Diska bat: The Hairdryers – Obsessions

Hairdryers 2011an La Costeran (Valentzia) sortutako streetrock-oi! taldea da. 2014ean haien diska labur bakarra atera zuten, Obsessions, 5 abestiz osatua. Ez nago ziur oraindik jotzen duten, egia esan taldea oso aktiboa ez dirudielako eta diska aurkezteko kontzertu gutxi batzuk soilik eman zituztelako, antza. Hala ere, lan hau paregabea iruditzen zait. Doinu melodikoak baina toke makarra batekin.

Badlands eta Templarsen arteko nahasketa bat lirateke, Oi! melodikoa eta rockaren arteko nahasketa landua, musikari onekin gainera. Soinuak ere berezitasuna du, rollo nostalgikoa bilatu dute. Saxoa eta pianoa ere sartzen dituzte “Heat Guns” abestian. Eskola zaharreko jendea, binilo eta tatuajezaleak.

Bideo bat: Lur barnea – Azken esperantzaren guda

Noaingo batailaren harira Lur Barnea talde sortu berriak Azken Esperantzaren Guda bideoa argitaratu du, garaiko bataila grafikoki deskribatuz. Albokaren doinuek eta marrazkiek oso rollo epikoa ematen diote. Ilustrazioak Martintxo Altzueta aldizkariko kolaboratzailearenak dira, sekulakoak, nola ez.

Talde bat: Bilbomatiks

Taldea 2007an jaio zen arren 2015 arte ez zuten haien lehenengo (eta azken) lana atera. Urte potente batzuk izan zituzten baina gerora disolbatu eta beste proiektutan sartu ziren. Akatz handien anaia-arreba txikiak dira, talde fin eta landua, rocksteady, ska eta reggaea modu txukunean nahasten dituena. Bilboko skinhead eta reggae eszenaren militante zaharrak dira, beste talde zein kolektibotan ibili izan direnak.

Pintxada eta soundsystem giroan hezitako jendea, oso jatorrak gainera. Gaur egun Pantx Records jamaikar musikaren zigiluaren kudeaketa daramate eta haietako batzuek ere Pagasarri Ska All Stars sortu zuten, noizean behin eszenatokiak astintzeko. Haien “hit” nagusia uzten dizuet, “Karola”. Gozatu!

Abesti bat: La Arrolladora – Cuéntame

Ez dakit nola demontre deskubritu nuen talde hau baina flipatuta utzi ninduen, ez musikalki txoratu ninduelako, bai zera, haien rolloa barregarria iruditu zitzaidalako baizik. Txaranga erraldoi moduko bat da abeslari eta guzti. Gero ohartu nintzen “Banda Sinaloense” deitzen zaiela mota honetako taldeei. Antza denez Mexikon ohikoak dira eta pila bat daude.

Hauek konkretuki super-izarrak direla dirudi, bestela ikusi haien zuzeneko bideoak. Futbol zelaiak jendez lepo betetzen dituzte!! Izen osoa “La Arrolladora Banda El Limón de René Camacho” da. René hori biboteduna dela esango nuke, ze klarinetejole xume bat izateko beti erditik dabil bideoetan.

Ez ditut asko entzun, nahiko astunak egiten baitira eta haien letrak zabor galanta direlako, amodiozko tontokeri horteroak… Baina “Cuentame”, “Media naranja” eta “Suata” tematzarrak dira. Txarangeroa bazara, gustatuko zaizkizu!