Diska bat: Skin Deep – More than Skin Deep
Kaskamotzen musika zarata eta orroak baino askoz gehiago da. Horren adibide da ska, powerpop, soul eta punka uztartzen zituen talde ingeles hau. 3 urte bakarrik iraun zuten, non soilik 20 kontzertu inguru eman zituzten eta diska bakarra atera.
Hala ere skinhead eszenan aztarna ezabaezina utzi zuen talde bereizgarri bihurtu da. Doncasterreko boskoteak, haien elkarrizketa batean bota zuen esaldi honek asko esaten du haietaz: “Not ska enough for the rude boys and not punk enough for the oi! boys”.
Bertsio bat: Prezioso & Marvin – Voglio Vederti Danzare
Gogoan duzue tematzar hau? Milenio hasierako uda zoragarri horiek dakarzkit gogora. Bideoklipa gozada bat da, zelako itxura duten tipoek… Trapitxero, txungo edo mafiosoak dirudite, burusoilak batez ere. Sekulako barreak bota nituen ikustean. Bertsio originala Franco Battiatorena da.
Bideo bat: Dorian – La Tormenta de arena
La Inquisicion punk taldearen bertsio batengatik ezagutu nituen hauek. Hasieran kaka hutsa iruditu zitzaizkidan arren (indie espainarraren gehiengoarekin gertatzen zaidan bezala), baina gero zerbaitek erakarri ninduen eta konturatu orduko haien «Diez años y un día» diska behin ta berriz entzuten nenbilen.
Musika melankolikoa da eta abesti asko gaupasa eta gau eroei buruz mintzatzen dira modu melankolikoan. Egun euritsu eta grisetan gustora irensten dira. Bideoaren istorioak bigarren zatia ere badu.
Talde bat: Triana
Irabiagailuan Camaron de la Isla eta Deep Purple sartuko bagenitu horrelako zerbait aterako litzateke. Triana 70. hamarkadak eman zuen gaztelerazko musika talde esanguratsuenetako bat izan zen, flamenkoa eta rock progresiboa nahasteko izan zuten ahalmenagatik.
Ahotsak flamenkoaren kutsu zuzena zuen, musikari dagokionez, ordea, garaiko rock psikodelikoan egin ohi ziren erritmo aldakorrak sartu zituzten: punteoz beteriko eta organoaren presentzia nabariko abesti luzeak, alegia. Zazpi diska atera zituzten, haietako bat zuzenean.
1983ko uholdeak zirela eta, Donostian egin zen elkartasun jaialdi batean parte hartu ondoren, Jesús de la Rosa Luque (taldeko teklista, ahotsa eta konposatzailea) auto-istripu batean hil egin zen Villariezon, taldearen amaiera markatuz. Egun rock andaluziarraren mito bihurtu dira.