Diska bat: Asgarth – III

Asgarthen abestien zerrenda gorena egin beharko banu diska hontatik kanpoko pila sartuko nituzke. Dena den, lehenengoz entzutera animatzen bazarete, baduzue nondik hasi. Diskak soinu bereizgarria du eta tematzar dezente dauzka. Taldeari dagokionez, 90. hamarkadaren amaieran sortu zen, euskal heavy metalaren bigarren loraldian. Segituan bihurtu ziren erreferente eta hamar urtez egurra ematen ibili ostean 2007an istrumentuak gorde zituzten.

Pandemia puta honek haien itzulera eten zuen iaz, lozorrotik esnatu eta lan berri batekin taulagainera bueltatzeko asmoa baitzuten. Ondo legoke Asgarth kontzertuetara jaustean, euskal eszena ileluzea haiekin berpiztea ere, aspaldi ez baitira ikusten melenak jauzika lehenengo lerroetan. Agian zaleak bururoil geratu dira, edo kaskamotz bihurtu.

Abesti bat: The Uski´s – Horrelako

90. hamarkadarekin jarraituz, hona hemen The Uski´s talde bizkaitarra, surferoetan surferoena. Ez ditut asko entzun baina kuriosoa iruditu zitzaidan abesti hau, haien ezagunena antza denez. Doinuak olatuen joan-etorria ekartzen du burura.

Estrofak surf taula gainera eramaten gaitu, itsasoarekin dantzan olatu handiaren esperoan tentsio uneak bizitzeko. Azkenik itxarondako enbata heltzen da, koroz betetako estribilloa hain zuzen. Egin dantza, praktika galtzen da eta.

Talde bat: Badlands

Skinhead rock and rolla gustoko baduzue hona hemen Herberehetako talde mitiko bat. Tematzar pila dituzte, urrezko akordez betetako melodia itsaskorrekin. Abesti gehienetan antzeko formulak darabiltzaten arren bakoitzak badauka bere sena, eta gitarreoak paregabeak dira. Badituzte oi! estilora hurbiltzen diren kantuak, zein lasai edo ilunagoak diruditenak.

Ni ereserkiekin geratzen naiz: “False gesturies”(2001), “Hands of time” (2003) edo “The Killing Kind” (2004) disketako kanta gehienekin, alegia. Azken diskek rollo ezberdina dute, akorde triste edo minorren presentzia gehiagorekin. Iada ez daude aktibo, edo hala uste dut. Victor Nefkens zen sortzaile eta liderra, taldearen ibilbidean zehar uneoro norabide musikalaren gidaria izan zena. Soultammer taldean eta bakarlari bezala jotzen ibili eta gero ez dakit zer izan den berataz. Sekulakoa litzateke tipoak konfinamenduarekin gaztetako kantak jotzeko grina berreskuratu izana eta guzti hau amaitzean Badlandsekin berriro taula gainera igotzea.

Talde bat: OK Korral

Euskabilly erradikala, 1985. urtean Zarautzen sortua. Bi lan luze grabatu zituzten, “OK Korral”(1986) eta “Beti gogor, beti mozkor”(1988), urte batzuk aktibo ibili ostean bidea eten zuten arte. Hainbat estiloren nahasketa jorratu zuten: r´n´r, psycho, country, garaje… bertsioren bate do beste barne. Hala ere esan daiteke aintzindariak izan zirela aspektu askotan Euskal Herrian.

Hasteko, eta gurean gertuko adibideak ditugun arren, ez direlako asko euskarazko rockabillya jotzen duten taldeak entzuteko aukerak. Baina OK Korral berezigarria izan bazen bere emakume ahotsarengatik izan zen. Gutxi ziren, eta gutxi dira oraindik euskal rock adn rollaren barnean mikrofonora hurbiltzen diren neskak. Tristeki 2013an hil zen Lou Olangua, baina espero dezagun berak irekitako bidezidorra neska askoren ibilbide izatea.