Abeslari bat: Ashley Cambpell

Kantautorea, abeslaria eta banjista. Hiru rolak country modernoa konposatzeko eta trebetasun handiz interpretatzeko ilusioarekin uztartzen ditu. Glen Campbell, bere aitarekin batera egindako lanak egin zuen ezagun, honek mundu osoan berarekin banjista, teklista eta bokalista izateko aukera eman baitzion.

Orain Ashleyk bere bakarkako ibilbideari ekin dio eragin ugarirekin: rootsy folk eta country-pop soinuak alegia. Bi diska ditu Youtuben zintzilikaturik, oso entzungarriak direnak. Gustatzen bazaizue irailak 10ean Tafallako Kulturgunean joko du, ez galdu aukera.

Diska bat: Straw Dogs: Dogs life

Oi! musikaren nostalgikoentzako altxorra! Eskoziar oi! talde ezezagun honek 1981ean atera zuen bere ibilbideko EP bakarra “Dogs Life” izenpean. 2017an Evil Recordsek edizio berritu bat aurkeztu zuen. Honetan, ordea, 82an taldeak grabatu zituen beste bi abesti bitxi sartzen dira.

Dudarik gabe “All the lads”, diskako bigarren abestia da onena, sekulako tematzarra! Youtuben izena bilatzean kontuz ibili, beste oi! talde ingeles bat dagoelako izen berarekin, Londresekoa, zerikusirik ez duena eta oso kaxkarrak direnak.

Abeslari bat: El Cabrero

José Domínguez Muñoz “El Cabrero” andaluziar flamenkoaren abeslaririk esanguratsuenetako bat da. Ezizena, musikari famatua izan arren gaur egun oraindik burutzen duen ahuntzain lanetik datorkio. 80. hamarkadan flamenkoaren erreferente nagusienetako bat izan zen eta errekonozimendu ugari eman dizkion karrera luze baten ostean, iaz iragarri zuen abesteari utziko ziola azken bira handi batekin.

Aitortzen dut ez naizela ni flamenko puruaz gozatzeko jaioa, baina bere letrak izugarriak dira. Jornalari eta langileei abesten die, tirania eta jerarkia sozialen aurka norbanakoaren askatasuna goraipatuz. Marinaledan kale bat dauka bere izenarekin eta CNTko kide izan zen urte askoz. Beti ibili da mugimendu anarkistaren aldeko ekimenetan parte hartzen.

Frantziar komunikabide batek bere bizitza kontatzen duen dokumental bat egin zuen baina sekula ez da emititu espainiar telebistan. Zerbaitengatik izango da… Honako abesti hau Marea taldeak bertsionatu zuen, ziur letra ezaguna egiten zaizuela.

Bertsio bat: Bob Andy – The games people play

Nire “reggae cover” gustokoenetariko bat. Joe Southen bertsio bat da, Bob Andyrena. Bob Andy, jatorrizko izenez Keith Anderson, txikitan etxetik ospa egin zuen amak jipoitzen zuelako eta bere kabuz pianoa ikasi eta elizako koroan sartu zen.

Berehala nabarmendu zen bakarlari bezala eta lehen diskatik, iaz hil zen arte, asko izan dira sortu dituen tematzarrak. Beste artistentzako ere letrak idatzi zutuen, baita abestiak konposatu edo kolaborazioak egin. Marcia Griffithsekin abesten ibili zen, esaterako. Baina horretaz hitz egingo dugu beste aldizkariren batean…