Talde bat: Larru Beltzak

Aire freskoa euskal punk-rockaren maitaleontzat. Oñatiko boskote hau 2019an elkartu zen taldea egiteko, baina ez dago dudarik taulak dituzten musikariak direla: Sospechosos, Golpe de Estado, Banda Munizipala, Papalagi, Antihumano eta CC627 taldeetan ibiliak dira.

“Nork epaituko du epailea” da haien estreinako lana, 2021ean kaleratu zena. Fran Perezen Itxura estudioetan grabatutako zortzi abesti potente, krudeltasuna eta melodia gustu onez nahasten dituztenak. Zuzenean jotzeko irrikitan daudela dirudi.

Abesti bat: The green fields of France

“No Man´s Land” da kantuaren izen originala. Eric Bogle, Eskozian jaiotako australiarrak idatzi zuen 1976an lehenengo Mundu Gerlan hildako gazteak buruan zituelarik. Flandeseko hilerri ikusgarriak bisitatzean bururatu zitzaion.

“The Last Post” eta “The Flowers of the Forest” heriotza martxa militarrak aipatzen dituen arren, abestia gerlaren aurkako kantu argia da. Doinu triste bezain ederra, gazte batek bere momenturik onenean bizitza uzten duen une horri buruz hitz egiten duena. Bertsioa irlandar telebistan ateratako “Ireland’s Favourite Folk Song” saioan azaldutakoa da, Niall Hanna eta Niamh Farrellek interpretatua.

Abesti bat: Paul Simon – Mother and child reunion

Rolling Stone aldizkariak munduko kantautorerik onenetariko bat bezala izendatu zuen. Nik orain arte Arthur Garfunkelekin duoan abesten bakarrik entzuna nuen, “Simon &Garfunkel” izen famatu pean, eta ezin ukatu paregabeak direla. Honako abesti hau Los Simpsons-en entzun nuen, Homerren ama bueltatzen den kapitulu berri horietako batean, eta mundiala iruditu zitzaidan.

Ama eta semeaz hitz egiten duen rocksteady miragarria. Zenbat kantu eder deskubritu ditudan serie honi esker…

PD: Los Simpsons inoiz egin den marrazki bizidun telesailik onena deritzot, urteak pasata are eta gehiago gustatzen zaidana.

Bideoklip bat: Apartamentos Acapulco – Y tú en Barcelona

Hasiera batean inoiz entzun dudan talderik “demakratuena” iruditu zitzaidan, abesti gehienen tempoa ezin eta motelagoa baita. Haien ezaugarri nagusia rever eta sintetizadoreen abusuzko presentzia da.

Efektuekin jolasean ordu pila pasa dutela somatzen da, eta egia esan haien soinua nahiko astuna egiten da. Abesti asko “infumableak” direla ez dizuet izkutatuko, baina hau konkretuki salba daiteke. 2015ean Angelina Herrerak (ahotsa eta teklatuak) eta Ismael Camarak (ahotsa, gitarra eta teklatuak) sortutako taldea da.

Bikote bezala hasi ziren arren zuzenekoekin hastean taldea zabaldu zuten beste zenbait musikari gehituz. Slowdive, Galaxie 500, The Jesus and Mary Chain edo Los planetas bezalakoen eragina duten arren soinu bereizgarria dute.