Diska bat: Greta Van Flet – From the fires
Greta Van Fleet azken hamarkadan sortutako estatubatuar taldea da, Michiganekoa. Led Zeppelinen influentzia zuzena dutela esan daiteke eta hard rocka, rock and rolla eta bluesean oinarritzen dira musika egiteko, dena itxura “hippie” xelebre batetaz lagunduta.
Istrumentalki sekulako artistak dira, hala baieztatu dut haien zuzenekoen bideoren bat edo beste ikusten. Ahotsari dagokionez, zer esanik ez: flipatzekoa. Antza denez nazioartean aski ezagunak dira telesail batean haien abesti bat azaldu zenetik. Pertsonalki diska hau sekulakoa deritzot. Erritmo guztietatik eramango zaitu psikodelia dantzagarri batean murgildurik. On egin!
Abesti bat: Drakkar – Ocaso
Viking-rockaren zaleentzako zarata pixka bat. Valentziako Castello hiriko taldea, ingelesez zein gazteleraz egiten duena. Egia esan ez dut gehiegi entzun, momentuan gainontzeko abestiek ez nindutelako asko erakarri, baina honakoak sekulako indarra daukala uste dut. Gerora haien elkarrizketa batean deskubritu nuen Väringarnaren bertsio bat dela.
Ez dakit soinuagatik izan zen ala gitarraren punteo errepikakorragatik baina zeharo harrapatu ninduen. Letrak bikingoen topikoetaz hitz egiten du: jainkoak, aizkora hotsak, gerlarien patua eta topiko guzti horiek. Valhallako bidea hartzeko doinu paregabea.
Talde bat: Fiebre
Laurogeigarren hamarkadan dena ez zen punka Euskal Herrian. Baziren denetariko taldeak eta oso interesgarriak gainera. Rock erradikalaren itzaletan sortutako haietako bat Fiebre iruindarrak dira. Motos taldeko kide ohiek sortutako proiektu bat izan zen. Rocka egiten zuten, gehigarririk gabe baina saxofoi batez lagunduta. Haien kurrikulumean 1987an grabatutako diska bakarra aurkitu dezakegu, “¿A dónde vas?… patatas traigo” izenekoa.
Oihuka zigiluarekin atera zuten, nola ez, Marino Goñi disketxearen sortzailea bera taldekidea baitzen. Influentziei dagokionez elkarrizketa batean Mink DeVille, Huey Lewis, Southside Johnny edo Elvis Costello bezalakoak entzuten zituztela zioten, baita Iruñan modan zegoen heavy gailenduaz haratago joan nahi zutela. Gutxira taldea desegin eta Balerdi Balerdi sortu zuten, proiektu interesgarria baita ere, euskaraz gainera.
Abeslari bat: Fabrizio de André
XX. mendeak eman zuen kantautore esanguratsuenetariko bat, olerkigintza eta literaturaren maisu paregabea. Benito Lertxundiren bertsio italiar moduko bat litzateke. Haren letretan gizarteak baztertutako pertsonaiei eta galtzaileei buruz mintzatzen zen, baita neguaz, landa munduaz, heriotzaz edo eguneroko kontuetaz, modu xume baina zoragarrian.
Bere ahots baxu eta liluragarriak bereizgarri egin zuen. Italieraz zein ligurieraz (Italiako iparraldeko erromantzea) abesten zuen, 60. hamarkadako frantziar kantautoreen influentzia zein musika mediterranearraretik abiatuta, beste estilo anitzetara joanez. Italiar kulturaren pilaretako bat kontsideratu daiteke eta 1999an hil ostean haren izena jarri zioten hainbat kale eta eraikinei.