuen metroan txanpon eske jotzera joateko. Orain bakarlari bezala jotzen dabil, baina aktore bezala ere ibili da zenbait pelikulatan.

Abesti bat: Txiltxoko – Zugaz

Abesti batzuek ez dute ezer behar sentipen leherketa bat sorrarazteko. Gustoko estiloetatik haratago doan sentsazioa da, aurreiritziak ezabatu eta doinuarekin dantzan eramaten gaituena. Niri horrelako zerbait gertatu zait honekin, aste batez ezin izan nuelako burutik kendu. Hala ere, oraindik ezin izan dut letra deszifratu.

Oiartzungo bikote hau traparen influentziaz baliatzen da bere lokalean estilo anitzeko baseak sortzeko eta euskara zein erdara nahasten dituzte haien kopletan. Egia esan gainontzeko abestiak ez zaizkit gustatu; onartu behar dut estilo hau nahiko gurutziltzatua daukadala baina latinoen jergaren imitazio hori, oiartzundarrak izanik, erabat arrotza iruditzen zait. Uste dut euskaraz abestuko balute emaitza interesgarriagoa izango litzatekela.

Talde bat: Xat Tpik

Greziar Oi! talde fina. Letrei dagokionez ez dut tutik ere ulertzen baina fidatzen naiz. Lehen aldiz entzutean Brigada Criminalen bertsio heleniarra iruditu zitzaidan. Tematzarrak dituzte, batzuetan ahotsa eta hizkuntza arraroak egiten diren arren. Niri abesti zaharrak gustatzen zaizkit gehien, estekan jarri dudan diskakoak hain zuzen. Hala ere haien azken bideoklipa ere gomendatzen dizuet (Σκληρή) istorioa originala, zuzena eta landua baita, oi! taldeen bideoetan askotan faltan botatzen den zerbait, hain zuzen.